2011/03/21

Bountytarrak


Xamar

HMS Bounty itsasontziaren abenturak maiz eraman dira pantaila handira; saiorik ezagunenak 1935ekoa (Mutiny on the Bounty, Clark Gable eta Charles LaughtonMutiny on the Bounty, Marlon Brando eta Trevor Howardekin) eta 1984koa (The Bounty, Mel Gibson eta Anthony Hopkinsekin) dira. Horren arrazoia istorioaren erakargarritasunean bilatu beharra dago, aski bitxia baita: aktoreekin), 1962koa (

1789. urtea. Ingeles Gobernuak HMS (His Majesty Ship = bere maiestatearen ontzia) Bounty itsasontzia Pazifiko itsasora igorri zuen helburu zientifiko batekin: «ogiaren» zuhaitza deiturikoa aurkitzea, haziak eta landareak bildu kolonietan landatzeko, haren fruitu ugariekin esklaboak merke elikatzeko. Kapitaina William Bligh zen eta tenientea Fletcher Christian. Ez da azaldu beharrik zer-nolako bizimodua zen His Majestyren ontzietan modan (eta arauetan) zegoena; erran dezagun bakarrik esklabo anitzek, segur aski, aukera izanik ez zutela garai hartan beren bizitza marinelenarekin trukatuko. Britainia Handiko egunerokoa ere ez zen xamurragoa.

Horrela, bada, ohiko bidaia gogorraren ondoren, hilabete batzuen buruan Tahitira heldu ziren eta, turismo lemak asmatu gabe bazeuden ere, zerura ailegatu zirela iruditu zitzaion tripulazio guziari. Ingalaterrako klima heze eta ilunetik Pazifiko bero eta argitsura pasa ziren, gizarteko behe mailakoak izatetik ongi etorriak diren gonbidatu exotikoak izatera, sexu ohitura estuetatik harreman aski libreetara… paradisua, ezbairik gabe.

Tahitiko egonaldi luzea finitu ondorean, ohiko bizimodu latzera itzuli ziren baina, oraingoan, sekulan baino jasangaitzagoa zen eta huskeria batek sua piztu zuen tripulazioa matxinatuz. Fletcher Christian tenientea buru zuen marinel talde bat altxatu zen kapitainaren kontra. Ontziaz jabeturik, kapitaina eta gainerakoak txalupetan abandonatu zituzten, paradisura, Tahitira alegia, itzultzen ziren bitartean. Gero, neska adiskideak ontziraturik, berriz itsasoratu ziren, bai bazekiten ingeles armada beren bila abiatuko zela goiz ala berant. Bi hilabete ezker-eskuin ibili eta gero, hutsik zegoen uharte bat zuten ikusi eta bertan gelditzea deliberatu. Erabakia berresteko, Bountyri su eman zioten eta zoriontsuak izan ziren betikoz. The end.
Oharra: ene barkamenik handiena pelikula horietako bat ikusteko asmotan bazeunden, irakurle, bukaera kontatu dizudalakoz, baina beharrezkoa zen.
Hor bururatzen dira aipatu pelikulak baina ez istorioa, guziz historikoa baita eta segida izan zuen. Kapitainak Ingalaterraratzea lortu zuen eta sekulan aurkitu ez zuen Bountyren bila abiatu zen bertze itsasontzi batean. Harrapatuak izateko beldur, Fletcher Christian eta bederatzi marinel uharte galdu baten bila abiatu ziren, bai, hamabi neska eta sei gizonezko polinesio berekin joan ziren, bai, baina haietako batzuk gogoz kontra eraman zituzten. Hutsik zegoen Pitcairn izeneko uhartean gelditu ziren baina tahitiar eta ingelesen arteko harremanak segidan ozpindu ziren. Emazteek haur ugari izan zituzten ingelesekin baina bat ere ez gainerako gizonezkoekin, giroa gehiago gaiztotu omen zuena. Bi urteren buruan Christian zendu zen eta bertze bi geroago lau ingeles bakarrik bizi ziren, gainerakoak emazte eta gizonezko polinesioek hil zituzten, pairatzen zituzten tratu txarren kontra altxatu zirelarik. 1800. urtean Adams izenekoa bizirik zegoen europar eta gizaseme bakarra zen uhartean, hamar emazte eta 23 haurren patriarka bilakatuz.

25 urtetan Adams izan zen uhartean Ingelesez mintzo zen bakarra eta, hala ere, mintzaira hori izan zen biztanleen artean errotu zena, eta ez Tahitiera, zenbakiek eta logikak agintzen zuten bezala.

1825. urtean Pitcairn «berraurkitu» egin zuten ingelesek eta harriturik aditu zuten bertan erabiltzen zen mintzaira, gramatikalki zuzena baina Bibliaren erraneraz eta moldez beterik, zuten liburu bakarra baitzen. Marinelen mintzamoldeak ere aski nabarmenak ziren, hala nola Tahitieraren molde, aditz eta hitz ugari. Zenbaiten ustez, Pitcairnera izena ere merezi zuen XVIII. mendeko Ingelesaren eta Tahitieraren nahasketa hark.

Hizkuntza ez bezala bizimoduak guziz polinesiarrak ziren, janzkera, janak, etxe egiturak… logika duena, oraingoan bai, gelditu zen emazte kopurua kontuan hartuz. Orain, aldiz, Ingeles moldeak nagusi dira.

Garai batean berrehunetik goiti biztanle izatera ailegatu baziren ere, gaur egun 47 eskas dira, uhartearen neurriekin eta orografiarekin hobeki heldu dena (9,5 km luze eta 4 km zabal). Hiriburua (?) Adamstown (Adamsen hiria) da eta izen hori ez da herritarren sustraiak oroitarazten dituen bakarra, deitura zabalduena Christian baita eta bertako badiak Bounty bay du izena.

Mestizaje kulturalaren kasu bitxia munduan Pitcairneko uhartearena, pitcairndarrak sustraiak pelikula batean dituzten bakarrak izanen direlakoz… edo, alderantziz al zen? 

Nabarra aldizkariaren 18. zenbakian argitaratua, 2002ko irailean.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code