Xamar
Joan den hilabetean Euskararen Egunaren berri izan genuen; egun nazionalaz ari naiz, Nafarroan, bederen, denbora bada Euskararen egun lokalak ospatzen direla. Eguna ez ezik aste osoak ere antolatu izan dira, programazioa gisa honetakoa izaten delarik:
- Astelehena: poteo euskaldun herriko tabernetan barna.
- Asteartea: hitzaldia, Euskararen egoera Nafarroan.
- Asteazkena: karrika dantzak, trikitrixak lagundurik.
- Ortzeguna: hitzaldia, Xabierko Frantziskoren azken hitzak, euskaraz izan ziren ala ez?
- Ortzirala: bertso afaria.
- Larunbata: herri kirolak.
Poteoarenak arrakasta gaitza bildu ohi du gehien-gehienetan, aise ulertzekoa dena: antolaketan tabernek gogotsu laguntzen dute, bistan da; jendearen aldetik erraz parte hartzekoa da, ekintzak ez baitu dohain berezirik eskatzen eta, eguraldi txarra suertaturik ere, animazioa segurtatuta dago. Euskararen egoera Nafarroan dagoeneko klasiko bat da mintzaldien artean; nik, bederen, duela hogeita lau urte ezagutzen dut. Lehenbiziko hiruzpalau, tira, ongi daude, ongi zeuden duela hogei urte: zenbat herri ziren euskaldun lehen, atzerakadaren mapak eta arrazoiak…; hamaborzgarrenetik goiti –zer nahi duzu erratea?– amodioaren leloa heldu zait gogora (alderantziz, hori bai): atzo baino –, bihar baino +. Lelo guziak bezain aspergarria eta, ondorioz, nekagarria da, baldin eta etorkizunari buruz mintzatzen ez bada, daramagun norabidea serioski aldatzeko menturan… soberan aditu nahi ez direnak maiz, poteo euskaldunak baino ahalegin koherente gehiago eskatzen duelakoz. Musikarena ez da arazo handirik eta, inor hurbiltzen ez bada ere, soinuak lagun karrikan giro dagoela iduri du. Bigarren hitzaldia, aldiz, zailagoa da. Gaia zernahi izaten ahal da, baldin eta Euskaraz ematen bada, jakina: Zapatisten egoera, Euskarazko bi hitz XIV. mendeko dokumentu batean, Pagasarritik Tonbuktura (Mali) bizikletaz (diapositibekin), Argentina malda behera, Predikatu osagarriko izenondoaren erabilpena mendebaldeko goi-nafarreran XIII. mendearen lehen erdian Basaburuan… anitzetan liburu baten aurkezpenerako erabiltzen da bigarren hau: Durangoko azken eleberria, ezker abertzaleko erradikal baten lehen lana (erdarazkoa), Txorhipean… Baina, erran bezala, bigarren mintzaldira norbait biltzea lan gaitza da; badoa aitzina astea, jendea nekatzen hasia da… eta ekitaldi honek ez du gain erakargarritasun izpirik ere, deus ez: ez jakirik, ez eta edatekorik ere… Bertze gauza da ortziraleko bertso afaria! Hor ez da holakorik falta, gero gerokoak… bertsoak, alegia. Astearen bururatzeko, herriko plazan herri kirolak herritar guziendako eta hurrengo artio, aio.
Borondate onez antolatzen direla ez dut dudarik ere –inolako ironiarik gabe errana– baina oroit dezagun munduko borondaterik onenak ez zuela Titanic salbatu. Oraingoz holako egunak gure frustrazioen eta ezintasunaren erakusgarri direlakoan nago, bereziki eskualde aski euskaldunetan, desberdina iruditzen baitzait mintzaira aspaldidanik galdua den eskualdeetan. Panorama honetan Euskararen Egun Nazionala bai dela –enetako– zerbait bizia izatetik ospatzen eta gurtzen den sinbolo hila izaterainoko bidean urrats bat gehiago, bereziki ikusirik Bizkaiko Foru Aldundiak nola ospatu zuen eguna lehengo hilabetean… erlojuak opatzen (abusurik gabe «pertsona bakoitzeko erloju bat emango da») «Euskararen aldeko konpromisoaren agiria sinatzen» zuenari, «konpromisoa egunero gogora dezan». Badakizu, aborigenei bisuteria ematen zitzaien pozik egon zitezen eta boteretxoarekin txintxo jokatzeko. Beraz, opariak behar ote ditugu jada gure izaerarekin atxikimendua dugula oroitarazteko? Dagoeneko Euskararen Egun Nazional baten beharrean ote gaude? Zer… Euskal Herriaren –alegia Euskararen Herriaren- Aberri Egunak ez ote du zerikusirik Euskararekin edo? Bizitzaren ardatz den mintzaira hain da bazter gutartean egun bat behar dugun badela oroitarazteko? O, Eire maitagarria! Gero eta hurbiltzenago!
Bide honetan egun batez gure herrietan haren omenezko monumentuak eraikitzen has gintezke: Euskarari, esker onez edo Hau da euskararen lurraldea, agian Hemen bizi izan zen euskara, Europako hizkuntza zaharrena izan zenari edo horrelako zerbait idatzirik emanez.
Erranak erran, gauza batekin bakarrik nago guziz ados: hautatu egunarekin. Abenduaren 3a Frantzisko Xabierkoren eguna da, bai, baina horretaz landa Gutxitu Fisikoen Eguna ere bada.
Bingo!
Nabarra aldizkariaren 22. zenbakian argitaratua, 2003ko urtarrilean.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina