Mikel Taberna
«Saizarbitoriaren eta horien lanak irakurri eta neure buruari galdezka hasten naiz, zer ari naizen ni deus idazten. Ez naizela sekula horien mailara ailegatuko. Ez duela merezi saiatzea. Hobe nukeela bertze zerbaitetan hasi». Horrela aritu zitzaidan solasean lehengo batean idazle ezagun bat, kafe bat hartzen genuen bitartean. Horrelako krisialdittoak izaten dituela tarteka. A, ze panorama!, pentsatu nuen nire baitan, berak hori uste badu, zer erran behar ote dut nik! Nik konbentzitu beharrik izan gabe, ordea, aitortu zidan orain arte beti lortu duela zalantza zulo horietatik ateratzea. Eta segitzen duela idazten (hagitz ongi, gainera!).
Etsipenari aurre egiteko edabea, bere kolkorako eginiko hausnarketan aurkitu du. Ospe handiko idazleak goi-mailako sukaldariak balira bezala hartzen ditu. Osagaien kalitatea, haien arteko konbinazio sinestezinak, begietarako ere lortzen duten itxura paregabea… Bera, ordea, etxekoandre «arrunt» bat da! Baina, aizu!, berari ere nahiko gauza goxoak ateratzen zaizkio sukaldean! Bera ere oso harro dago prestatzen dituen platerekin! Eta, gainera, bere mahaira hurbiltzen direnei gustatu egiten zaizkie berak prestatzen dituen janari horiek! Eta halaxe erabaki du ez dugula zertan denok goi-mailako sukaldari izan, eta berak ere bere txokoa merezi duela euskal literaturaren sukaldean.
Nik, berriz, idazle kategoria horien kontura, hizkuntzaren landan sortzen den landaretza bezala ikusten dut literatura. Lehenbizikoak idazten hasi zirenetik, pasa den denboraren poderioz, gaur egun izaten ahal diren maila guziak ageri dira bertan: tamaina eta kolore guzietako belarrak, zuhaixkak, arbola ttikiak, arbola handiak… Landare guziak elkarren ondoan, elkarren kontra, baina, baita ere, denak elkarrekin hartu-emanean. Sasi zakarraren gorotzaz baliatuko da julufrairik delikatuena, baina baita kontrako aldera ere. Batak bertzea behar, alegia.
Denak ez gara pago izatera ailegatuko (Oi hagina banintz! Baina ez! Pinus intsinis dut izena, erraten zuen Josetxo Azkonaren haikuak). Bakoitzak bere baitatik zer dakarren eta ingurutik zer hartzen duen (lurra, airea, ura eta eguzkia), eta zenbat leku uzten dioten. Idazleen oihana, bertze oihan batzuen modukoa da: handiak, erdi tamainakoak, ttikiak.
Hain zuzen ere, gure literaturaren egoera erakutsi nahi izan dute pasa den udaberrian, Iruñeko Udalaren eta Ateneoaren artean antolaturiko jardunaldi batzuetan. Generoak, joerak eta idazleak; sorkuntza eta itzulpena; argitalpena; kritika… Gauza aunitz, lau egunen zorroan sartzeko. Ikuspegi orokor bat eman nahi zen, nonbait.
Gure oihanaren berri eman nahi zitzaien, oker ez banaiz, erdaldunei. Beharbada erakusleiho batean ikusi, baina ezagutzen ez zituzten hitz eta zeinuen gibelean zer zegoen argitu nahi zitzaien. Jakinmina dutenen gosea ase. Eta gu ere bagarela gure senide mutuei agertzea. Gure Udal Txit ohoretsuko Kultura zinegotzi txit argiak, ordea, behar ziren neurriak hartu zituen hitzaldiak erdaraz eman ez zitezen. Euskararen alde, ala? Edo, bertzela, ez zuen nahi erdaldun jendeak euskaldun jendearen berri izatea?
Bigarren erantzuna hautatu dugunok, badakigu zernahi ezagutzea arriskutsua dela. Ezagutzen dena maita baitaiteke! Eta, pentsa!, euskal kultura ezagutzetik euskaltzaletzera, bi pauso bertzerik ez dira! Gero, euskaltzalea euskalduntzen bada, eta nola euskalduntzen dena superabertzale (adarrak eta buztan luzea, deabrua bera baino makurragoa) bihurtzen den…
Jendeak euskara (eta euskararen eskutik heldu diren euskaldunen berri onak) ez maitatzea edo, are okerrago, gorrotatzea da, iduri duenez, hemengo agintarien joko itsusiaren arrazoia. Dirulaguntza guziak kentzea baino larriagoa da kontua. Euskara sartu halako putzu batean, auzia eta gatazka hitzekin nahasita, eta ezjakintasunaren estalkiarekin tapatu. Eta kitto. Ea nork ematen dion buelta horri!
Horregatik iruditu zait hagitz interesgarria Bertsolari aldizkari mamitsuaren pasa den udaberriko zenbakia. Gai nagusia: erdaldunak eta bertsoa. Jende erdaldunari eginiko elkarrizketek betetzen dituzte orri koloretsuak. Erdaldunak dira, baina ezagutzen dute bertso mundua. Euskaraz jakin gabe, euskara maite dute, eta bertsoa ere bai. Eta, horrela, euskararen nahiz bertsoaren berri ematen ahal diete bertze erdaldunei.
Euskara igarotzen ari den «gau» honetan, horrelako lamiak hagitz inportanteak dira, guttienez ere zubiaren erdia egin dezaten, to! Gilen! - ekarrak! Gilen! - hartzak! Gilen!, bertze erdia guk egin beharko baitugu, erdaldun jendea euskal lurrera hurbiltzeko.
Mugitu beharko dugu, azkeneko harriaren faltan geldituagatik, pasabide sendoa egiteko, oilar gaiztoak (edo Nafarroako egunkari salduenean –to!– Ollarra sinatzen duenak) kukurruku jo dezan baino lehen..
Nabarra aldizkariaren 16. zenbakian argitaratua, 2002ko uztailean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina