2011/03/29

Kixotekeriak


Xamar

Lehengo batean On Kixoteren spanglish bertsioa genuen mintzagai eta horrek jatorrizkoa oroitarazi zidan.

Bidenabar erranik, bada gutartean ongi konprenitzen ez dudan gai bat, bat gehiago erran nahi dut. Elebidun bilakatu gaituzte –nahi ala ez–, sobera, hain elebidun non erdaran Euskaran bezain trebe baikara, trebeago ez delarik, gehiago aditzen dugulakoz egunean zehar Herriko eskualde zabaletan (gehienetan?). Egoera hau sustatzeko, mantentzeko eta, bistan da, ahalik eta azkarren Euskara baztertzeko (Espainia eta Frantziaren, dagoeneko, begi bistako asmoa), elebitasunaren abantailak aipatzen dizkigute behin eta berriz: irekiago omen zaude munduari, aberatsago eta zabalduago den kultur batean murgil zaitezke… ez, ez dut ezetz erraten, pertsonalki konbentziturik nago eta pertsonalean halaxe bizi dut. Pertsonalki elean dago gakoa, zeren eta gaur egungo beharrezko elebitasun hau ez baita pertsonala, ororena baizik, euskaldungo osoak bi hizkuntza –bederen– ezagutzen dituelakoz, galbidera eramaten gaituena.

Hala bada, zertarako kojonian euskaratzen dira Espainolez idatzitako liburuak? Nago dirua, lana eta ahaleginak alferrik galtzea dela, gaur egungo egoeran zentzurik ez duen zeregina.

Izanik garen bezala, EIZIE itzultzaileen elkarteak epaimahaietara –gutxienez– eramanen nau, alta ezin ulertu dut. Gai banaiz Gabriel García Márquez idazleak eginiko Crónica de una muerte anunciada liburua irakurtzeko, zertarako demontre nahi dut nik Heriotza iragarritako baten kronika itzulpena? Posible badut El coronel no tiene quien le escriba edo La rebelión de las masas liburuen jatorrizko bertsioak irakurtzea, egileak bururatu bezala, beren erranahi, ñabardura eta tilet guziekin, zertarako Koronelari ez dio inork idazten eta Masen errebolta?

Nola? Iparraldeko irakurleendako? Hala balitz, ez litzateke gaizki, baina egun –ez gaitezen engaina– ez dirudi sobera egoera erreala denik. Are gehiago, Lapurdin lehengoan komentatzen zidaten jendeak Atxaga irakurtzen duela, bai, baina Frantsesezko bertsioa (nola gauden!).

Beraz, zer nahi duzu, posible bada jatorrizko bertsioa ezagutzea aukera sinple dirudi, are gehiago literaturaren kasuan. Oraikoan On Kixote irakurtzea gomendatzen dizut, irakurle, barkatu, Don Quijote erran nahi nuen; ez, ez dut klasiko honetaz deus berririk erran behar aipatu ez denik, bakarrik penagarria dela espainolek ere ez dutela ezagutzen.

Ohiko pasarte famatuaz landa bat bereziki gelditu zitzaidan gogoan. Harrigarria bada ere, atal batean Kixotek soziolinguista papera hartzen du eta, gehiago dena kontutan hartzen soziolinguista anitzek ez dutela jokaera hau erakusten, hizkuntz aniztasunaren alde azaltzen da, garbiki azaldu ere.

Bigarren parteko XVI. atalean, bertze gertaeren artean, Kixotek bide bera daraman zaldun batekin topo egiten du eta elkarrekin egiten dute ibilbidearen puska bat. Solasari loturik, zaldunak duen arazoa esplikatzen dio: semea ikasketak egiten ari da unibertsitatean eta izugarrizko zaletasuna erakusten du Erroma eta Greziako idazle klasikoengan. Beti omen dago irakurtzen eta errezitatzen aipatu autoreak beren jatorrizko hizkuntzetan, jakina, eta honek lanak erromantzez –Espainolez, alegia– burutzen dituztenak baztertzera eraman ditu, Latinaren eta Grekoaren laudorioetara osoki emana. Zaldunak ongi ikusten ditu semea egiten ari den ikasketak, baina ez mintzo propioaren kaltetan baldin bada.

Kixotek, ikasketak goraipatu ondorean –hizkuntzenak bereziki–, gogoeta hauek egiten dizkio:
«Y a lo que decís, señor, que vuestro hijo no estima mucho la poesía de romance, doime a entender que no anda muy acertado en ello, y la razón es ésta: el grande Homero no escribió en latín, porque era griego, ni Virgilio no escribió en griego, porque era latino; en resolución, todos los poetas antiguos escribieron en la lengua que mamaron en la leche, y no fueron a buscar las estranjeras para declarar la alteza de sus conceptos; y siendo esto así, razón sería se estendiese esta costumbre por todas las naciones, y que no se desestimase el poeta alemán porque escribe en su lengua, ni el castellano, ni aun el vizcaíno que escribe en la suya».
Erran nahi baita, nork bere mintzairan egin behar duela –euskaldunek barne– eta hori ez litzatekeela izan behar baztertzeko edo mespretxatzeko kausa (Espainolez ez dakiten irakurleendako oharra).

Eta hau 1615ean idatzi zuen Cervantesek, gutartean Etxepareren liburua eta Leizarraga apez protestantearen obra bakarrik karrikaratuak zirelarik; ezagutzen zituela pentsatzea zaila dirudi.

Gaur egun Cervantes institutuko burua euskal idazleak erdarara pasatzera gomendatu dituen elementua da, bizkaitarra kasualki… Cervantes? Aspaldiko hila, beharrik.

Nabarra aldizkariaren 19. zenbakian argitaratua, 2002ko urrian.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code