2011/04/27

Nire egunaria


Xamar

Otsailak 10, astelehena. Gaur guraso bilera izan dugu ikastolan. Irakasleak, testu liburuez landa, ikasturtean haurrek erosi behar dituzten hiru ipuinak aipatu ditu. Asko direnez eta guraso batzuen kexuen ondoren, bat bakarrik erosteko esan du, beste biak bertan fotokopiatuko dituztelako haurrei banatzeko.

Ariketa koadernotxoekin gauza bera egingo dute, urtero bezala, txikiak direlako.

Ez ahaztu kopia bat lehengusuari pasatzeko, herriko eskolan ere erabiltzen baitute.
Otsailak 11, asteartea. Iñakik Mikel Urdangarinen azken diskoaren kopia bat eman dit. Aspaldidanik eskatua nion, bai bainekien berak beste bat bazuela, Mirenek esana.

Asko gustatu zait, lehenengoa baino gehiago. Harritzekoa da rockak «moderno» den guztia nola harrapatu duen ikustea, horregatik, Mikel bezalako gazte baten musika miresten dut. Bada oraino tokia holakoentzat; gehiago sortuko balira, hainbat hobe, ez baita guztia rocka izan beharrik, denentzako tokirik bada eta. Azkenean lortu dut diskoa!

Iberdrolaren gutuna jaso dut: nahi izanez gero fakturak espainolez, euskaraz, katalanez, valentzieraz, galegoz, frantsesez, alemanez, italieraz edo portugesez jasotzen ahal direla esaten du. Horiek ere, edo ezer ez edo guztiak! Nireak euskaraz bidaltzeko eskatu beharko nuke, baina paper horiek euskaraz… nork ulertuko ditu? Finean, etxerako paperak dira… beraz, dagoen bezala utziko dut.

Otsailak 12, asteazkena. Sutan nago. Jean Mixel Bedaxagarrek eta Maddi Oihenartek kantaldi bat eman zuten atzo hirian eta nik jakin ez, Diarioak ez zuen ezer aipatu.

Jakin izan banu, joango nintzatekeen segurki! Holako zenbat galdu ditudan Diarioaren kulpaz! Urteekin aspertzen hasia naiz… hurrengoan gutun bat idatziko diet nire kexua azaltzeko. Gauza da duela sei urte holako bat bidali niela eta ezertarako ez… ez dute kasurik egiten… zer egin behar dugu?!

Otsailak 13, osteguna. Mikelek, berriz ere, disko huts bat eskatu dit. Oraingoan zertarako nahi duen galdetu diot, hilabete honetan laugarrena izan baita. Argitu da istorioa, musikako irakasleak hainbeste maite duen Maixa ta Ixiar bikotearen diskoa grabatu dio.

Jatorra gero irakaslea! Nahi dituztenak grabatzen omen dizkie ikasleei, gaizoak beti diru eskasean dabiltza… eta zeinen ongi erakusten duen… nik holakorik izan banu nire garaietan eta ez Don Ambrosio ergel hura!

Aspaldidanik erosia nuen Atxagaren Memorias de una vaca liburua bukatu dut irakurtzen. Gustura irakurri dut, bederen ez dut hiztegia eskuan ibili behar izan, euskaraz irakurtzen gertatzen zaidan bezala; beti dago ezagutzen ez duzun zerbait. Tira, inork ez du zergatik jakin erdarazko bertsioa irakurri dudala.

Otsailak 14, ostirala. Ezin sinetsi dut. Poteatzen genbiltzalarik, geunden tabernara txinatar bat sartu da diskoak saltzen. Betiko ergelkeriak erakutsi dizkigu eta, joaterakoan, Luisek, beti bezala zirikatu nahian, ea ez zuen Xabier Leteren diskoren bat bota dio. Besteak erantzun: «musika baska?… zuk nahi? nik dut, nik dut… zuk nahi?» manta barnean urduri bilatzen zuen bitartean, hitzak aski ongi ahoskatzen zituelarik… Azkenean, Anje Duhalderen hiru disko, Laboaren bi eta ikusi ez ditudan beste batzuk atera ditu gure harridurarako. Unaik barre ederrak egin ditu Luisen kontura eta honek Laboarenak erosi dizkio lotsa aiseago gainditzeko. Nik bat hartu diot eta Unaik beste bi gehiago, merkeak baitziren.

Txinatarra poz-pozik zegoen, begiak ñir-ñir diruari so. Atera delarik, Luisek zera esan du, txinatarrak disko «basko» horiek hain erraz salduko zituenik amestu ere ez zuela egingo. Unaik gelditzen zitzaizkion guztiak hartu behar genizkiola esan du, ez zezala pentsa herri honetan gure musika preziatzen ez dugunik… Ez zaio arrazoirik falta.

Otsailak 15, larunbata.
Gaur euskara eta euskal kulturaren aldeko manifan egon naiz Iruñean. Jendeketa gaitza bildu gara bertan. Zer uste du nafar gobernuak? Euskal kulturaren kontrako oldarrek eta irainek balio dutela? Ez dugu gure kontra den politika guztia salatu gabe utziko, ez gaituzte isilaraziko, kalera aterako gara behar den bakoitzean, gaur bezala.

Euskal kultura suntsitu nahi dute kosta ala kosta, baina gure eginbeharra da aurrera ateratzea, modu berean, kosta ala kosta… horregatik, Euskal Kulturaren Aldeko Plataformaren (EKAP) hiru kamiseta erosi ditut, bat baizik behar ez dudalarik… eta ni espero nazatela manifa dagoen bakoitzean… gure kultura bultzatu behar dugu aitzakiarik gabe eta kalera atera behar da, aditu beharko digute nahi ala ez, eta behin eta berriz errepikatuko ditugu –gaur bezala– marrantatu arte: Hemen gaude euskararen alde! eta Ea, ea, ea, euskal kultura aurrera!

Nabarra aldizkariaren 24. zenbakian argitaratua, 2003ko martxoan.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code