2011/03/18

Mama gozoa


Mikel Taberna

Garrafoia hartu eta ardo erostera joan naiz Erriberriko kooperatibara. Oroitzen naiz hango ardo gorria lehenbiziko aldiz edan nuen egunaz. Uda zen eta fresko-freskoa atera zigun etxekoandreak. Zer zen hura! Ez nuen egundaino halako ardo onik probatu. Orain beharrezkoa izaten dut otordu guztietan. Ezin izaten naiz sosegatu hura falta badut. Garestitu ziguten, plazer guztiak debeku bihurtu nahi balizkigute bezala. Baina segitzen dugu erosten. Garrafoitik botilara edo zahatora. Eta gero zintzurretik beheiti. Urrup, edan eta klik! Ur pixka bat ere nahasten diogu tarteka, entendituak eskandalizatzeko. Ez genuen urte anitz izanen hala hasi ginenean familian berean. Urari ardoa nahasten, alegia. Kolorea ere politagoa, dudarik gabe. Gehixeago-guttixeago denok edaten genuen. Partitzen hasi ginen gero, guk sentitzen genuen poxa bertzeek ere senti zezaten. Geurekoikeriarik gabe. Etxean berean edo etxez etxe joanez. Orduan erabaki genuen geure buruari orain dugun izena ematea, Taberna, anai ttikiak Ostatu nahiago bazuen ere.

Kooperatibako emakumeari senarra hil zaio. Lagun batzuei ari zitzaien gertatutakoa esplikatzen: «Eritu zenean…, nik ikusten nuen bere begietan txori urdin bat. Galdetzen nion ¿Eres feliz?, eta berak baietz erantzuten zidan, baina nik begietara begiratzen nion, eta ikusten nion tristura hura». Emakumearen begietan egin du kabia orain txoriak. Baina seguru naiz agudo hegatuko zaiola. Ezagun du emakume alaia dela. Txoriak alde eginen du eta arrasto urdin bat utziko dio begien ertzean. Eta emakumea lagunekin paseatzera eta dantza egitera joanen da, begiak ederrago.

Gu edariarekin alegratzen usatu gara. Txikitoak edaten gazte samar hasi ginen ostatuan, igande arratsaldeetan. Teoriarik gabe, praktikan ikasi genituen jakin beharrekoak: zer ematen zigun, zer kentzen. Denek igualtsu edaten genuen, baina denek ez izaki gorputz bera! Nirea kaxkarrenetakoa beti. Zer nahi duzu! Astelehenetan, ederki oroitzen nintzen bezperako ibileraz. Kuadrilla saretzeko ere sari hori pagatu behar izaten zen.

Eskuan dut Akademia Sekretuaren Egutegiko orri bat. Ez da aurtengoa, ordea. Orain dela hamabi-hamabortz bat urte argitaratu zuten Pamiela argitaletxearen inguruko lagunek, oker ez banaiz. Aitzineko aldean, egunarekin batera, irudi bat izaten zen orri guztietan, eta gibelaldean testuren bat. Gustukoak ditut nik horrelako gauzak. Testu laburrak, nonahi eta noiznahi esfortzu handirik gabe irakurtzen ahal direnak. Bista ederreko mendi ttikiak bezala. Eskuan dudan orria azaroaren 14koa da. Ez dakit zein urtetakoa. Irudia komiki frantses batetik hartua da, eta atzealdeko testua Octavio Paz-ena da (deitura horrek ere izanen du bere istorioa!). Alkoholaren alabantza egiten du, hitzaren bidezko komunikazioa errazten omen duelako, eta gainerako drogak kondenatzen ditu, bertze gisa bateko komunikazioa ekartzen omen dutelako.

Testugilearen pisuaz baliatu eta testua sakelan eraman nezake, komeni zaidanean kontra egiten didaten guziei erakusteko, Martin Tranpak egiten zuen bezala. Baina egia erran, kasu honetan, testu laburra laburregi gelditzen zait. Eskas. Gustura eskatuko nioke egileari zerbait gehiago zehaztu dezan erran nahi duena. Baina ezin.

Ez dut bertzelako bixigarrien berri ongi ikasteko aukerarik izan. Ez nolako bentajak dituzten, ez zer tamainatako miseriak ekar ditzaketen. Ez baitakit, ezin diot arrazoi osorik eman idazle mexikarrari.

Nolanahi dela, ardo zaharra ere edaten dugu tarteka. Zenbat eta zaharragoa izan, barrena hobeki gozatzen digula iruditzen zaigu, urteekin ikasiagoa bihurtu dela kontsideratzen dugulako. Ardo urtetsuak ere ageri izaten ditu denborak ematen dituen ukabilkadak, zeren kolorea mudatu eta moretu egiten baita, eta anitzetan hondar bat izaten du botilaren zolan, eguzkiak larruazal errea hauts bihurtzen duenean bezala.

Elkarteetan egiten dut nik topo, jeneralean, klase horretako ardoarekin. Eta horietatik mordoxka dugu bazter hauetan. Lehendik Zaldiko edo Zabaldi edo Ziripot ezagutzen nituen bezala (las tres ZZZ), berriki Biltoki ezagutu dut Txantreako Errepublikan. Baina anitz badira. Berretzen ari dira euskaltzaleen artean. Aterpe edo gordeleku modura. Adiskidetasuna eta konbertsazioa (komunikazioa), eta sua, euskararena.

Etxera itzultzen naizelarik, goizaldeko ordu ttikitan, atea isilka ireki beharko dudala pentsatzen dut, lo daudenak ez iratzartzeko. Baina giltza sarrailan jiratu orduko, xakur ttikiak, berantetsiak eta nerbioso, sainga eta zaunkaka salatzen nau. Gero, ekartzen dudan urrinaz galdezka hasiko zait.

Nabarra aldizkariaren 22. zenbakian argitaratua, 2003ko urtarrilean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code