2011/05/05

Bizi osoko zirkulua edo zirkulu bizi osoa


(Antzerkia hameka agerralditan)

Xamar

LEHEN AGERRALDIA
 
Oihala igo. Eszenatokian bi gazte, Maider eta Iñaki, pasitan daude kalean eta banku batean eseritzen dira. Kopetilun, hizketan hasten dira:

Iñaki: –Ba… zer nahi duzu… neri Egunkariaren aferak pentsatzekoa eman dit…

Maider: (harriturik) –Ez esan!


Iñaki (serio arraio): –Bai. Egunkariak zabalagoa izan behar zuen… Euskara sobera politizaturik dago eta errua gurea da…

Maider (harrituagoa): –Baina… nola politizatu? Nola politiza daiteke hizkuntza? Politikan erabiltzen delako?… ba inork ez du normalean baliatzen… badakizu, mezua omen da garrantzia duena… guztiengana heldu behar… laburragoa da erdaraz egitea… Euskararen alde betiere…

Iñaki (kexuka): –Ez, ez naiz hortaz ari… Arazoa Euskararen alde ari garenok normalean alderdi politiko edo sektore jakin batzuen aldekoak garela da… horrek markatu egiten du hizkuntza, bakarrik horien ondare balitz bezala ikusten da gizartean… eta hori ez da batere onik… kalte egiten dio Euskarari…

Maider: –Bai… arrazoia duzu… hizkuntzak denonak dira, kultur ondarea dira eta horregatik ez dute bakar batzuen eskuetan egon behar… baina, zer egin hori aldatzeko?

Iñaki: –Euskara atera behar da nazionalisten eskuetatik eta ez nazionalistek ere parte hartu behar dute bere zabalkunde eta normalizazioan, ez dadin inoren alorrean bakarrik egon… guztien lana da… ez bakarrik bakan batzuena…

Maider (baiespen keinuak eginez): –Oso ideia ona… horrela, hizkuntzaren normalizazioa lortzea errezago litzateke… jende gehiagok, alderdi gehiagok, lan egingo luketelako erdiesteko… honen edo haren ondare propioa izan gabe…

Iñaki (indartsuki): –Horixe da ideia… eta, horrela, inork ezin izango luke Euskara politizatuta dagoela esan…

Maider: –Kultura baizik ez da… eta nor dago kulturaren kontra? Inor ez…! Mutil, korapiloa askatu duzu… elkarbizitza xamurragoa izango litzateke … eta azkenean Euskaraz mintzatzea normala izango da!!! Bueno, hizkuntza hori aukeratuta, ze egoera horretan… berdintasunean, erdara aukera liteke, ez?

Iñaki: –Bai, jakina, inor ez baztertzeko… nahiz eta guztiak, une batetik aurrera, elebidunak izan… berdintasuna mantentzeko…

Maider (gogoetatsu): –…gainera… normalizatuta egonik, alegia, lurraldean Euskara bakarrik eginez bizitzea posible bada, beste baten beharrik izan gabe, jende guztia egiazko elebidun delako… ba… agian, Ingelesa gogo eta interes gehiagorekin ikasiko luke jendeak…

Iñaki: –Aise!… jakintzak ez du tokirik betetzen… baina jakintza eskuratzeak denbora eskatzen du… asko gainera…

Maider: –…hori da… eta bestaldetik, hizkuntzak ez badira erabiltzen… hiztunak hitz egiten ez badu… herdoildu egiten zaio… ahaztu…

Iñaki (buruarekin onartzen): –Bai, hori hala da…

Maider (Iñakiren esaldia moztuz): –…ama hizkuntza izanik ere… Euskara normalizaturik, Espainola edo Frantsesa erabili beharrik ez… Ingelesa erabiltzen badugu bigarren hizkuntza… ba… denbora baten buruan euskaldun jendeak Espainola gal lezake …erabiliko ez lukeelako… ez beste zerbaitengatik…

Iñaki (totelka): –Eeeeehhh… baaaaaa… bbbbbaaai… su… suposatzen dut baietz… gerta litekeena da…

Maider: –…orduan… hegoaldean Espainola ahaztu edo guztiz herdoildu zaion jendea gero eta gehiago izan liteke…

Iñaki: –Baina…

Maider (berriz mozten): –…eta jende horrek nekez har lezake bere burua espainoltzat… ez al zaizu iduritzen?

Iñaki (nahigabe onartuz): –Eeehh… bueno… noski… zaila den bezala Alemanez jakin gabe alemaniarra izatea edo…

Maider (harriturik ondorioengatik): –…baina, hala bada… alderdi ez nazionalistei egoera hori ez litzaieke gehiegi gustatuko, ez al zaizu iduritzen? Alderdi ez nazionalistei Espainola galtzea jendea hemen euskaldun osoa delako eta, gainera, arazorik gabe Ingelesaren ezagutza zerbait badutelako munduarekin harremanetan zuzenean egoteko ez… ez zaie gustatuko, ez… alderdi ez nazionalistei espainol ez sentitzea…

Iñaki: –…ez… ez da erreza…

Maider: –…hala izanik edo susmaturik… ez dute parte hartuko Euskararen normalizazioan… are… nahiago izango dute ahalik eta oztopo gehiago jarri normalizazioa gerta ez dadin…!!!

Iñaki (mutu): –…

Maider: –…horregatik bakarrik sektore jakin bakar batzuen interesetan sartzen da Euskara…!! 

Iñaki (begiak zabalduz, mututurik, Maideri begiratzen dio): –…!!!!!!!!

Zer esan jakin gabe, denbora ematen dute isil-isilik, pentsakor biak. Eszenatokia ilundu egiten da. Oihala jeitsi.


BIGARREN AGERRALDIA

Ordu erdi iragan da. Toki berean segitzen dute, Iñakiri zerbait bururatu zaio:

Iñaki: –Ba… zer nahi duzu… neri Egunkariaren aferak pentsatzekoa eman dit…

Maider: (harriturik) –Ez esan!

Iñaki: (serio arraio) –Bai. Egunkariak zabalagoa izan behar zuen… Euskara sobera politizaturik dago eta errua gurea da…
 
Egunkariako adiskideei, esker mila egin, egiten eta eginen duzuen lanagatik.

Nabarra aldizkariaren 25. zenbakian argitaratua, 2003ko apirilean.
Xamar testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Xamar!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code