Pozik ospatzen dut azken bolada honetan bereziki maite dudan genero baten berpizkunde txikia. Musikalaz ari naiz. Ez dugu, jakina, garai bateko Gene Kelly eta Judy Garland, edo Fred Astaire eta Ginger Rogers ospetsuen antzeko ezta pareko den artistarik ikusteko aukerarik; ezta beharrik ere, haiek ederki asko bete zuten bere txokoa. Pantailetan modan dagoena beste joera bat da. Aktore pare bat hartu eta ikuskizun izugarri barroko baten erdian kantatzen eta, beharbada, dantzatzen nola moldatzen diren ikustea. Chicago, Moulin Rouge… horren eredu.
Bada zerbait, batez ere genero hau Disney faktoriaren esklusiba bihurtzen ari zela uste genuenon ustez.
Musikala, nire iritziz, generorik faltsuena da, edozein errealitateri desafioa botatzeko gai, eta horrexegatik ere liluragarriena. Nola daiteke, zer-nolako legeen aginduz uler daitezke bertan agertzen diren egoera psikotropiko horiek? Inoiz gertatu al zaizu kaleetan zehar txistuka ibili, kantu bat hasi, dantzari ekin eta inguruko guztiak zure erritmoari jarraitzeko eta hitzak zurekin batera abesteko gai direla ikustea? Eta are gehiago, normaltasun osoz. Hori da niretzat inoiz beteko ez den ametsa. Unibertso osoak zurekin bat egiten duenean gozatzea. Integrazio eta zorion kosmikoa, borobila, erabatekoa. Baina, hori gertatzen ez zaidan bitartean, fotogramek osatutako oroitzapenetara jo behar dut.
Horrela esnatu ditut begien atzean lo zeuden Paint your Wagon (edo La leyenda de la ciudad sin nombre, nahiago baduzu) filmaren abestiak. Joshua Logan-ek (Picnic, Bus Stop, Camelot…) 1969an sinaturiko filma. Bertan kontatzen den istorioa benetan kezkagarria da, azaletik barrura dagoenari erreparatzen badiogu.
Mila aldiz ikusitako hiruki itxura duen harremanari buelta eman eta primeran konpontzen den hirukotea aurkitzen dugu. Lee Marvin maitagarri bat eta Clint Eastwood gaztetxo bat akordio batera iristen dira biek maite duten emakumearekin (Jean Seberg indartsu bat) hirurak elkarrekin bizitzeko, urre-bilatzaileen kanpamentu baten erdian, kolonizatzen hasi berri diren Michigango lurretan, eta aurreiritzi moraletatik aske. Halakoxeak dira pertsonaia gehienak: moldagabeak, askeak, egiten dutena natural sentitu eta natural egin sentitzen dutenak, Sarasuak esango lukeen bezalaxe.
Tamalez, kanpamentu hori hazi eta, hiri bihurtzeko asmoz, jendea uholdeka agertzen denean, amodio garbi eta adostu horrek ez du tokirik izanen. Erlijioak, itxurakeriak eta balizko «zibilizazioaren» moralak hasiera batean natural zena zanpatzen dute. Bai harremanari bai inguruneari, eta, era esanguratsu batean, hiria berari, helduko zaie hondamena, gizakiak asmatu eta bultzaturiko arauei esker, edo haien erruz. Justizia poetikoa? Zerorrek erabaki, gozatu eta aulkian oinak mugitu ondoren.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina