Mikel Taberna
EGA azterketa egitetik heldu zela topo egin dut kalean, Mañueta, E. adiskidearekin, aspaldiko!, musu eman diogu elkarri. Behatz potoloa goiti egin diot eta galdera keinua aurpegiarekin. Zalantza. Ez dakit gaindituko dudan. Nauten. Zer galdetu, nola neurtu? Ongi egiten ote dira proba horiek. Ez da erraxa izanen asmatzea. Zer moduz, bestela. Ufff! Irakasleak, aztertzaileak, ikaskideak, ni nerone. Eromena. Hiru hilabete eman ditut baserri batean. Kutsidazu bidea, Ixabel. Udan berriz ere joan beharko dut barnetegi batera. Nekea. Hasi nintzenean, lilura, baina orain… Gauza bat ikasi dut behintzat: euskaradun guztiak ez zarete amesten zintuztedan bezain zoragarriak. Beren borondate osoarekin ikasteko laguntza ematen dizuten tipo maitagarriak eta zu umiliatzearekin poza hartzen duten jakintsu-uste gorrottagarriak: fifty-fifty. Zer uste zenuen, ba! Ezin ginen luzaro egon eta aio erran behar. Eskerrik asko, E., zure bihotzeko Martzillako urre zuriarekin aurten esparrago-jaterik egin ez badugu ere, hizkuntza eta jende aldrebes hau ulertzen saiatzeagatik.
Zaldiko Maldikora sartu naiz, ostiraleko saiorako kartelak hartzera. Etxean irakurritako liburuak taldean komentatzen ditugu. Oraingoan, Lourdes Oñederrari sugeak esan bide zizkionak aztergai. Bizitzari buruzko hausnarketa adin kritiko baten talaiatik ikusita. Ez dabil inor kale adokinatuetan eta zuk nabaritu duzu bizitza pasatzen ari dela. Barrena kanpora. Biluztea. Sentimenduen adierazpena. Nola adierazi sentimenduak, ordea? Gizonok ezinago, segur aski. Koadrilakoak juntatu eta solastatuko gara gutako bakoitzari testuak eragin dionaz. Pena hartu dut F. baztandarrak ez dela etorriko erran didanean. Sumatuko dugu bere falta. Bertze gisa bateko liburuak ditu orain gogoan. Gogokoago. Zertan ari behar dugu liburuak bortxan irakurtzen! Irakurtzea ez da berez eta nahitaez ona. Ezta nahitaez ikasbidea ere. Zer eta nola irakurtzen den.
Egunkari Berriaren aldeko predikuak lau haizetara barreiatu ditugu Sarasate pasealekuan. Adierazpen askatasunaren aldeko aldarrikapena egin du zenbaitek. Plaza irekiak behar ditugu! Zernahiren eta nornahiren kontra aritzeko libertatea. Loturarik ez, mehatxurik ere ez. Ez dago jainko ukiezinik! Ezta behar ere! Indarrez itxiarazitako egunkaria zabaltzen laguntzea zuzen eta bidezkoa dela erran du bertze batek. Alde egotea, ulergarria eta eskertzekoa, baina inportantea dena, orain, irakurtzea dela gehitu du. Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago! Hizkuntzak erabiltzaileak behar dituelako (eta erabiliz, erabilgarriago eta ederrago bihurtu; erakargarriago, erdarek liluratzen dituzten gure etxeko eta auzoko guzientzat), eta gurean hitzak are gehiago behar ditugulako. Lehengoen balioa ukatu gabe, solas berriak!
Atarrabia aldera hurbildu gara gauaren epela aprobetxatuz. Dantza musikak eta poz irrintzi batzuek jakin-mina zirikatu digute. Nafarroa erdia eta galaxiarik urrunenak bere sarean harrapatzen dituen Euskalerria Irratiko langile eta lagunak urteroko afari-besta ari dira egiten. Plaza zabalaren eredu bihurtu zaigun komunikabidea. Herritarrek nahi duten irratia. Zokobetailu, Metropoli forala, Osasunaren futbol partiduen zuzeneko emanaldi paregabea… Denboraldiaren amaierako topaketa alaia. Patxarana patxadan eta purua suziri. Eta Larreko saria, Egunkariaren Iruñeko erredakzioko kideentzat.
Azken orduko berria ailegatu da, bat-batean, eta lanari lotu behar, giro ona galdu gabe. Itoitzen makinatzarrak sartu eta etxeak botatzen hasi dira. Harrokeria. Boterearen aurpegia hormigoizko pareta erraldoi bat da, eta atzaparrak hondeamakina gupidarik gabeak. Iruñeko Gazteluko Plazan bezala. Uraren arazoa ez da broma, baina hemen, esplikatu beharrean, porlana botatzen dizute burutik beheiti. Telebistaren ahotik, konparazio baterako. Zimendua, jendearen burmuinak are gehiago soraiotzeko. Mamuaren aurkako borrokan, miresgarria Koordinakundekoen eginahal eskergaitza, maratoilari nekaezinaren lasterketa desarrazoiaren kontra; inbidiagarria Solidarioen ausardia, imajinatzen baititut irribarrea ahoan, eraitsi nahi zituzten bizitoki dotoreen erraiei kateaturik, indar armatuetako agenteek, izerditan eta maldizioka, handik egotzi nahi zituzten bitartean. Ikasgarria. Berriki jendaurrean golde aroa aldarrikatzen zuenaren hitzak hartuz, bertzelako pedagogia baterako gaia, beharbada.
Sanjuanxarrera joan gara, gero, hegaka, Bortzirietara, Arantzatik Igantzira doan errekaren ondora, urte osoko (urteetako!) ondasun eta, batez ere, gaitz guzien zakua herrestan eramaki genuela. Zaku pisua! Sua piztu dugu bazterretako arbaztekin eta gainera bota ditugu atsekabetzen gaituzten poxoin guziak. A ze su ederra! Haren gainean salto egin dugu eta laminekin bainatu gara larrugorritan latsaren ur hotzetan. Hurrengo eguzkialdiak hobeak izanen direlako esperantzarekin, baina baita kezkaturik ere, ez ote ditugun, eskarmentutik ikasi gabe, zaharrak berri eginen, sekula baino indar handiagoarekin oihu egin dugu urteko gaurik laburrenean: sarna fuera!!
Nabarra aldizkariaren 28. zenbakian argitaratua, 2003ko uztailean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina