2011/05/10

Atera nazazu lurpetik


Mikel Taberna

Ez dut uste etxekoak banderazaleak zirenik. Nik, behinik behin, ez dut gogoan inoren aldeko oihalik ikusirik, ez agerian, ez gordean. Ezta Manuel Fraga pareko kanpina inauguratzera etorri zelarik ere, orduko Información y Turismoko ministroa baitzen. Oroitzen zara nola eman ziguten besta eskolan? Nola tapatu zituzten bideko lohia eta putzuak harri kozkorrez? Egun hartan ere ez dut uste balkoian halako deus bazenik.

Ezagutu bai, ezagutzen genuen. Ezagutarazia, segur aski. Haur denboraz ari naiz. Eskolan eta, guardia zibilen kuartelean eta, Herriko Etxean eta, elizako prozesioetan eta… Horietan denetan agertuko zen, gehixeago-guttixeago, bandera hori-gorria. Normal bezala hartzen izanen genuen. Inork ez zigun erran bertzerik bazenik.

Ikurrina hitza ez zegoen gure hiztegian
.

Ezta haren familiako bertze batzuk ere: abertzale, gudari, Euzkadi

Biba Rusia!, txispatu ondotik egiten zen oihua zen; Mekauen la Republika!, ustekabekoren bat hartzean erraten zen zerbait; Makis-komunista!, auzoko lagun bati egiten zioten burla gogorra. Entenditzen ez genituen solasak. Gurasoek bizituriko gerra anekdota multzo bat zen. Egia sobera gogorra zen, dudarik gabe, nerabeek aditzeko.

Egun batean pankarta agertu zen karreteraren gainean, ziklisten karreretan bezala. Ez zuen helmuga paratzen ordea, 25 años de paz baizik.

Urtemugako pankarta tirante hura inarrosten zen tarteka, jeneralean herri handietatik etortzen ziren haize kolpeen menera.

Iruñetik biajanteak etortzen ziren gurera. Saltzaileak. Euren larruzko maleta pisuak dendako mostradore gainean uzten zituzten eta haiek irekita saiatzen ziren etxekoandrea liluratzen, deabruak kristaua tentatuko lukeen bezala. Zenbaitek espantu pixka bat ere ekartzen zuten, txaketaren sakeletan edo anteojoen kristalen gibelean. Berri garraio ere aritzen ziren: zenbat jende ibili zen sanferminetan, elurra bazela Belaten, nola ari ziren Edificio Singular deitzen zioten etxe izugarri handi bat egiten…

Haietako batek egun batean merkantzia berezia utzi zuen amaren eskuetan, ezker-eskuin begiratu ondotik: hiru misto kaxa. Muga urratzera gonbidatzen ari denaren irri konplizea eskainiz. Iruñeko jatetxe ezagun baten propagandakoak ziren, plastiko gogorrez eginak. Seme bat kartzelan preso omen zuten. Kaxa bat xuria zen, bertze bat gorria eta hirugarrena berdea. Kontu handia eman behar omen zen, hirurak elkarrekin izanez gero, ikurrinaren koloreak baitziren!

Kamio gaineko pankarta desagertu zen eta pixkanaka-pixkanaka bandera xuri-gorri-berdea, betiere galarazia, ikusten hasi ginen, paretetan pintatua edo argiaren kableetatik zintzilika.
Ez zen trapu arrunt bat. Bertze lurralde baten irudia zen, amets anitzen geografia ireki bat biltzen zuena.

Hemezortzi urte genituen Franco bere ohatzean hil zenean. Neskatan buruz buru ez ginen batere abilak, eta gure terrenora ekartzen genituen: jan-edan ausarkiko afariak. Kortejatze lana mahaiaren bueltan gustatzen zitzaigun. Gure sentimenduen nahasketa afalondoan agertzen zen, Triste bizi naiz eta-rekin hasi eta Itziarren semea-rekin fini, genekizkien euskal kanta guzietan. Gure berotze ariketa partikularra, afalondoaren ondokoak zerbait ekarriko zuen esperantzan.

Koadrilako ausartenari ez zitzaizkion aski iruditzen gure astebururoko kanta saioak. Orduan prestatzen ari zen iraultza politikoaren alde zerbait gehiago egin behar genuen. Proposamena mahai gainera bota zuen: Aberri Egunean ikurrina paratu Doneztebeko dantzalekuaren sarreran. Denak ixildu ginen. Haragi xerra trabaturik gelditu zitzaigun zintzurrean.

Bertzela eskuratzeko modurik ez baikenuen, artista lana egin behar izan genuen. Zalainen hutsik zegoen baserri batean. Maindire bat hartu, pintura erosi eta pintzelarekin eman. Idortzen utzi genuen. Aberri Egunaren bezpera zen.

Gau hartan tiroketa bat izan zen baserri hartatik bortzehun bat metrora. Guardia zibilek tiroka hartu zuten muga pasatzen ari bide zen komandoa, akaso ikurrinez hornitua heldu zena, eta mutil bat hil, Legorretako gazte bat, oker ez banaiz. Ingurua eltzetzuz bete zen, txapelokerrez alegia, eta zoko guzietan bilaka hasi ziren.

Izitu ginen eta, ikurrin sortu berri harekin zer egin ez genekiela, baserriko baratzean lurperatzea erabaki genuen. Lurra eman genion geure ausardiari, zer egiteko kapaz zen erakusteko astirik eman gabe. Ez ginen heroi izateko jaio.

Gero etorri zen legeztatzea. Iribarrek eta Kortabarriak Atotxako futbol zelaian ateratzea. Herriko Etxeko balkoian ere agertzea.

Oteizak bertze ideia interesgarri bat plazaratuagatik (ikurrina osatu gabea, Herri nahi eta ezinaren adierazgarri), gurutzebikoa zabaltzen joan zen han eta hemen. Estudianteen karpeten azalean eta jantzietan itsatsita; automobiletan, banketxeetan, egutegietan; kirolarien besoan; gaxteen aurpegiko mateletan edo kopetan pintaturik, ixter xokoan tatuaia modura…

Denbora luzean galarazitakoa harro-harro erakustea eta gozatzea izan zen, dudarik gabe. Mendeku goxoa, debekatzaileen begien aitzinean.

Jende franko ikurrinaz ederki ase ondotik, toki gehienetan normalizatzen joan bada ere, Nafarroan anitzentzat oraindik ere berekin du euskaltasun ukatuaren kontra agertzeko manera izatea. Batzuetan ez sobera mesedegarri, nik uste (euskararen aldeko manifestazioak ditut burutan; euskararenak behar bailuke are bandera zabalagoa, edo zabalena: banderarik ez).

Orain berriz ere, Nafarroako Gobernua, Miguel Sanz buru, lege bat espres egin eta hasi denean ikurrina berenganatua duten udalak zigortzen (Atarrabian eta Leitzan estreina), Franco biztu balitz bezala, nire buztinezko bihotz honetan sumatu dut halako zimiko moduko bat.

Alabaren discmana hartu, bertan Laboaren 60+2 sartu, eta Zalaingo baratze hartara abiatu naiz, aitzurra bizkarrean, iruditu baitzait orain dela hogeita zazpi urte han lurpean utzi genuena ari zaidala deika.

Nabarra aldizkariaren 34. zenbakian argitaratua, 2004ko urtarrilean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code