2011/04/20

Marmitako


Mikel Taberna

Felliniren Gradisca guziek bainujantzia armairuan gorde zutelarik –Amarcordohartu ginen uda hasia zela azkeneko buztarkak ematen. Akabo lepoatze sentsualak agerian eta kolkoalde lasaiak, haragiaren ostentazio guziak, hurrengo primabera bitarte. Bekatuen koadernoa pisuago, lasterka joan ginen galtza motxetan errealitate idorrera eramanen gintuen trena hartzera.

Beraz, oporraldia amaitu baitzen, kondenatuen bulegora itzuli behar, aire hirotuaren kobazulo hitsera. Egunero bezala, PC batean bere lehen gutun erromantikoa osatu zuen sekretaria lotsatiak babesa bilatu zuen komuneko aterpean. Harako Las puertitas del Sr. López hartan bezala. Haraino ez zen ailegatuko jefe zuriaren irribarre ustela. Atea itxi eta gero, poema batzuk irakurri zituen isilka. Azalaren gozaroa itzulia izan dakigunean… Hozkaturik ditut bular-gereziak… Euria ari du nire klitori gainean. Lankideok banaka-banaka, berantetsiak eta kezkaturik, pilatzen joan ginen atearen bertze aldean, hain komunaldi luzean neskatxari zer gertatzen ote zitzaion jakin-min. Eta txanda noiz ailegatuko zain, bakoitzak geure testua generamala.

Iragan udaberriko hauteskundeen ondotik, Gobernu berria hasia zen agintzen Foru Lurralde zekenean. UPN-CDN. Dena aldatu behar zen deus ez aldatzeko. Funtzionarioen bulegoetan jende tropa berria agertu zen eman zitzaizkien burutza-koroak janztera: kontseilari, zuzendari nagusi, zuzendari… Haietako frankoren kasuan, noizbait egindako mesedeen sari (edo egin beharko zituztenen truke), arratoi aseezinak zaborrez ongi hornituriko ontzira bezala. Goiti nahiak. Egiazko merezimendu eta balioarengatik kargura iritsiak zirenentzat edo, arrazoi horrexegatik beragatik, baztertu zituztenentzat iraingarri. Goitinahia.

Beti ez baita infernu izaten, igandean Donostiara joan ginen, gaupasa eginda. Lezoko bestak bidean. Argi guttiko ostatu berezietan ere saiatu ginen, desorduetan, printzesak seduzitu nahian Grouchori ikasitako posturekin. Bai, to! Makina bat zartako jaso genuen; ez sakelan bakarrik. Estropada eguna. Aupa Zierbena! Gure arteko zakur eskarmentatuena lemazain, Parte Zaharrera sartu ginen, esfortzu handia eginez. Karriketan itsasoa gaixto. San Telmon pilotan aritu ginen eta ostatu batean bina arrautze frijitu jan genituen. Xingarrarekin: gure doping partikularra. Sukaldariak bragak erakutsi zizkigun. Horiak. Ori-o…riak! Ez eroriak (barka errima txarra). Astillerok irabazi, ordea. Boulevard erdian juntatu ginen denak, traineruak adina kolore: españolistak, abertzaleak, nabarristak, navarreroak, jakobinoak, anarkistak, komunistak, antidenak, misiolariak, presoak, bizkartzainak, oenegeroak, eskaleak, turistak, eroak, itsuak, gorrak, soraioak, poliziak, politikariak, hildakoak eta beren ahaideak, apezak, mojak, futbolari korear bat eta enparau guziak. Batzarrean, Ibarretxeri, ETAri eta gainerako alderdietako buru orori karta egitea (Agiria) erabaki genuen: norbaitek denak hartuko gintuen eltze eder bat baldin bazuen, has zedila bere marmitako-egitasmoa edo kalderete-plana prestatzen. Bertzela alferrik ari zirela. Bidenabar, goraintziak bidali genizkien Miguel Sanzi eta Michel Devreti, luneta beltzak lo egiteko ere kentzen ez dituzten espioi horietako baten bidez.

Gu halaxe txorakeriatan ibilki ginen denbora berean, eta Lekeition antzarei lepoa urratzen, Martzillan aitzurrak harrika botatzen (Sunbillan aizkorak, Arroitzen espartinak!…), edo Arazurin zerri karrerak antolatzen zituzten bitartean (aurten Beckham garaile, nola ez!), Iruñeko Udalean euskarari ostiko ttikiak ematen dibertitzen ziren, euskal nazionalisten panpina maitatuena delakoan, Yolanda Barcinarekin batera agintzen jarri diren Alliren alderdiko kideak pixka bat lotsagorrituz.

Beharrik Manu Chaok eta Fermin Muguruzak Erromako zubia pintatu ziguten gure herri kaxkar honen zeru grisean: hizkuntza eta kultura guzienganako maitasuna. Eta pertsonaren duintasunaren aldeko kantua. Zahatoa pasa genien eta irrintziak bota genituen elkarrekin. Dozena erdi bat «gora» bederen. Animoak eman genizkien, irundarrari bereziki, segi dezatela sasoi izugarri horrekin. Eta erran genien, Iruñeko zezen plazan klandestino eta pertsegitu guziei lekua eman zieten bezala, beraiek ere plaza guzietan sarrera libre izatea nahi genukeela. Hurrengo geltokian ere ikusiko dugula elkar.

Baina, denak aitortzen hasita, gu ere ez izaki arraso fidagarri. Gauaz espedizio sekretua antolatu genuen Basaburu aldera joateko. Komandoa. Planoak eta armak prest, eta ideiak argi. Esperantza, iraileko lehenbiziko euriek nolabait biztu izanen zutela idorteak agorturiko mendia. Gauenaraz mozorroturik abiatu ginen. Aurten ezin genuen huts egin. Amanita Caesarea, oihaneko erregina, nola edo hala bahitu behar genuen. Ez erran inori.

Nabarra aldizkariaren 31. zenbakian argitaratua, 2003ko urrian.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code