2011/03/30

Harakinaren erranak


Mikel Taberna

Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan lan egiten zuen morroi bat. Egun batez, goizaldetik, morroia Bagdadeko azokara abiatu zen erosketak egitera. Baina goiz hura ez zen beste goizak bezalakoa izan. Goiz hartan morroiak Heriotza ikusi baitzuen azokan. Eta Heriotzak keinu bat egin baitzion morroiari…
Heriotza hura ez zen kondaira gehienetan ezagutu duguna bezalakoa, ezta morroiak bere ametsik gaiztoenetan irudikatu izanen zuenaren gisakoa ere. Eskeletikoa izan beharrean, hezur-haragizko piztia baitzen; kapa beltz txanodunaren ordez, uniforme nabarra zintzilikario anitzez hornitua; eta segaren partez sekulako fusiltzarra, ahotik bala hilgarriak botatzen zituena.


Bagdadeko biztanleak, Basorakoak edo Nasiriyakoak bezalaxe, harriturik gelditu ziren egun hartan, Heriotza bakarra ikusi beharrean milaka ikusi zituztelako elkarrekin. Klonatu zituztela pentsatu zuen zientziaren aurrerapenen berri zuen ikasleak. Erotu zirela erabaki zuten gainerako gehienek. Heriotza haiek ez zioten aukerarik eman Dayoub morroiari bere nagusiaren zaldian Ispahanera ihes egin eta Kalbum Dahabin ispilugilearen dendara joateko, Bush, Blair edo Aznar izeneko idazleek eskribitu dutelako Cocteauk bildu eta Borgesek edo Atxagak ezagutarazi diguten ipuinaren bertze bertsio bat (bazter hauetan Hipokrisia infinitua izenburua eman diotena).

Samurragoak dira heriotza nagi eta motela izaten duten ipuinak. Azken ordua bizitza oso baten ondotik ekartzen dutenak, pertsonaia ondu eta umotu dadin eta gero. Oteizari gertatu zaion bezala. Gizona ohatzean eta Heriotza ondoan, ohaide, joateko (eramateko) ordua ailegatu zen arte.

Fundazio Museoaren gatazka bizi-bizirik dugun egun hauetan, ematen du bere ondarea ez dela geldituko munduari buruz berak zuen ikuskerarekin bat egiten zuen jendearen eskuetan. Halako tratua egin bide zuen gizonak (edo eginarazi zioten). Tadeuszek oroitarazi dit badirela besarka ematen dizutenean puñala hirugarren eta laugarren saihetsen artean sartzen dizuten «adiskideak». Baina uste dut Oteizaren pentsamendu eta eragina ezin izanen dutela inolako kutxaren barrenean preso eduki. Hedatua eta barreiatua dugula dagoeneko.

Oroitzen naiz udako egun eguzkitsu hartaz. Orain dela hogeita bortzen bat urte. Urbasako belar soro zoragarrietan zaldiak dantzan ikusten genituela, mahaiaren bueltan nola jarri ginen ospakizun bazkari ahantzezinean. Jana eta edana ausarki, adiskidetasun mozkorgarrian bildurik denak. Quousque tandem liburutik nola irakurri genuen, «Emocionante reunión, la pasión de reunirnos los vascos (pero sólo para comer, para jugar). Hemos perdido el apetito espiritual. Parece, últimamente, que vamos a aprovechar este apetito que nos reúne, para comenzar a pensar».

Segitzen dugu mahaiaren inguruan jartzen.

Gure etxea hornitzen duen harakinari Oteizaren trazak hartzen dizkiot zenbait gauzatan. Nabala sartzen du haragian, eskultoreak zizela harrian bezala. Harenaren gisako jenio bizia du eta bere egiak ozen kanporatzen ditu, bertan dagoena dagoela. Alegia, ez dela bezeroa hitzez balakatzen saiatzen eta ez dituela zurikeriak maite. Konforme ez dagoenak aski du alde egitea. Aginteko politikari gezurtiez oroitzen denean sutan jartzen da, eta predikua botatzen du aizkora ttikia airean ezker-eskuin mugituz, bizirik izatera beldurrez hilen litzatekeen oilasko lumatuaren lepora erortzen utzi baino lehen. Poeta ere bada, bere eta bertzeen hitz jokoak zintzilik paratzen baititu, «Morcilla de Berriozar, antes de elegir procura pensar» jarria du txistor eta txorizoekin batera. Gaztelaniaz daude denak. «En vasco nada, porque está prohibido exponerlo al público; ya lo dijo el bigotes ése, que él hablaba el catalán y esas lenguas en privado. ¡No te jode!», erran dit gaur goizean, ganibet handiena zorrozten zuen bitartean. Orioko artistak bezalaxe, euskaraz ez daki Ebro aldeko harakin nafarrak, baina modua jarri du bere seme-alabek eskolan ongi ikas dezaten. Txerri patak erosi dizkiot (manos de ministro), eta hauteskundeetan etorriko zaigun aldaketa zoragarriaz mintzatu gara, serio ezin, txantxa eta bromatan.

Maiatzean Hegoaldean izanen ditugun hauteskundeez, jakina. Hautagai guztiak beren soineko ederrenak jantzita agertuko zaizkigu plazara, belarrietan gereziak dilindan dituztela, guk haietan mokoka egin dezagun. Lorailean dena ez da lore izanen ordea, amaorde gaiztoak dama gazteren bat etxean egotera behartzen badu, plazara ateratzen utzi gabe. Alderdi batzuk legez kanpora uzteko lege-ipuinaren jarraipenak hala aginduko duela iduri baitu. Fiskal jaun-andreek ez dute lan txarra, baldin eta talde guztietako kandidatu guztien besapeak eta hanka-tarteak irizpide berberen arabera miatu behar badituzte.

Tomateak baratzean landatzeko aro ona dela erran diot harakinari. Pentsamenduak laboratzeko hobea dela erantzun dit berak.


Nabarra aldizkariaren 26. zenbakian argitaratua, 2003ko maiatzean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code