2011/04/28

Aldeanoak


Mikel Taberna

Ez. Amanita Caesarearik ez gure saskira. Oilategian fabrikaturiko gorringoekin konformatu behar. Etzazuela irririk egin harrapari gupidagabe horiek. Ailegatuko da gure txanda. Ez izan dudarik.

Gainera izan dugu kontsolamendu, lehengo eguneko onddo xuri eder haiekin, konparazio baterako. Edo atzo berean, igandean harrapatu genituen xixa hori eta saltsa-perretxiko beltxekin. Kanposantuko tronpeta ere erraten diete azken horiei. Oroitzen? Euskal Herriko poeta…

Kontua da platerkada goxoa prestatu genuela bi horiekin, etxekoak konformatzeko modukoa. Lehenbiziko, olioan barreiaturiko baratxuriari suaren kilika eragin, gero basakumettoak bertan dantzan jarri, eta hondarreko, arroltzea nahasita, osagai guzien arteko oreka perfektura iritsi. Lan horiek egiteko, padera zabalean, tresna ezin hobea erabili genuen: mutur zapaleko koilara luzea. Ezpela. Zura burdinaren kontra.

Erabiltzen dudan aldiro, beti oroitzen naiz hura egin zuen artistaz, Marino ameskoarraz. Gurpilak konpontzeko lantegia paratu zuen, bere kamioiarekin txofer harat-hunat ibilita hamaika goiti-beheiti bizi izan ondotik. Mekanika lan klase horietan ere zerbait jakiki, eta nonbaitetik ogibidea behar! Baina astebururo ihes egiten du herrira, Urbasa alde hartara, natura oraindik sobera hondatu ez dugun parajeetara. Hura menditarra baita. Basaka. Han bizi den oro ezagutzen du. Bertan bizi diren guziek ezagutzen dute. Eta zuhaitzei azala kenduta, mami gogorraren forma biluziek liluratzen dute. Eskuz balakatzen ditu tarteka. Hortik etorri zen oparia gure sukaldera.

Lizarrakoek aldeano deitzen zieten denbora batean inguruko herrietakoei. Ezjakin zakar edo. Eta ameskoarrei bereziki, nik uste. Herri handikoak gehiago zirelakoan. Aitzinatuago. Janzkera, portaera, mintzaera… Adelantoen eta egokitasunaren berri izaki kapitaleko jakintsuek!

Gisako zerbait jasan behar izaten zuten gure herrietako baserritar euskaldunek karrikako erdaltzale batzuekin. Hizkuntza zela medio gainera. «Erdararik ez duzue ta euskara txarra», erraten zieten, nork eta, espainolez nolazpait ere ikasi zutelakoz, etxeko hizkera herdoiltzera eta hondatzera uzten ari zirenek.

Egia zen, erdararik ez zuten. Eskolara apenas agertu haiek. Atxagaren sagarroiak baino hitz guttiago jakinen zuten, seguraski, baina euskara zoragarria, guk, eginahalak eginda ere, akaso sekula izanen ez duguna.

Giro horretan suertatu baikinen gu, geure nerabe denboran.

Gu bai eskolara joan. Gurasoek ezin izan zutena guk egitea nahi. Letra berri anitz ikasi genuen. Lehendik genituenetatik desikasi genituenak adina.

«Eskolak galduko dik mundua!», erran zion ostatuko gau luze batean Mañuel artzainak Ixidro kontrabandistari. Ez zebilen arraso oker gure baserritarra. Eskolak mundu bat galbidean sartzen zuen, eta haren partez bertze bat ekartzen zigun.

Telebisioak poliki lagunduko zion lan horretan. Hori ere agudo etorriko baitzen etxera. Gu hari begira egoten ginen, igande arratsaldero, Bonanza ikusten, tia Margaritak mar-mar-mar egiten zuen bitartean. Vittorio Gassmani irakurri nion telebista deabruak egina zela. Horixe bera pentsatzen zuen gure izebak.

Kontua da, batarekin eta bertzearekin, gure euskara Bidaso bazterreko txopo bati lotua genuen txalanta haren modura zegoela: erabili faltan ura sartzen hasia zuen eta, zerbait egiten ez bagenuen, putzuko zolara joanen zen.

Hari mehe batetik zintzilik egon zen gure euskalduntasuna.

Norbait ohartu bide zen egoera hartaz, zeren euskararen aldeko mugimendua areagotu baitzen handik guttira. Non eta Nafarroako Diputazioan berean bazen jende talde bat, orain ez bezala, Euskeraren aldeko sailla izeneko hartan. Jose Mari Satrustegi («guk dugun altxor hau alemanen esku balego!») eta Pedro Diez de Ultzurrun haien tartean ziren. Herriz herri ibili ziren, euskaraz zekiten haurrei diploma bat ematen. Guri ere eman ziguten. Euskalerri-ko eta Naparroa-ko aintzineko mintzaera maitagarri eta munduko izkuntz zarrenetako dan euskeraz mintzatzen dakilakoz. Merezi ote genuen? Besta bat antolatu zuten eta Altzateko plaza jendez bete zen. Hura jende aldea! Ikusgarri berezia prestatu baitzuten. Ezagunak ziren bertsolariekin batera, gazte batzuk gitarrarekin aritu ziren euskaraz kantari! Urte batzuk geroago ikasi genuen Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo izan zirela.

Alde eta kontrako sokatira, oraindik ere dirauena (ikusi, bertzela, nola dabilen gure artean aipatu gabe utzi ezin dugun Nafarroa KapitainaZaldi Eroa marrazkilariaren gazteluan–, beti erne, ezker-eskuin heldu zaizkigun eraso guzietatik gu defenditzeko prest), baina euskarak garai berri haietarako eta etorkizunerako balio zuela sinesten hasi zen gero eta jende gehiago.

Gu ere noizbait konturatu ginen, txalanta zulatua izateaz aparte, deskuidatzen baginen eta sartuak geunden korronte hartan segituz gero, itsasoak irentsiko gintuela. Eta ibaian goiti hasi ginen. Izokinak bezala. Iraganeko oroitzapenetara. Geure zaharrengana. Baserrietara (barkamena eskatu bidenabar). Eta herririk gordeenetara (Arantzan eta Donamarian, adibidez, oroituko dira gutaz, dudarik gabe, orduan neskatxa gazte zirenak). Galduak genituen abildadearen eta naturaltasunaren bila.

Geroztik hemen gabiltza, nola edo hala, zalantzen zakua beterik, eta oraindik ere orduan mendratu genituen baserritar haiei hitzak eta solasmoduak gordeka ebasten. Jakin-min.

Aldeano eta baserritar anitzek dakitenaren erdiarekin konformatuko ginateke.

Nabarra aldizkariaren 32. zenbakian argitaratua, 2003ko azaroan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code