Mikel Taberna
Ijitoa da Carmen. Barañaingo jostunik hoberena. Zenbat jertse egin, zenbat tarrata konpondu bere behatz antzetsu horiekin! Bere ama zenak zumearekin saskiak bezala, Carmenek jantziak, hari edo artilearekin. Erretiroa hartua beharko zuen, baina oraindik ere hor segitzen du, lantegi bihurtua duen bere etxean. Beti bezeroz edo lagunez inguratua. Ez zuen laketuko senarrarekin bakarrik. Lanbidea bizimodu izaki.
Berak, ordea, bera ez baina bere gurasoak zirela dio. Gurasoak ijito. Eta hori konfiantza pixka bat tartean baldin bada. Bertzela, isilik mutu. Normala, oraindik ere horren pertsegitua den izatasuna erantzi nahi izatea.
Berritsua da gure Carmen bulartsua, eta zoragarria bere gaztelania aspaldikoa. Iruñetik hurbileko herri koxkor batekoa, familia osoa bezala. Gustura aritzen gara berarekin solasean.
«Bueno, ni ez naiz jitua, baina ezin ukatu badudala jitutik zerbait», erran digu begiak pikaro jarrita. «Meriméeren Carmen bezala. Ikusi duzue pelikula?» Ikusi dugula Vicente Aranda espainiar zinegilearena. Hantxe, Paz Vega aktorea, bere izenari uko eginez, gerra ematen habaila. Guri ez zitzaigun izugarri gustatu. Ez gintuen pantailak zurrupatu, fikzioa arraso sinesgarri bihurtzen duten pelikula onetan gertatzen zaigun bezala. Baina kuriosoa izan zen euskarazko esaldiak aditzea, erdaldunentzat azpi idatzirik paratu gabe. «Laguna, ene bihotzarena!» Bi nafar solasean, etxalartarra eta elizondarra.
Barañaingo gure Carmeni zinea izugarri gustatzen zaio. Amodiozko pelikulak bereziki. Ohatzera sartzen da gauero, gizonari ipurdi, bere Clark Gable edo Errol Flynn ametsetan aurkitzeko esperantzan. Senarrak pelikula gogorragoak bizi izan zituen gaztetan, erreketeek eraman zutenean, hamasei urterekin, garia pikatzen ari zela. Gerrara bahitua, boluntario. Ez du atsedenik hartuko lurpean sartzen duten arte. Ebroko batailako odola eskuetatik, bularretik, aurpegitik… kendu ezinik ezbizi da.
Carmen ijito ezbaiko honek ikusiak ditu gazte denboran bere jendearen ezkontza erritu bereziak. Andregaiari lore koroa nola paratzen zioten eta airean nola hartzen zuten izterretatik, eta almendrak botatzen zizkiotela gainetik, hondarreko zapiarena egiteko. Dontzeilatasunaren froga, alegia. Jendeak nola inguratzen zuen, borobil bat egiten zutela, eta esku joka nola sortzen zuten dantzarako musika. Nola puskatzen zuten eltzea: zenbat puska, hainbertze urte esposaturik.
Anjel Lertxundik bere Letrak kalekantoitik jorian, Joxan Hartzabalen disko batetik bildurik, buhamisa batek bere senarrari kantatzen dion hileresiaren berri ematen digu. Martin Galoxi minduri eresia. Hitz ezin ederragoetan, bere maitasuna adierazi bidenabar, alargunak ijitoen bizimodua ere deskribatzen digu. «Martin oroit hiza: Haranbeltzeko oihanean hamasei urte doi-doia nituela hartu nindukan lepotik, ea hirea izan nahi nuen; eta ondoko igandean dupina bota ziteian. Ez baitzen bost pusketan baizik hautsi, bost urterentzat egin genian tratu, eta halere… hogei egon gaituk elkarrekin… Hi hintzen ene argia, ene ogia, ene gasna».
Ordea, gehiago ezagutzen ditugu bertze gisakoak inprimatutako orrietan. Lertxundik berak liburu berean aipatzen digu nola ijito=lapur erlazioak agintzen duen gure gogoan. «Ugariak bezain iraingarriak dira euskaldunon oilalur literarioan ijito lapurrei buruzko akuilukadak; ijitoa eta lapurra etengabe berdintzen dira gure ahozko tradizioan ere», erraten digu. Konparazio baterako, nork ez ditu noizbait ere aditu, edo kantatu, Txirritaren Ijito jende hoienak?».
Carmeni bere aita zenaz galdetu diogu, Josez. Herrian jaio eta beti han bizitua, ziudade handira etorri gabe. Bere ohiturekin segituagatik, fabrikan gainerakoek bezala jornala xintxo irabazi zuena. «Normal» bizitu zena ijitoena ez zen jendartean ere. Ez zen bakarra izan, Nafarroan franko izan dira berriki arte horrela, Iruñetik hasi eta hegoaldera behinik behin. Haien ondoko batzuek euren sinesteekin segitzen dute. Bertze anitzek, berriz, haiek utzi eta gure artean nagusi den bizimodu zabalduenean urtu dira.
Pena dut Jose zaharra maizago bisitatu ez izana. Egoismo osoz akaso, sekula bizituko ez ditudan istorio eta irudiak nire belarrira ekarri gabe gelditu naizelako. Ez ditudalako ikasiko bere ondokoek galbidean duten hizkeran oharkabean txertatzen zituen hitzak; euskararenak (atalo, billurra, zarrandilla…), ijitoen hizkerakoak (muí, busní…), edo bien zelaietan jostetan ari direla iduri dutenak (txuria=nabala, puska=pistola…).
Topiko arinez betea dago euskal lurralde koxkor honetan ijitoei buruzko gure inorantzia. Gorroto eta irain salda zabaldu hori. Agoteentzat, arabiarrentzat, amerikarrentzat, euskaldunontzat edo bertze edozeinentzat, bakoitzari bere tokian eta garaian, (izan) den bezala. Horregatik ez da harritzekoa tarteka sekulako ustekabekoak hartzea. Lehengoan adiskide ahobero bati gertatu zitzaiona: hasi zen bere historia familiarraren ispiluari begira, bere abizen-deitura dudarik gabekoek ustez bermatzen zioten leinu garbitasunaren konfiantzarekin, eta espero ez zuen bere egiazko nortasuna aurkitu zuen aurrez aurre, mingaina kanpora aterata burla egiten ziola. Patziku Perurenak Pupuan trapua-n dioen bezala, zenbat ijito kastako ez ote da gaur egun bere buruarentzat bertzelakorik uste dutenen (dugunon) artean!
Nabarra aldizkariaren 35. zenbakian argitaratua, 2004ko otsailean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina