2011/03/02

Maite ditut, maite


Mikel Taberna
 
Nafarkariaren iragarritako heriotzaren berriarekin iratzarri nintzen oporretako lehenbiziko goizean: gero etorriko zen eguraldi nahasi eta zenbait tokitan tristearen aitzin-seinalea. Haizea dator iparraldetik, hego berotik ekaitza. Oporretan, bai. Barkazioak erraten diegu gure alde hartan. Barkazioaren partez, kastigu sobera, ordea.

Gure alde hartan nengoen, hain zuzen ere: Bidasoa mantso batek, uda partean, ttur-ttur-ttur, bere burua joatera uzten duen bidearen ezker-eskuinetan. Hangoa izaki, eta han sentitzen gustura. Liburu potolo batean izkiriaturik aurkitu nuen behar nuen poema, Alberto Caeiro baten lumaren lana: O Tejo nâo é mais belo que o rio (Bidasoa jartzen ahal zuen) que corre pela minha aldeia / porque o Tejo nâo é o rio que corre pela minha aldeia. Orduan oroitu nintzen sentimendu bera adierazi zidala Xabik, Ameskoako artzain adiskideak, gure berde guziak lehenbiziko aldiz ikusi zituenean: zuen paraje hok hagitz ederrak dituk. Ezin ukatu. Baina nik, gureak maiteago!

Paseatu ginen Larunen barna, Labiagako kaskoan blagan aritu ginen Senpereko lagun batzuekin, eta onddo batzuk ebatsi genizkion Ibardingo hariztegi ttikiari. Ordea, baserri itxurako txaletak barra-barra nola ari diren sortzen ikusi genuen, zuhaitz arrotzak sartzen diren gisara. Eta, aldi berean, baserritarren kexak ere aditu genituen: egunero hartzen dutela eskutitz pozoinduren bat administrazioen bulegoetatik; bulkaka ari zaizkiela bertze zerbaitetan aritzeko; behin eta berriz arrazoiak bidaltzen dizkietela amore eman dezaten. Iruditu zitzaigun usaintzen ari ginela zentzuzko bizimodu baten hondamena.

Euskara ere ez da beti lore jendearen ezpainetan. Ez da kontu berria. Klase eta kolore guzietako egoerak, ikerketak egitea gustatzen zaionarentzat espezial. Konparazio baterako, Xabier Lete bera mutu ikusi genuen ETB1eko emanaldian, bertso zaharra ahoan hila, ostatuko nagusi euskaldunak ahotsa kendu ziolako, musika aparatuko Bisbal edo Bustamante baten kantak bezeroei emateko. Herriko bestetan ere, euskaltzaleen txoko berezietan, Aserejé kanta gailen. A-ze-aje!

Izanez ere, Hegoamerikan edo Asian urtero eta uda honetan Europan bezala, hizkuntza ttikientzat ere aspaldi honetan uholdea dugu. Eta igeri egiten jakin behar, edo txalupak eta xalantak fabrikatzen ikasi, bertzela. Baina okerrena, dudarik gabe, gure iturriak agortzea litzateke. Ez gaitzatela bertzeenek ito, ez, baina, aldi berean, gureak ere (hizkuntzari lotuak doazen sorbide guziez ari naiz) doazela bertzeekin batera lurrazalean barna.

Eta, egia erran, Bidasoaldea, normalak diren goiti-beheiti guziekin, bizinahi eta bizkor harrapatzen dut. Ari eta ari. Bertako komunikabideak, kultur programak, ikerketa taldeak, erakusketak, hitzaldiak; bere historialariak, dantzariak, antzerki taldeak, musikariak, bertsolariak eta poetak… Baina, batez ere, herri ttikien denbora bateko lotsa eta konplexurik gabe. Hiriburuaren zerutik etorriko zaion mana-produkzioaren esperoan gelditu gabe. Harro eta ausart.

Pozgarria da horren ausart jokatzea, Belateko tuneletik harat eta amesgaiztoetako tunel guzietatik hunat gailentzen ari den ukazio ofizial eta paraofizialaren kontra; eta harro egotea, garenaz eta dugunaz, gure aldea (para iezaizkiozue uste duzuen lekuan mugak gure horri) pixka bat bederen maitatuz (bertze amodio batzuk ukatu gabe; bertze lurralde guziak ezagutu eta haietatik ikasiz), Alberto Caeirok bere aldeia edo Ameskoako Xabik bere parajeak bezala.

Oporretatik bueltan, lehenbiziko goizean, eguraldiak goibel segitzen du eta berriek ilun. Iruñeko karriketan hanka finkatu dudanean euria gogor hasi du: UPN ataca de nuevo. Eritasun patologikoez eta piztia aseezinez oroitu naiz. Barkazioetan pazientzia handiz jositako petalozko guardasola zabaldu eta lanera bidean abiatu naiz, kanta bat xixtuka: maite ditut, maite…

Nabarra aldizkariaren 18. zenbakian argitaratua, 2002ko irailean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code