Mikel Taberna
Apirila. Oroitzen naiz Sarak poema bat oparitu zidala aspaldi: Apirilari gorazarrea. Joseba Sarrionandiarena. Izuen gordelekuetan barnakoa. Ez dakit zergatik izan zen berezia apiril hura Sara eta biontzat. Oroitu beharko nuen. Honela zioen poetak, lehenbiziko lerroetan: Apirilean du laborariak garagarra, lursagarra eta bazkabelarra ereiten. Sarrirentzat ere zerbaitengatik izanen zen berezia. Ezin jakin idazlearen arrazoi gordeak. Aurtengo apirilak ere arrasto sakon bat utziko dio, noski. Iaz euskaraz idatzitako lanen artean, Espainiako Kritikarien Elkarteak saria eman baitio, Lagun izoztuarengatik. Dagoen lekuan dagoela, ospatu izanen du, dudarik gabe (Ostatuetan horditzen dira indiano zaharrak, eta aisa eranzten dira gauetan nesken alkondarak, segitzen zuen poeman), nahiz eta aditu behar izan dituen ez-izan-eta-bai-uste zenbaiten espantukeria batzuk.
Kirmen Uriberi ere sari bera eman diote, poesia arloan. Txori-onak berarentzat ere! Kirmen harat-hunat dabil, eta Iruñeko Zaldiko Maldikon izan zen berriki. Ez nuen ikusi. Etxekoentzat afaria prestatzeko tenorea eta kultur ekitaldien ordua pare-parean izaten dira ia beti. Gitarrista eta marrazkilaria lagun zituela aritu zen. Mariari izugarri gustatu zitzaion emanaldia. Joxe kritikoxeago mintzatu zitzaidan: ongi, baina are gehiago landu beharko genituzke jendaurrean agertzeko xehetasun guziak. Kontua saiatzea dela erantzun nion nik. «Forma berriak probatu behar dira» erraten du Kirmenek. Mikel Urdangarinekin ere aritua da. Izan nintzen Bar Puerton, Gayarren. Afaria lehendik prestatua utzita. Bar Puerton ez ezik, gustatuko litzaidake ostatu gehiagotako txokoetan ere poetaren ahotsa aditzea eta paretetan poemak irakurtzea. Hitza biziarazteko forma berriak probatu behar dira. Forma guziak.
Bitartean heldu eskutik sarituan ere aipatzen da apirila: Apirila. Urtu da Volga ibaiko izotza. Hasi dira nabigatzen baporeak hilabete lehenago gurdiak igaro ziren leku beretik. Anton Txekhov Sajalin-era abiatu da. Irla kartzelara. Izena jarri nahi dio infernuari. Presondegi bihurtutako irla-infernu hartatik itzuli eta handik urte batzutara hil omen zen Anton Txekhov, idazle errusiarra, berrogeita lau urte eskas zituela. Sorgin lana ematen du! Lerro hauek idazten ari nintzela, apirilean oraindik, adin berarekin joan zaigu Txomin, koadrillako adixkidea. Ezin izan genion eskutik heldu adio errateko momentuan. Berarekin geundelarik, ez zen bertsorik falta izaten gure bileretan, baso bana eskuan. Beharbada Xanpunekin ariko da punttuka orain, Txekhov harritua begira dutela.
Abril, Jon. Halaxe du grazia Berako kulturgile eta kazetari batek, aldizkari honetan berean idazten duenak. Kartzelan sartzeko eskatu dute, Ttipi Ttapa telebistarako grabatu zituen irudi batzuetan polizien autoen matrikulak ageri zirelako. Hoa Audiencia Nacionalera esplikatzera zer den Ttipi Ttapa! Egunkarian Koldo Almandozek idatzi zuena iruditzen zait poliki errana: «Mirandatik beheiti ezin pixa kalean egin. Atxilotu gaitzakete Espainia inundatu nahi dugulakoan». Hitzezko eta hatsezko pareta bat egin beharko dugu, deskuidoan (agian ere ez!) Jonen bila etortzen badira, harrapa ez dezaten.
Catorce de abril ere izan dugu. Espainiako Errepublikaren eguna. Nafarroan ordea, egun hartan errege bat koroatu genuen: Amets Arzallus, hirugarren aldiz, Nafarroako Bertsolarien Txapelketan. Doneztebeko frontoia ez da Donostiako Belodromoa, baina han bezalaxe, ez al da harrigarria mila pertsona hiru ordu eta erdiz hitz biluziaren haritik zintzilik edukitzea? Harrigarria, baita ere, bertsozale jendearen ahalmena, etengabe saiatzen, forma diferenteak probatzen, berritasun guzietara egokitzen, aldaketen zurrunbiloak irents ez ditzan.
Gauza gehiago ere izan dira apirilean: Sarako Idazleen Biltzarra (poisson d’avril egunean!); Poesiaren eguna Senperen: 120 olerkari, bazkari baten inguruan, bakoitzak bere poemak platerean eta guzionak liburu batean; Liburuaren Nazioarteko eguna, hogeita hiruan, egun horretan eta urte berean hil bide zirelako Shakespeare eta Cervantes ospetsuak, ahantzi gabe gure Axular ere apirilean hil zela!; edo Nafarroaren Eguna Baigorrin…
Makina bat ekitaldi eta gertakari hilabete baten adarretan korapilaturik. Apirila ez da hilik atseginena, baina krudelena ere ez, eta ez diot gorazarre gehiago eginen.
Nabarra aldizkariaren 14. zenbakian argitaratua, 2002ko maiatzean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina