Mikel Taberna
Lainoak bere baitan biltzen ditu bazterrak, baina haren gainetik bide dagoen eguzkia sumatzen da airean. Sargori. Uzta(ila) da eta herrian zaude. Baratzean lurra aitxurrarekin orrazten ari den gizonak Aiako Harriaren gainean batzarrean juntatu diren hodeiak erakutsi dizkizu. Ez ote diren arratsalderako galerna prestatzen ari. Beroaren gorrotoa. Ez halako kezkarik, ordea. Hemen lurra sobera egarritzeak sortzen baitu egiazko beldurra. Egundaino ezagutu ez denari ikara. Hilabete euririk gabe pasaz gero, munduaren akabera usaintzen hasten da jendea.
Zurarotz batek iltzea pasa du kopetatik, izerdiz bustitzeko. Mailuarekin jotzen duenean, aiseago sartuko da zurean (zu eta zura!?). Altzairuzko punta harroa hagitzez ahulagoa ttantta ezdeus horiek gabe. Xixtuka ari da lanean, zerrautsa inguruan. Badakizu hori gogoan zerbait izatearen seinale dela. Anaia gazteaz oroituko da segur aski. Zuk ere ezagutzen duzu, aspaldi ikusi ez baduzu ere. Irri zabal bat erakusten zizun beti bere aurpegiaren leihotik. Gauaz etorri ziren haren bila eta torturaren tunelean sartu zuten, txartelik pagatu gabe. Debalde ere ez, ordea. Navalcarnero deitzen zaio hartzera behartu duten deserriari. Bi urte eta erdi epaiketaren esperoan. Kolpeka nahiko luke suntsitu zurarotz adiskideak denbora hori, atzera eraman eta desarrazoi hau desegin. Eta kartzeletako paretak ere bai.
Paretetan, hain zuzen ere, pintadak agertu dira. Orain dela hogeita bortz urteko Sanferminak. Mini Morris batean joan zineten zuek, uztailaren bederatziko goizaldean, Lesakako ostatuetan sasoia bildu eta gero. Iruñeko karriketan besta musikarik ez eta entzierroaren ibilbidean grisez jantzitako piztien arrastoak. Lurretik panfletoak hartu zenituzten. Alderdi politiko eta sindikatu anitzek sinatzen zuten presaka idatzitako papera. Ezkerrak. Ezkerra ugari. Zenbat jende izen haietako bakoitzaren azpian? Errudunei zigorra. Herriak ez du barkatuko. German, gogoan zaitugu. Karriketan jende gaztea. Iruñeko gazte guziak justizia eske. Nafarroakoak, Euskal Herrikoak. Eta munduko bat edo bertze. Orduan erraten zenuten belaunaldi kontua zela. Gazte jendea noble eta zuzena heldu zela (euskaltzalea, naturazalea, eskuzabala…). Agintari ustel haiek erretiratuko zirela, edo bulkaka bidaliko zenituztela. Giroa bor-bor, etorkizuna bertze gisa batekoa izanen zen, dudarik gabe. Mende laurdena pasa da, ordea, eta orduko gazte franko (barrikadetan zeudenetakoak zenbat?) gaur egun agintean egonagatik, hau ez da bilatzen zenuten urrea. Pentsatu beharko duzue zertan huts egin duzuen. Baina ez duzue amore eman nahi. Zeuen buruari amets egiten segitzeko agindua eman diozue. Ezin egonean gelditu.
Egonean egoteko ez dagoena bizikleta gainean ibilaldi koxkor bat egiten ari den jende tropa da. Kanpoan galipota urtzen ari baita beroarekin, ostatura sartzera gonbidatu zaitu Martinek. Zerbeza bat hartzera Tourra ikusi bidenabar. Ziklista izana bera, auto batek bete-betean jo eta hezur guziak xehetu zizkion arte. Entrenatzen ari zen fabrikatik atera eta gero. Noizbait ere Tourrera joateko, dudarik gabe. Fabrikara ez bueltatzeko, bistan dena. Amets guziak errautsi zizkioten kolpean. Hezurrak eta ametsak berriz ere osatu behar izan zituen, ezarian-ezarian. Armstrong, Ulrich, Vinokourov, Zubeldia, Mayo. Beloki telebistako pantailan, lurrean, min harturik eta negarrez agertu denean, ondoko mahaitik Lucas xaharra hurbildu zaigu, kolpatua nor zen galdetzera. Ziklista guziak maite baititu Lucasek, baina bereziki kontroletik kanpo ailegatzen direnak, errepide ertzean txiza baino egiten ez dutenak edo La Rochette tête de la course-n jaisten izterra apurtu eta zuzendariaren autoan sartzen direnak. Mc Ewen, Andriotto, Becke, Bertolini, De Clercq.
Juan Inaziok bere museoa erakutsi dizue: etxe azpiko lokala, tailerra edo eskola, non aita maisu izan baitzuen. Bereziki maitagarriak zaizkizu horrelako artistak, «adituen» katalogoetan sartzen ez direnak. Zurekin solas egiteko denbora galtzea inporta ez zaienak. Buzoa jantzirik eta eskuak belzturik agertzen zaizkizunak. Burdina du langai. Urtu, nahasi, loditu, mehetu, bihurritu egiten du, sormenak (moja-serora deabru horrek) jartzen dizkion arteetan plazer handiz erorita.
Baratzezainak makurturik segitzen du. Euskaltzaina ere bada, berak usteko ez badu ere. Etxean duen koneju-amarentzat hosto xamurrak biltzen ari da orain: txikori-belarra. Arkulu bat (arkamelu, arkanbele) agertu da hegaka, plazako haritz zigortuetako hostoen artetik, ezkur hegalari bat balitz bezala: uzta(ila) da eta herrian zaude. Trumoia aditu duzu zuregana hurbiltzen. Ez duzu idorperik bilatu. Euripean txipatu eta pelatu nahi duzu.
Nabarra aldizkariaren 29. zenbakian argitaratua, 2003ko abuztuan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina