2011/04/05

Alien


Xamar

Garraldako Gilentoinetik atera zen oinez Baionaraino; han trena harturik, Le Havre hirira iritsi zen itsasontziratzeko. Sotoan joateko txartelerako baizik ez zuen, bertze anitzek bezala, eta hala abiatu zen Ameriketara, San Franciscora, gure aitatxi zen Pedro Juanarena 1904an.

Panamako kanala egin gabe artean, Hego Amerikako Magallaes itsasarte lotsagarritik iragan behar zen, hiru hilabetez luzatzen zen bidaian. Aitatxi ez zen kexu, baina ez zen sobera ere ibilbideaz mintzatzen; hala ere irriz kontatzen zuen nola kapitainak, hilabete baten buruan Brasilera ailegatzerakoan, sototik zeuden guziak ateratzen utzi zituen haizearen hartzeko eta argiaren ikusteko.

Noizbait heldu ziren Kaliforniara eta han barna eman zituen hurrengo hogei urteak. San Franciscon trena hartu zuen 1906ko lurrikarak hiria suntsitu zuen egunean eta, ondorean, Nevadan eta Kanada aldeko muga den Washington estatuetan barna artzain, jakina, lan egin zuen. Handik itzulita, Xamarrenera ezkondu zen (zuten, egiaren errateko).

Bere sei anaiek Ameriketarako bide bera hartu zuten. Amatxiren aldetik gauza bera, anaia bat Mexikora joan zen, bertze batzuk Argentinara… eta bakarrik Xamarreneko aitatxi-amatxiak aipatu ditut.

Herri oroitzapena labur da eta orain, etorkin berriak gurera iristen ari direlarik, duela gutxi arte hemendik aire egiten zela lan eske, miseriatik ihes eta bizitza duin eta erosoago baten bila ahantzirik dugula iduri luke.

Urruneko etorkin hauek Euskararen hurrengo erronka direla hasiak gara aditzen bertzalde, geroa kolore anitzekoa dela eta Euskara «integratzeko» tresna izan behar dela. Bai ba, lurraldeko mintzaira beti da bertan integratzeko –bizitzeko– tresnarik inportanteena… baldin eta hizkuntza benetan integratuta badago lurraldean, erran nahi baita, tokiko mintzaira nagusia bada (gehienek ezagutua eta erabilia)… bertze gisaz erranik, nekez integratuko dugu inor ia guziz desintegraturik dagoen gure euskaradun komunitatean. Lehen aiseago integratzen ziren, ikasten zuten, beharko ikasi ere ingurukoekin mintzatzeko. Historiari so eginez gero, aipatutakoaren adibideak aurkitzen ditugu, batzuk aski nabarmenak, Etienne Materre frantziskotarrarena bezala. XVII. mendeko lehen euskal liburua (1617an) idatzi eta argitaratu zuen etorkin honek, Axularren Gero baino lehen. Hola idazten zuen aitzin solasean:
«Miretsiko duzue agian nik (Euskal Herriko ez naizelarik) Euskaraz eskiribatzeko ausartziaren agertzea […] zeren Jainkoak […] hizkuntza hunen ikasteko anze apur bat eman derautanaz geroz, iduritzen zaitan hoben nukeela, eta ezagutza gutititako, eta esker gabe izanen ninzela, baldin Euskal Herrian ikasia Euskal Herriko probetxutan enplegatu ez banu […]».
Liburua Euskaldunei eskainia da.

Bertako hizkuntza ezagutzeko nahia pizteko, hiztun komunitate trinkoa behar da izan eta hori ez da gure kasua gaur egun. Are gehiago, bertan sortu edota betidanik bizi diren gehienek ez dute Euskararen beharrik ikusten, hameka deitura euskaldunak izanik ala ez.

Eta borondaterik ez bada, ez dago deus legeak bezala motibazioa lantzeko (Espainiako konstituzioaren 3. artikulua eta Frantziako bigarrena gurean), baldin eta herri «normala» bazara, estatua alegia. Hala ez izanik, beti izanen da Euskara ikasiko duen etorkinik eta hala gertatzen da, dudarik gabe, baina salbuespenak dira.

Oraindik, nik dakidala bederen, egin gabe dago etorkinen historia gure artean, kamioika (literalki) ekartzen zituztenekoa, eta ez bakarrik bizitza maila hobea eskaintzeko xedearekin… funtsean Txinak Tibeten eta Marokok Saharan daramaten politika bera. Kurioski, gero guri leporatzen digute xenofobo eta hertsia izatea, azken bortzehun urte hauetan –bederen– ez dugula inmigrazio politikarik izan. Gainera, hori egiten dutenak beren mugak ongi zainduak eta aski kontrolaturik dituztenak dira, eta gaur egun legeak sortzen dituztenak, nori bai nori ez sartzen uzteko… paterak ondorio.

Kultura desberdinak, ikuspegi desberdinak, ere badirela berriz frogatzeko, gure aitatxiren istoriora itzuliko naiz. Ameriketako bere egonaldiaren berririk ez da kasik familian atxiki eta horregatik ekin diot ikerketa txiki bati, zerbait gehiago jakin beharrez. Handia da internet, benetan harrigarria izan daiteke; gauza da lortu dudala AEBetako zentsuak eta etorkinen agiriak ikuskatzea. Horrela jakin dut yanki gobernuak, nazionalizatuta ala etorkina zen bereizterakoan, alien bezala sailkatu zuela.

On da jakitea kultura inperial horretan atzerritarra eta estralurtarra ele berarekin izendatzen direla; baina, egiaren errateko, ez dakit zergatik harritzen naizen, begi bistan baita AEBetako politikak estatubatuar ez diren guziak estralurtarrak bezala tratatzen dituela.

Nabarra aldizkariaren 20. zenbakian argitaratua, 2002ko azaroa.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code