2011/03/23

Elurra urtzearekin batera


Mikel Taberna

Oraindik ez baitzuen eguna argitu, urrundik ez nekien seguru bera ote zen, baina hala iruditu zait. Hurbildu eta saludatu nauenean, ez dut duda egin: Roberto zen. Aste osoan ikusi gabe eta berriz ere adiskidea zen kaleak garbitzen ari zena. Xarparekin ondora joan naizelarik, egunero bezala hasi da lau xangoko deabru ttikia tentatzen. Kaskoan txanoa zeraman, nik bezala, termometroa lo gelditu delako zero azpiko bizpahiru gradutan, eta soinean plastikozko uniforme distiratsua. Eskularru lodiak. Aurpegia bakarrik agerian, eta bertan lunetak eta bizar usua. Esku batean erratza, bertzean saskia. Besoak zabaldu eta, hegazti handiak hegalak bezala, haiek mugitzen hasi denean, Xarpa sainga eta zaunkaka hasi zaio ero moduan, eta sokatik tiraka, ihesi joan nahian. Txoriek antzeko zerbait sentitzen izanen dute txorimaloa ikustean. Goizero gauza bera eginagatik, ez dago modurik txakurra lasaitzeko. Ez naiz harritzen. Ni ere izutuko nintzateke

Eri egon omen da. Gripeak jota. «Egunik txarrenetatik libratu nauk» erran dit, irri murritza ezpainetik zintzilik. Elurra eta bera urtzearen ondokoak izan baititugu. «Dena xuri-xuri dagoelarik, hagitz polita ikusten duk dena, baina joaten delarik, hor agertzen dituk gure lotsari guziak». Beti bere arrazoia prest Robertok. Ezagun du buruko errota lanean erabiltzen duela, pentsamenduak xehatzen, erratza pasatzen duen bitartean, kaka han eta kaka hemen bildu bidenabar.

Egia da. Elurra joaten denean, errealitatea bere betikora itzultzen da. Naturak bere inauteri partikularraren ondotik mozorroa kenduko balu bezala.

Hildakoen gorpuak agertzen dira. Andoainen, konparazio baterako.

Aldika-aldika lurralde honetan lurrikara eragiten duen tiroen hotsa. Urratu egiten dira dortoka-jende batzuek pazientzia handiz josiriko amets-oihalak. Zubiak erortzen dira eta putreek bazkatzeko aprobetxatzen dute. Eta, okerrena akaso, isilarazten dira hitz guztiak, hala zentzugabeak nola zentzuzkoenak: burrunbak irentsi egiten ditu.

Andoainen garrasiak aditu ziren eta betiko predikuak hedatu ziren airean. Bakoitzak bertzearenak jasan zituen, euria edo kazkabarra hartzen diren bezala. Eta mendekurako dei egin zen. Sufrimendua sufrimendu truk. Munduaren kartzela handian eta presondegietako kartzela itogarrietan, adibidez. Gorrotoa kudeatzen abila izaki zenbait.

Azken finean, gorrotorako hazia ereiten baita Andoain guztietan.

Kronista batzuek maitasun handiz zaintzen dutena.

Zein bulegotan biltzen ote dute uzta puskarik joriena?

«Eta honela gabiltzak!», sartu zait koleran Roberto lerro artera, erratzarekin igurtzi zakar bat emanez espaloiko harlauza pare bati. «Gorrotoa olio ona duk edozein gerraren makineria martxan jartzeko», gehitu du.

Orduan, neska gazte bat pasa da lasterka eta orri batzuk barreiatu ditu urduri. Bana hartu eta irakurri ditugu, zer ote zen jakin-min. «Egunkaria itxi dute eta zenbait jende atxilotu dute. Juan del Olmo epaileak…». Paperean jartzen zuen atxiloketak eta egoitzen itxierak izugarri zakarrak eta lotsagarriak izan direla. Epailearen agindua betetzea aski ez balitz bezala, jendea espres eta sakon mintzeko eginak. Elkarri begira gelditu gara, sinetsi ezinik. Robertok orri gehienak bildu ditu, baina ez zakarrontzi handira botatzeko, falta zuen bide zatian hobeki zabaltzeko baizik. Berria hedatu behar zen. Xarpa ere uluka hasi da, xakurrek hala jakinarazten baitizkiete batak bertzeari gertakariak.

