2011/04/11

Zaharminak


Xamar

Ohiturak aldatzen dira, bizimoduak bertzelakatzen, eta gaur egun balio dena bihar, segur aski, ez da ikusi nahi ere.

Normalean ahazten eta baztertzen diren moldeak ordezkatu egiten dira «zahartu» direlakoz, betetzen zuten helburua ez dutelakoz jadanik ongi bururatzen; ondorioz, bertze berri batzuk utzitako hutsunean kokatuko dira gizartean.

Gazteak izaten dira aldaketa hauen aitzindari, prestuenak zaharkerien baztertzeko eta irekienak sortzen edo iristen diren berrikuntzen onartzeko. Gazteendako zahar kutsu duen guzia baztergarri, are irri edo trufagarri, izaten da berez, sobera gehiago pentsatu gabe. Gaur egungo berrikuntzak, gisa berean, berez dira modernoak eta, ondorioz, guziz onargarriak.

XXI. mende honen hasieran jakin badakigu nondik heldu diren berrikuntza horiek guziak eta zergatik ere; espainol edo frantses bideen bitartez iristen dira baina, ez gaitezen engaina, iturburua –printzipioz– itsasoaren bertzaldean dago.

Gehienetan berrikuntza horiek guziak heldu diren bezala onartzen dira eta ez da nola sortu ziren ezagutzen, ez eta noiz ere. Horren froga dugu, adibidez, azken urteetan zabaldu diren kirol batzuk, gazte ausart eta modernoenen begikoak. 
  • Surfa toki ederra irabazten ari da kostaldeko gazteen artean, gure itsas biziari esker; badugu federazioa, Espainiak baina lehenago izan ere, alta jende gutxik dauka kirol honen berri zehatza. Surfa Ozeano Bareko uhartetan ditu aspaldiko sustraiak eta, gaur egun popularra bada ere, garaian gizarteko elitearen denbora-pasa zen; Hawaii uharteetan, konparazione, herriko nagusien eta beren emazteen esku baizik ez zegoen taula tzarren gainean itsasoarekin jostatzea. 
  • Puenting deituriko kirola ezinago modernoa da ausartenendako, bistan dena; baina Vanuatu uhartetako biztanleendako zernahi izanen da moderno salbu, Ozeano Barean dagoen Pentekostes uharteko Bunlap herrian (Vanuatu estatua), lehen zuhaitz batetik eta gero adarrez osatutako 50 metrotarainoko dorreetatik bere burua hutsera botatzea oinetatik loturik, aspaldiko kontua baita. Ikuskizuna izateaz gain, balorea agertzeko froga bat da eta, era berean, erritoa, jauziek ñame uztaren oparotasuna segurtatzen dutelakoan baitaude. Dorrea auzolanean eraikitzen dute, dantzen eta kanten artean. Eguna iristen delarik, jauzi egin behar dutenak goitira igotzen dira; han kezkatzen dituzten arazoez mintzo dira publikoki, berdin harremanetan nola laneko kontuetan, eta, ondorean, ertzera hurbiltzen dira jauziaren egiteko. Badira une honetan azken urratsaren emateko ausartzen ez direnak eta posible dute gibelera egitea, jakina, ahalkerik pairatu gabe gainerako herritarren aitzinean. Alegia, bertakoen ustetan, salto egiten duenak balorea agertzen du, baina ausartu ez denak ez du koldarkeriarik erakusten. Ikasgai ederra gizarte «zibilizatu»-endako. 
  • Bola-jokoa, pirloak, gure herrietatik desagertzen ari den bertze joko mota da; normala omen, zaharra denez, denboraz kanpo gelditzen ari den bertze denbora-pasa baitzen. Bitartean bowling-ak ugaritzen ari dira esker-eskuin. 
  • Golfak ere tokia nahi omen du gaur egungo usadioen artean, eta horretarako landak –eta daramazkiten arazo ekologikoak– hedatzen ari dira bazterretan. Antzinako Eskoziako artzainek zer pentsatuko zuketen beren joko apalaren arrakastaz!
Honetan guzian bitxia da kasik berrikuntzak denak, modernitate oro, nonbaiteko ohitura zaharrak direla, guk jakin ala ez; agian azalez aldaturik, itxura zerbait eguneraturik, baina, funtsean, aspaldiko ohiturak edo jokoak. Eta gutartean hedatzen dira eta sustraitzen, inperio kulturalaren bidez heldu direlakoz, etengabeko ereduak sortzen eta finkatzen dituztelakoz pelikulen, propagandaren eta produktuen sostenguz.

Ez gaitezen engaina, ez dut uste bertze funtsezko arrazoirik dagoela; bertzenaz frogatu beharko da zertan den bowlinga bola-jokoa baino hobea.

Gauza ez da «gurea» oroz gainetik atxiki eta mantendu behar dugula, Euskararen Herria denborekin eta modekin batera eboluzionatu eta garatu delakoz beti, barneratuz eta baztertuz unean unekoak. Galdera da ea gaur egun onartzen duguna baztertutakoa baino zinez hobea den baizik.

Hau idazten dudan bitartean atean kax! kax! jo dute; irekitzean haur talde bat ageri da mozorroturik ¡regalo o truco! oihu egiten dutelarik. Ez dut sobera konprenitzen zergatik ez duten zuzenean trick or treat! erraten eta Sorry! I don’t understand! ihardetsi diet, bistan dena.

Nabarra aldizkariaren 21. zenbakian argitaratua, 2002ko abenduan.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code