2011/03/11

Kalitatearen hizkuntza


Xamar

En un placete de La Mancha of which nombre no quiero remembrearme, vivía, not so long ago, uno de esos gentlemen who always tienen una lanza in the rack, una buckler antigua, a skinny caballo y un grayhound para el chase. A cazuela with más beef than mutón, carne choppeada para la dinner, un omelet pa los sábados, lentil pa los viernes, y algún pigeon como delicacy especial pa los domingos, consumían tres cuarers de su income…
Ezagutu al duzu? Bai, Kixote klasikoaren lehenengo pasartea da. Egia osoa erratekotan ongi konprenitzeko, pazientzia eta arretaz landa, Ingelesaren ezagutza zerbait ere beharrezkoa da (eta Espainolarena –Iparraldeko irakurleendako oharra–) ezinbertzez.

Bazterrak harrotu ditu Kixote espanglish mintzatzeko erara itzulirik ateratzekotan dela jakiteak. Eztabaida, bistan da, espanglish hori zer den –eta gaitzago dena– zer geroa izanen duen jakitean datza.

Batzuek gaizki mintzatu eta erabilitako Espainola dela pentsatzen dute, hizkuntz kalitate txarrekoa alegia; ondorioz, guziz arbuiagarri eta baztergarria. Bertze batzuek, aldiz, 25 miloiko hiztunen mintzaira dela, naturalki sortua eta, ondorioz, ezin baztertuzkoa, bertze gauzen artean hizkuntz akademiek ezin dutelakoz karrikan sortzen eta egiten dena arautu.

Espanglish (eta bere aldaerak: cubonics Miamin, nuyorrican New Yorken, jakina, eta caló pachuco Texas aldean) mintzairaren kasua ez da lehenengoa historian, ez eta azkena izanen ere. Hameka dira bide hortatik –mintzairak nahasiz– sortutako hizkuntza berriak. Gizarte elebitasun basa batekin hasten da dena; nonbaiteko jende guziak bi hizkuntza ezagutu behar dituenean edo, hobeki erranik, bat berezko mintzaira dutelarik bigarren bat jakin eta erabili behar dutenean. Holakoetan nahasketa, normalean, ezinbertzekoa da, goiz ala berant baina ezinbertzekoa. Emaitza da, hala ere, aldatzen dena. Iraunkorra bada, haurrei ama hizkuntza bezala transmititzen bazaie alegia, hizkuntza berri baten aitzinean gaude; baina, kasurik arruntena, egoerak bietako bat galtzen den bitartean bakarrik dirau, kasualki gizartean boterea ez duena, ofiziala ez dena alegia.

Espanglishen kasuan ez da sobera ausarta erratea Espainola dela galbidean dagoena AEBen, Ingelesa baita benetan balio duen mintzaira, eta bertan egitan integratzeko etorkin hispano gehienek, asko izanik ere, garbi dute zein den kalitatearen hizkuntza: Ingelesa. Eta hala ez bada WASP (w=white, as=anglosaxona, p=protestantea) botereak neurriak hartuko ditu bere komunitatea babesteko, jakina.

Gauza da gutartean gero eta gehiago aditzen dela hizkuntzaren kalitate kontu hau, gero eta nabarmenagoa baita gure gazteen artean, eskualde Euskaradunetan bistan da. Iduritzen zait normalak bagina bezala ikusten dela kalitatearen kontua, Euskarak –hiztunak, alegia– bizi duen ordezkatze prozesua kontutan hartu gabe. Gaitzaren sintoma bat baizik ez dena eritasuntzat hartuz galbidera goaz eta, barkamenarekin, Euskararen kalitatearenak –gaur egun eta gauden bezala egonik– ez du merezi minutu bat ere, sakoneko gaitzaren larriaz ohartzeko ez bada bederen.

Aski dugu gure historiari behako bat ematea:
«Ez duela amatzen Jangoikoa ez duenak amatzen bere proximoa, da egie ta fedea, ta ikus daike S. Nizeforo deituaren bizian…
…Zeramatelaik ia bidean, Nizeforok atrarik altzinara erraten zio: O! Christio ta Sazerdote, sufritu zue asko tormentu fedeagatik.…
…O gizonaren miserablea! Erran ziolaik berdugoak, belaunika zeiela ebakitzeko burua, erran zue Sapriziok, zergatik nai didaze ebaki? Zergatik despreziatzen-tuen emperadorearen manamenduak, ta ez nahi adoratu gure Jangoikoak, daukalaik Jesu-Christo Jangoikotako. Orduan Sazerdote indignoak dio, bada ez nazazela il, ezi nik adoratukotut zuen Jangoikoak, ta inen dut manatua emperadoreek.
Zego presente Nizeforo, ta lastimaturik negatzes…»
Hauxe zen Joakin Leizarragak zerabilen mintzaira XIX. mendean Elkanon (Egues ibarra), Iruñerrian alegia. Bistan da garaiko euskañola zela. Leizarragak, elizgizon ikasia izanik, aski ongi bereiziko zukeen zer zen hizkuntzaren kalitatea; baina bere herritarrendako zituen predikuak idazten, haiek ulertzeko modukoak egin behar, erabiltzen zuten mintzamoldean, alegia. Denbora baten buruan, Elkanokoak ez ezik, eskualdeko Euskararen kalitatea hutsa izan da, zero, orain artio. 

Euskararen kalitatea (haren falta, hobeki erranik) Euskaratik erdararako bidean pasarte bat baizik ez da, ez bada norabidea aldatzen, Lizarragak frogatu zuen bezala.

Hizkuntzak etengabe aldatzen joaten dira, bizirik badira bederen. Baina bereiztu behar da aldaketa hori nolakoa den: garapena ala desagerpena.

Nabarra aldizkariaren 17. zenbakian argitaratua, 2002ko abuztuan.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code