Mikel Taberna
Bilbo. Irailak 14. Argazkiaren lehenbiziko planoan polizia bat, kaskoaren gainean kaskoa, goititik hasi eta beheitiraino uniforme lodia (beltza, dudarik gabe), fusila eskuan, parean duen norbaiti apuntatzen. Nori, ordea? Gizon bat bakarrik ageri da. Botak oinetan, bibotea sudur azpian, ilea bularraldean, ile gehiago hanka tartean. Bertzerik ez. Biluzik. Armadunak duda egiten du. Zer egin? Agindua espero du (agindua emanen dionak ez du uniforme beltzik). Biluzik dago eta besoak zabaldurik ditu! Manifestatzaile ausartak ustekabean harrapatu ditu ertzainak. Denbora pixka bat irabazi du. Gero jo egin dute gogor: makil dantza. Saihets hezur bat hautsi diote. Eta mediku baten txosten luzea beharko luketen azio gehiago egin ere bai. Baina segundu batzuk irabazi ditu, eta argazkilari on batek bere irudia besapean hartu eta lasterka eraman du behar zen lekuraino. Komunikabideetan, hitz egileak alferrik ariko ziren egun hartakoa esplikatzeko solasen oihala josten. Ez alde ez kontra. Hitzak sobra. Han gertatua garbi ageri zen.
(Hitza ukatzen, bahitzen edo faltsutzen den garaian, bertzelako adierazpideak bilatu behar. «Nonahi ari dira hitzak bere lan zikina egiten. Era erlijiosoan edo laikoan. Gerra handietan eta txikietan. Han eta hemen. Estatu Batuetan eta Euskal Herrian». Atxagak hala.)
Iruñea. Urriak 8. Polita litzateke Nafarroako Euskararen Kontseilu Aholku-emailearen bilkuran Bilboko haren modura agertzea. Euskara eta euskaldunak kasatu eta desagertaraziz problema guziak maitasun osoz konpondu nahi dituzten agintariak eta haiek izendaturiko jakintsu-ospetsuak mahaiaren bueltan daudela, larrugorrian agertzea (hori bai, ttattarra lepoan: dotorezia lege), eta atera daitezela gaiak mahai gainera. Orduan, lotsagarrikeriarik inork aipatuz gero, lasai-lasai bota: guk ez dugu zertaz ahalke izan! Ez dugu gorde beharreko deus! Erantz itzazue orain zuek zeuen maskarak eta burlazko diskurtsoak, zergatik eta zertarako zaudeten ikus dezagun! Eta gero, hantxe berean, erantzunik ez bada, altxa, ipurdi dantza eta aio, me esperan en el Moncayo!
Algorta. Urriak 8. Moncayo baino maiteagoa bide du Unai Elorriagak Himalaiako edozein. Beharbada ez du Aragoiko mendi handia ezagutuko. Batek daki. Baina gustua bakoitzak berea behar du, eta amets egitea ere libre da. Kontuak kontu, Espainiako narratiba saria irabazi du bere SPrako tranbiarekin. Txapela erantzi eta aurresku saridunari. Egunkari-irrati-telebistetatik deitu diote. Batzuek adixkide, bertzeek polizia hark bezala, fusilarekin apuntatzen zutela: ez ote da, akaso, zure lagun bonbazale horiek epaimahaia mehatxatu dutelako eman dizutela saria? Ein? Edo, hori bera ez bada, antzeko zerbait. Uste dut Unairi ere aukera pare bat baino ez ziotela utzi: a) telefonoa pasatzea don Rodrigori, alegia, bere eleberriko Lukasen lagunari, sits ttiki hari, tertuliakideekin eztabaidan segi zezan; edo b) kontzentratzea bere baitan, sakon, eta, ahal bezain argi, korrok! egin, edo, bertzela, tarrat! (erran nahi baita, ipurdiko eztula), Goizuetako hark Franco zenaren garaian guardia zibilen kontrolean egin zuen bezala. Hotsaz gainera hatsa ere igortzen ahalko balu (berakatza eta ilar gorriak)… bi harriz lau txori. Izan ere, nork ulertu zergatik zeuden hain haserre gizon-emakume haiek?
(Nahiko desgrazia dute batzuek, dena kolore bakarrean nahi baitute, zezen beltzaren larrua bezala: dena beltz. Haientzat kalte, hizkuntza eta pertsona desberdinen graziaz gozatzeko gauza ez badira. Denok galtzaile, pozoina ereiten asmatzen badute. Eta kasu!, zeren iduri baitu, neurri batean bederen, berretu eta zabaltzen ari direla halakoak, han eta hemen. Agian ere ez zaizkigu gailenduko!)
Baiona, Gasteiz, Donostia, Iruñea. Urriak 19. Manifestuak eta manifestazioak. Hitza, keinua eta dantza. Aurka eta alde! Jendaldeak etxe multzoen labirintoetan barna, hegaztiak hodei artean bezala. Buru bakoitzak bere hegoa (egoa!) seinalatzen zuela. Noraezean franko. Han ibili ginen, munduko antzoki handiko obrari begirik kendu gabe, geronek ere geurea jokatu beharko dugula pentsaturik. Gure pastorala: predikuak barra-barra; «onak» eta «gaiztoak» elkarrekin konpondu ezinik. Jende mordoxka betiko errejentez aspertuxea, baina geure aldetik inprobisatzeko oraindik ausardiarik aski izan gabe. Armadunak eta armadadunak ikusle. Zelataka.
Hitzetara eta letretara bueltatuz, urrian baita ere, Euskadi Sariak Iñaki Mendiguren, Miguel González, Miren Agur Meabe eta Itxaro Bordarentzat: zazpina jauzi eta godalet dantza berezia (eta topa!).
Eta finitzeko, urriaren 20an, Tuteran, Nafarroa Oinez, goiti-beheiti guzien azpitik eta xehetasun guzien gainetik, karrika dantza orokorra.
Nabarra aldizkariaren 20. zenbakian argitaratua, 2002ko azaroan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina