2011/07/21

Gustatzen zait


Lagun bati pelikula baten gomendioa eskatzea gauza arrunta da guztiz. Gehienetan inuxentea ere. Bizirauteko instinto baten oihartzun urruna da. Orientazio behar bat, ibiltzen laguntzeko makulu baten premia, gauean argi baten garrantzia. Esfortzu txikienaren beste instinto horrekin nahasten den zerbait dugu, hain hedatua dagoen horrekin. Gutxieneko inbertsioa, etekinik handiena.

Lagun bati pelikula bat (edota liburua bat, oporretarako helmuga bat, jatetxe bat edo bertan aurki daitekeen kartako plater bat, berdin dio) gomendatzea alferrikako arriskua da, doaneko abentura suizida. Adiskidetasuna kolokan jar dezakeena, edota are geihago: urteetan landu duzun zure gustu onaren inguruko erreputazioa txikitu dezakeen ausardi garestia. Planetaren zirrikitu ilunean estaltzeak ere ez zaitu salbatuko horrelakoetan.

Nire kasuan, berdin dio noraino ezagutu ahal dudan nire solaskidea. Hankasartzearen mamua bueltaka daukat beti horrelako eskakizun baten inguruan. Gomendioak era naturalean egiten direnean, segurtasunak bultzatuta suertatu daitezke. Galdera zuzena egitean, ordea, argi gorria pizten da eta sirenak uluaka hasten dira arriskuaren abisua emanez.

Hoberena gaia ekiditea litzateke, baina hori ere ezin. Ni ez naiz horren trebea, behintzat.

Bada ur azpian ere isiltzen ez dena
eta burutik pasatzen zaion edozer gauza kontatzen duena: prentsa idatzian, telebistan, irratian, interneten horretarako espreski sortu duen blog zoragarrian… Hauek kritikoak bezala ezagutzen ditugu. Hauetako askok beraien puzkarren usaina zabaltzeagatik kobratzen dute. Norbaitek erabaki zuen behin kritikak zorrotza izan behar zuela zuzena izateko, baina gupidagabetasunarekin nahastu da ideia hori, eta orain kritika zuzena kritikaren objektua den hori larrutzen duena da. Ahalik eta min gehien egin, eta hobe.

Jendeak, gainera eta dirudienez, hori eskertzen du. Bada espainiar telebista batean ustezko musika saio bat –pelikuletaz aritu beharko nintzateke, badakit– non izarra kritikari bat den. (Eva)Risto Mejide izeneko tipo gordin eta zakar bat, guardiazibil betaurreko batzuen atzean parapetatzen den tipo serio bat. Gogorra izatea, krudelkeria, saritzen du publikoak. Zirko erromatarrean bezalaxe, lehoiak kondenatua deboratu behar du ikuslegoak pozik txalotzeko. Eta ikuslego bera hori, mesfidati agertzen da kritika on –aldekoa den kritika, alegia– baten aurrean. Irizpide falta delakoan edo, zorroztasuna eta labankada pare bat faltan botatzen da.

Nabarrak eskaini didan sail honetan beti gomendioak egiten ahalegindu naiz eta ez kritika zakarra eta bortitza. Batzuetan lortuko nuen, hala-nola; beste askotan ez. Baina gustatzen zaidan zerbaiten inguruan idazten saiatu naiz. Entzule bati irratian entzun nion behin zinema-kritikari zehatz bati egindako aipua (eta munduko zinema-kritikari gehienei zabaldu ahal dena, beste edozein motako kritikariei bezalaxe): “Ez bazaizu inoiz ezer gustatzen, zergatik dedikatzen zara honetara? Egin ezazu gustuko duzun zerbait”.

Horrela, 2008ko abuztuan atera zen Nabarra 88an bukatutzat eman nuen nire atal hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

3 iruzkin:

  1. josevisky11/7/21 14:50

    Ados, ados, ados. Entzule hori ez zen ariko hizketan irratian pelikula guztiak txikitu eta gero telebistako bere saioan ematen dituen filme DENAK (baita zaborra hutsa izanda ere) goraipatzen dituen kritikari batetaz, ezta?

    ErantzunEzabatu
  2. Ba ez dut gogoratzen. Esaldia grabatuta geratu zitzaidan, eta uste dut kritikari ororentzako balio duela. Nortaz ari zara zu?
    Niri beti gustatu izan zaidana, telebistako zinema kritikarien artean, Días de Cineko Gasset zen. Ona edo txarra iruditu, esaten zuen inolako konplexurik gabe eta inongo enpresarekin zorrik izango ez balu bezala. Hori tipoa!

    ErantzunEzabatu
  3. Portzierto, Josevisky. Ona Argiako elkarrizketa. Estamos que lo petamos, eh?

    ErantzunEzabatu

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code