2011/04/26

Herriaren Erakusteko Laguntza Praktikoa (HELP)


Xamar

Esker mila; zinez esker mila eman nahi dizkiet gure Herriaren alde dauden politiko guziei (gainerakoen politikoak ez eta aipatu ere, jakina). Eskertza honen arrazoia –dagoeneko nonahi begi bistakoa– azken hogeita bortz urte hauetan oraiko egoera politikoa sortzen lagundu dutelakoz da.

Holakorik hel zitekeenik, ez genukeen asmatuko ez eta gure festondo etiliko depresiboenean ere eta –ez gaitezen engaina, faborez– alderdi politiko (eta orijinaltasun gutxiko banda sonora atzendu gabe) hauen guzien laguntza paregabearekin izan da.


Urte hauetan segitu ditugu beren jarduerak zerbaiten ikasi nahian eta zinez arras pedagokikoak dira. Batzuei nazionalistak garela ikasi diet, ondorioz, gainerakoak ez nazionalistak dira; azken hauek unionistak direla aditu diet bertzei. Beraz, gu separatistak gara, logikoki. Hauek berek, 1979an, Iruñeko Udalean botoak PSOEko hautagaiari eman zizkioten alkatea aukeratzerakoan (eta boto horiei esker lortu ere), ezkertiarra zelakoz…!

Laburbilduz, nazionalista separatistak gara gure politikoen iritziz, frantses eta espainol ikuspegi ber-bera dute alegia. Eskema honekin iritsi gara gauden tokira, ezintasunaren erresumara, gero eta nabarmenago den etsipenaren herrialdera… eta botoak ematen zaizkie oraindik! Bai, baina –gero eta neurri handiagoan– ez haien alde, ez pentsatuz zerbaiten egiteko gai direla, bertzeen kontra baizik, bertzeek (des)egin dezaketen gutxi horren oztopatzeko xedean, azken hauteskundeetan ageri zen bezala. Hauetan, konparazione, adiskide batek papeletak sobreetara sartu zituen, hertsi, nahasi, airera bota eta bat harrapatu; hura izan zen eman zuen botoa, berdin zen zein, helburua bertzeen gehiengoa oztopatzea baitzen. Horretara eraman gaituzte. Nafarroan aspaldidanik hortaraturik ginen, bereziki herri mailan, alta gobernu mailan ez du hori ere balio. Iruñeko parlamentuaren gako izan zitezkeen, eta hala izan direlarik erdararen legea (kurioski ley del vascuence deitua) aitzina ateratzen bideratu zuten batzuek eta bertzek. Berriz ere, esker mila.

Toki guzietan borondate oneko jendea dagoela ez dut nik ukatuko, ez eta aterabidea zehazki non dagoen asmatuko, baina zer ez den egin behar aski garbi dagoelakoan nago, hala nola soilik borondate onak ez gaituela salbatuko.

Beraz, estrategia eta ideia falta, zatiketa eta alderdikeria hau baliatuz, botoetan indartsu dauden tokietan, Nafarroan alegia, oldartzera pasa dira ahalkerik gabe. Hurrengo urratsetariko bat D eredua desegitea izanen da, bereziki sare publikoan; hala edo hola, baina guziz desitxuraturik utziko dute. Ikastolei subentzioa kenduko diete testu liburuak aitzaki, zazpi probintziak agertzen den oro bidea izanen da horretarako; horregatik, hemen proposatzen dut, laguntza modura, erabilgarria izan daitekeen materiala, euskal abertzaletasunetik urrun sortua baina Herria –bere osotasunean– biltzen duena, gobernuak oztopatzeko zailagoa izanen duelakoan: 
  • El País Vasco. Pío Baroja. Ediciones Destino (1953, lehen edizioa; 1961, bigarrena). Berriki berrargitaratu den klasikoa, baina oraikoan zentsuratua izan da, egilea hila dela baliatuz (hau ez ote da epaitegietan salatzeko modukoa?). Azken edizioan hiru probintzia baizik ez dira agertzen. Beraz, kasu! erabil ezazue frankismo aurreko (1939-1975) aroan agertu zena. 1961eko edizioan, adibidez, ikurrina ere ageri da (399. orrialdean, Bayona. Calle engalanada con figuras alusivas al folklore vasco).
  • Los Vascos. Julio Caro Baroja. Ediciones Istmo, Madrid, 1971. Edizio berriak noiznahi ateratzen ari dira, baina, badaezpada, zaharrenak eskuratu.
  • Carte des sept provinces basques. London, 1863. L.L. Bonaparte. Pamiela argitaletxea. Hau ezin lotu dute ez eta Aranarekin ere. Pamielak erabili duen kopia nafar gobernuaren Artxibategi Nagusian dago (dagoeneko erre ez badute).
  • Los vascos. Rodney Gallop. Ediciones Castilla, Madrid, 1948. Jatorrizko bertsioa Ingelesez karrikaratu zuen, jakina, eta, azken edizioa atxematen baduzu (A Book of the Basques. Reno, University of Nevada Press, 1970), Ingeles orduetan erabiltzen ahal da.
  • National Geographic aldizkariko ale hauek: November 1995 (The Basques), July 1985 (Basque whaling in America), December 1974 (The enduring Pyrenees), February 1954 (Life in the Land of the Basques), bertzeak bertze.
  • La historia vasca del mundo. Mark Kurlansky. Editorial Planeta, Barcelona, 2000. Ingelesez, The Basque History of the World, 1999.
  • Around the World with Orson Welles (5. alea: Pays Basque). DVD dokumentala (1 eskualdekoa), Image entertainment 1999.
Gehiago ere bada, baina hau guzia hasiera ona izan daiteke.

Ez, ez naiz engainatzen, Herriaren Erakusteko Laguntza Praktiko hau ere ez da aitzaki izanen boterearen kontra, plan txiki honen siglek adierazten duten bezala: HELP.

Nabarra aldizkariaren 23. zenbakian argitaratua, 2003ko otsailean.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code