2011/02/25

Mestizaje kulturala… beharrezkoa ote?


Xamar

Oraiko denbora hauetan modako elea dugu mestizajea, mestizaje kulturala zuzenago izateko. Gaur egungo jendeen eta informazioen joan-etorriek eskuragarriago bilakatzen dituzte nonahiko kultur edukiak, musikak direla, dantzak, literatur modak, jantziak… Arrotz kulturen horietarikoak ezagutzea eta onartzea, nork berean txertatzeko da kultur mestizajea deitzen dena. Gisa honetaz, kultura propioa hobetu eta aberastu egiten delakoan dago jende anitz.

Iduri luke kultur isolamenduaren kontra arras ona dela, txokokeriaren aurka… hitz batez nazionalismoaren aitzi. Eta halaxe erabili ere, zeren eta mestizajearen ideia gehien zabaltzen dutenek nazionalismo deitutakoaren ideologia omen den kultura isolatuen oldartzeko erabiltzen baitute: munduari ireki egin behar zaio, txokokeriaren kontrako txertoa da, hain zuzen, ez da beti egon behar zilborrari begira, bertze tokitan ere gauza baliagarriak sortzen dira…

Kurioski kontzeptu hauek guziak gehien erabiltzen dituztenak elebakarrak izaten dira, jende «hertsia», aldiz, elebiduna; borondatez ala bortxaz diren aztertu gabe utziko dugu oraikoz.

Gauza da horrela, hotz-hotzean, iduri luke argudio horiek arrazoia izan badutela, on direla kultur trukaketak, aberasbide interesgarria dela; honek, ondorioz, nolabaiteko konplexu zerbait sortzen du gure kultura zaindu eta babestu nahi dutenengan. Nola atxik gure kultura jatorra bertzekin nahasten badugu? Hortxe gakoa.

Galdeari ihardestekotan, hastekoz eta bat, gure kultura jatorra zer den aztertu beharko genukeelakoan nago, zinez zaila baita ezagutzen ez duguna atxikitzea. Gure kultura jatorra hitzak aditzerakoan gurea bakarrik –eta ez bertze batena– delako ideia heldu zaigu burura ixtantean; eta gurea soilik bada purua da, nahasi gabekoa, gure Herrian sorturik eta garaturik ezinbertzez. Ideia hauek guziak lotzen dizkiegu ele horiei eta hameka irudi: jantziak, dantzak, Tartalo, doinuak, trainerak, kantak, lamiak, sokatira, bertsolariak, alboka, lauburua, txalaparta, Basajauna, irrintzia, ahozko literatura, pastoralak, ihauteriak, Miel Otxin, joaldunak, pilota, txistua, hilarriak, danborradak, txapela, trikitixa, aizkolariak… nahi bezainbat luza genezake zerrenda.

Gauza da, hauek guziak gure-gureak izateko, nahasi eta kanpoko eraginik gabekoak mantentzeko, jator-jatorrak alegia, uharte galdu batean beharko litzateke egon Herria, alta ez da horrela. Euskararen Herria penintsularen eta kontinentearen artean dauden pasabide baten erdian egon da beti. Hemendik iragan dira zeltak, erromatarrak, barbaroak, bikingoak, arabiarrak, frankoak… pasatzea ez ezik, egon ere egon dira; erromatarren egonaldiak, konparazione, laurehun bat urte iraun zuen eta badakigu zernolako turismo mota egiten zuten hauek (armada, eliza, gobernua, zergak… eta esklabuak barne).

Herritar itsu, sor eta mutuz osaturik behar zuen izan gure Herriak, eragin eta moda guziez landa bizitzeko eta irauteko Europako txoko honetan. Ez, ez gara hain puruak izan, kopiatzeko tentaldian erori gara behin eta berriz, copyright sobera babesturik ez zegoen garaietan.

Harriak lantzen aski trebaturik, ongi etorri sutsua egin zitzaion burdinaren aroari, erosoagoa eta hobea baitzen. Artzaingoa bizibide ia bakarra zelarik, ekialdetik etorri nekazaritzaren teknikak ere gogotik onartu ziren gure bazterretan. Eta erromatarrek? zer zor diegu erromatarrei? (© Monty Python’s Life of Brian) Erromatarrei ardoa, eliza, arima, legea, erregea, goldea, gaztelua… eta gure hiztegiaren %60-65a zor diegu. Jantziak? Gona gorria arrunta da Galiziatik Baztaneraino; gainerakoak Pirineotan aurkitzen ditugunen antzekoak dira. Dantzak? Bi motakoak, Mediterraneo aldetikako eragina dutenak eta Europa barnetikakoak, musikak bezala. Alboka? Arabiar jatorrikoa. Txistua? Bertze tokietan ere ezaguna. Pastoralak? Garai batean toki anitzetan antzeztua; bidenabar erranik, orain dituen doinu «jator» guziak frantses errepertoriokoak dira, batzuk armadaren musikak. Tartalo? Cíclope. Itsas lamiak? Sirenak. Joaldunak? Europa osoan aurkitzen dira, Miel Otxin bezala. Aizkolariak, sokatira, artzai txakurrak…? Australia, Eskozia, Gales… eta hainbat tokitan bezalakoak. Txapela? Frantses jatorrikoa omen. Trikitixa? Italiatik etorria. Bertsolariak? Cuban, Brasilen, Argentinan, Nepalen… Lauburua? Esbastika… orain ere zerrenda luza genezake aspertu arte.

Honek guziak, halere, ez du esistitzen ez garela frogatu nahi, naski, Herri itsu eta sorra ez garela sekula izan baizik. Bizirik dagoen kultura etengabe ari da aldatzen, aportazio berriak bereganatzen eta zaharrago batzuk baztertzen, berdin ideietan, hiztegian, nola teknika alorretan edota jantzi, orrazkera edo musika modetan… egokituz beti bertako izateko moldeari. Hain zuzen, segur aski, hauxe da iraupenaren gakoetariko bat: interesgarria izanik garaian garaikoa onartu jatorrizko kultura aberastuz eta etengabe garatuz, identitatearen oinarri den hizkuntza ardatz beti ere.

Mestizaje kulturala? Faborez, ez diezagula inork ikasgairik eman, ez dadila inor ausart. Historiaurretik gaude hemen, beraz, mestizaje kulturalean Europako espezialistak gara: arituenak, adituenak alegia.

Nabarra aldizkariaren 14. zenbakian argitaratua, 2002ko maiatzean.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code