2011/05/04

Usainak, giltzak eta bonbillak


Mikel Taberna

Paseatzera atera naiz Nei-rekin, ilunabarrero bezala. Apenas dabilen jenderik parkean barna tenore honetan. Bakar-bakarrik gordeka ari behar duten musulapur batzuk eta gu bezalako bikoteak. Sokatik lotua daramat, zabaldu baita udaltzainak fuerte ari direla isunak paratzen. Libre utziko nuke laguna, halere, baina farolek argi itsugarri izugarria botatzen digute, goitika bezala. Salatari. Gustura puskatuko nituzke harrika, denbora batean Bidasoa gurutzatu behar zuten kontrabandistek zubiko bonbilla xehetzen zuten bezala. Maiteminduak ere pozik hala eginez gero, les amoureux qui s’bécott’nt sur les bancs publics.

Media Luna da Iruñean bizi garenon Kontxako paseo partikularra. Gure talaia. Alde zaharra eta haren inguruko auzoak kokatuak dauden goi-zelaiaren ertza, balkoia. Iparrera begira, haize hotzak jotzen du maiz, baina hemen begiek pasealeku zabala dute, lokarririk gabe ibiltzeko, xakurrek ez bezala. Mendiak eta zeruak bistan. Arga, sugetzar motel hori, nagi, ziudadeko jendetoki pozoitura sartu nahi ez balu bezala. Madalenako baratzeak. Zaldi-behorrak belartegian jostetan.

Nei nire aitzinetik doa, burua goiti eta belarri xorrotxak tente, eta buztan iletsua zubi, bizkarraren gainean pausatua. Iduri du saltoka dabilela, baleteko dantzari bat bezala. Ezker-eskuin begira, adixkiderik aurkituko ote duen. Aukeran, emeak eta bere tamainakoak nahiago. Bakarren bat ikusiz gero, harrizko estatua bezala kieto eta urrundik begiratzen dio. Itxura, ilajea, jarrera eta begirada neurtu beharrekoak dira lehenbiziko erabakia hartzeko. Hurbiltzeko edo ezikusiarena egiteko. Mesfidantzaren galbahea pasatuz gero, ikusgarria izaten da nola agurtzen duten elkar. Usain belarrietan, muturrean, lepoan, bizkarrean, bertzeak egiten duen pixan. Eta sexuan ere bai. Eta hortxe berean milika ere igual batak besteari. Pentsa gizakiak balira! Oroitu naiz lehengoan titulua aipatu gabe utzi nuen bulegari poemazalearen liburu ederraz: Azalaren kodea. Hauena, berriz, usaimenaren kodea litzateke, Larrepetiten pasarte hartako etxekoandrearena bezala, bi iheslari arrotzak sukaldera sartzen zaizkiolarik, «Sukaldera itzuli denean Inesek usain zaharrak eta berriak aditu ditu. Nahasketa mina da, baina, aldi berean, arina eta urruna. Ines usainak bereizten ahalegindu da. Aire epelean kea eta izerdia, hosto berriak eta sustraiak dabiltzala esanen luke».

Deskuidoan emea ohara baldin badago, eromena izaten da. Baina orduan erortzen da lurrera debekuen kontrako gure diskurtso osoa, udazken haizetsu honetan orbelak arboletatik bezala, antikontzepziorako sistemarik tristeena erabiltzen baitugu: egiten ez uztea. Jabeak debekatzaile orduan, eta poliziak irriz, bazterretik begira. Guk sokari tira alde batera eta xakur sukartuek bertzera, nor gehiago, ematen dugu arrantzaleak amuan sekulako izokinak harrapatuak dituztenak. Egunen batean matxinatuko zaizkigu gure saingari guziak.

Oro ez da urre haien harremanetan, baina zoragarria gure animalien biluztasun totala (uzten diegunean!). Sentimendu guziak agerian. Barrena kanpora! Eta guk, berriz, zenbat estaltzen ditugun geureak! Geure baitako animaliarentzat katerik motxena.

Dena dela, badira sentitzen dena adierazteko modu diferenteak. Gure artean hurbilago gaude, segur aski, Eduardo Galeanoren El libro de los abrazos-en aipatzen diren bi uruguaiar haien maneretatik. Aspaldi elkar ikusi gabeak baitziren, ostatu batera sartu ziren zerbait elkarrekin hartzeko, «Y pasaron unas pocas horas y unas muchas copas hablando del tiempo loco y de lo cara que está la vida, de los amigos perdidos y los lugares que ya no están, memorias de los años mozos…» Gau osoa pasatu zuten, «queriéndose sin decirlo y abrazándose sin tocarse».

Adixkidetasunaren gainean gauza gehiago kontatzen du idazle hegoamerikarrak liburu berean. Caracasen adixkideari «nire okindegia» edo «nire giltza» erraten zaiola, konparazio baterako. Galeanok berak hain maitea duen Mario Benedettik ongi entenditzen du bigarren hitz horren esanahia, hark bortz giltza baitzituen sakeletan, haietako bakoitza lagun baten etxera sartzeko, Buenos Airesen gordeka ibili behar izan zuen denboran. Haiei eskerrak segitzen omen du gaur den egunean bizirik.

Guk bagenuen lagun maitagarri bat sekulako besarkadak ematen zituena
. Bere beso handiekin ustekabean preso hartu eta igual airean altxatuko zintuen, Perurenak ehun kilokoa baino aisago. Joan den urteko apirilean joan zitzaigun, eta adio errateko elkartu ginen lagun koadrila bat. Iñaki Irazuren hitzekin eginiko kanta ederra kantatu zion Jabier Muguruzak, Benedettiren giltzak oroitarazten dituena, «Nire etxera etortzen bahaiz beti izanen duk hautsontzi bat hutsik, txukun, hiretzat… Galdera gorririk gabe hire etorria hautsi gabe poz pozik hartuko haut…».

Erretira egiteko ordua ailegatu zaigu eta, etxera bidean, sasi artean libre bizi diren katu basak sumatu ditugu zelataka. Haiei bezala, begiak lanean ari zaizkie sakeletan giltzarik ez duten gizon-emakumeei, gaua pasatzeko idorpea bilaka, erakusleihoak Belengo jaiotzarekin apainduak dituzten denda dotoreetan. Eguberriak hurbiltzen ari dira eta, saltokien gisara, kaleak ere koloretako bonbillez hornitu dituzte. Etxegabe batek eskuak sakeletan sartu ditu, bertan dituen errekarriak behatz punttekin ukitzeko.

Nabarra aldizkariaren 33. zenbakian argitaratua, 2003ko abenduan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code