«Hau ez duk olioa, baina harekin hobeki egiten dik bere lana. Hau gezurra zabaltzeko propagandaren txapapotea duk» erran dit Robertok, pixka batean pentsatu eta gero, «aspaldi ari dituk euskararekin zerikusia duen guziaren gainean lohia botatzen».

Arratsaldean manifestaziora joatekotan gelditu gara.

Donostian hainbertze jende bildu baikara, ez dut adixkidea ikusteko modurik izan. Hagitz jende anitz ginen. Adin eta klase guztietakoa. Pentsatu dut, Aresti gogoan, euskal harria ginela, baina ez osagai bakarreko harri trinko bat, harmasa bat baizik, harri klase frankoren bidez eratua. Denak batzen gintuela euskarazko egunkaria aitzinera ateratzeko oreak. Elkartzen ez bagara nekez erdietsiko baita. Horregatik iruditu zaizkit kaltegarriak eta lekuz kanpokoak salaketa mezu batzuk, bertara joandako zenbait mendratu eta uxatzeko asmoz egin direnak. Etxeetako leihoetan ez zen aurpegirik ageri, baina guztiok genekien karrikan ez geundela denak. Santa Klara ere jendez beterik egonen zen, dudarik gabe. Soraio edo aurkako direnak han. Eta zubirik ez haraino. Masa hobea behar uharteko harriak gureekin oratzeko. Nork eginen, ordea?

Egunkariaren su beretik, langileen eta laguntzaileen adorez sorturiko Eguneroren orrietan, amorrazio adierazpenekin batera, jendeak gogoeta egiten du gertatu denaren egiazko arrazoiei buruz. Batzuek erraten dute Egunkariarena euskararen eta euskaltasunaren kontrako eraso-katearen bertze begi bat baino ez dela. Nafarroan aspaldi honetan jasaten ari garenen gisakoa. Gehiago etorriko direla. Norarik gabeko geziak jaurtitzen dituzte: nork-zergatik-zertarako… Ezin aurkitu bertzeenetan ere neure buruari egiten dizkiodan galderen erantzunak.

Ea zer dioen bihar Robertok.

* * * * *
Hondar lerro horiek idazteko momentuan, otsailaren 25etik 26rako gauean, berri lazgarriak heldu dira Madril aldetik: Pello Zubiriak inkomunikaturik segitzen du ospitalean, osasunez larri; atxilotuetako bortz lagun kartzelara sartu dituzte eta bertze lauak kanpora atera dira, fidantza ordaindu eta gero. Kartzelako atean berean, Martxelo Otamendik egin dizkieten torturak kontatu ditu. Hainbertze aldiz salatuagatik, iritzi zuriaren maindireak estali dituenak. Izugarria. Egunkariaren zuzendariaren hitzen beroak zurikeria urtu du, errealitatea agerian uzteko. Oihu egin du: «Sekula ez gehiago honelakorik!».

Nabarra aldizkariaren 24. zenbakian argitaratua, 2003ko martxoan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

1 iruzkin:

  1. A subreddit for information, tradition, and life on the Korean Peninsula. Welcome to everyone, together with native Koreans, Korean diaspora, and foreigners. Jeju Island is the largest island off the coast of the Korean Peninsula, and the main island of Jeju Province of South Korea. Its 메리트카지노 casino market is projected to develop 15.4 percent per annum to 2022, based on the “Philippines Casino and Gambling Market Outlook to 2022” report. Macau's authorities has lengthy been eager to diversify away from gaming into tourism and leisure.

    ErantzunEzabatu

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code