2011/06/13

Facebooken sartu berri naiz


Taloa asmatu dudanaren itxura ematen badu ere, sare sozial ororen ama den horretan izena emateko nire zalantzak nituela onartu behar dut. Ez nuen argi ikusten, ez sartu aurretik, ezta sartu eta berehala ere; eta oraindik –egun gutxi batzuk daramazkidala– ez dakit ez ote naizen damutuko. Kontua da barruan nagoela.

Ezer ez da arrazoirik gabe gertatzen, eta nire sarrera hau Facebookeko komuneko leihotik ez da salbuespena. Buruan bueltaka dudan proiektu bat izan da arrazoia nire kasuan. Bere ordua iristen denean azalduko dut hemen, ez baitut zortea zirikatu nahi. Egitasmo honen izaera teknologikoak bai edo bai behartzen ninduen zera horretan orrialde bat izatera. Gaur, Twitter eta Facebook beran aurkitu eta berraurkitu dudan jende jatorrak emandako bultzadatxoari esker, ditxosozko orri hori gauzatu da eta espero dut epe labur batean hasierako plan honek itxura ona hartzen joatea.
Oharra: Ez dakit oso ongi zertarako balio duen, baina orri horren "Atsegin dut" botoia sakatu dezakezue. Ondoko zutabe honen goiko aldean ere bada Facebookeko koadrotxo bat, eta hor ere balio du. Horrela nire txoko berri horren zale, lagun edo denadelakoa egin zaitezkete. Ez dizue egunerokoan ezertan bereziki lagunduko (ez epe laburrean, behintzat), baina ez diozue inori minik egingo eta inolako animaliarik ez du kalterik jasango horregatik. Honaino oharra.
Munstroari buruz lehenengo aipua, behin gertutik eta barrutik ikusita, txutxumutxuaren lorategia dela. Iratiko oihana, hobeki esanda. Baina horren susmoa baneukan sartu baino lehenago. Berririk ez, beraz.

Bigarrena, ni naizen traketsarekin, izugarrizko lana emango didala mundu paralelo horretara eta bertan manejatzeko erara moldatzea.

Hirugarrena, horretan murgilduta nagoela, zerbaitek bultzatu nauela blog honen sarrera guztiak Atsegin dut eta Bidali botoitxoekin gupidarik gabe jostera. Norbaitek erabiltzea espero dut. Era berean, maitasun osoz eta mimo guztiarekin argitaratzen ditudan gauza hauen inguruko iruzkinak ere espero nituen, eta jai. Oso jende jatorraren denbora eta interesa biziki eskertzeko probestuko dut. Bada blog hau irakurtzen denboratxo bat txokoan eman ondoren, bi paretako iruzkinekin tantoa egiten duen jendea.

Eta azkenik, Twitter eta blog honetan berriketan ari baginen, hemendik aurrera ere beste plataforma honetan egin dezakegula esan nahi nizuen. Guztion onerako izan dadila, sikiera.

Eskerrik asko beste aldean egoteagatik. Jator asko zarete.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code