2011/07/26

Kandelak


Mikel Taberna

Ogia erostera sartu naiz etxe ondoko denda ttikian. Saltzailea adineko emakume batekin ari da. Emakume xaharrak ogia, kontserba potoak, fruta… erosi eta bere lagun gazteari ematen dizkio, kapazuan sar ditzan. Gazteak etxeko lanak egiten dizkio eta gero paseoan lagun; eta, orain bezala, mandatuak etxera garraiatzen ditu. Kolonbiarra da, edo ekuadortarra bertzela, edo ukrainarra akaso.

Bertze bi emakume xahar, morroi-lagun atzerritarrik gabe, txanda esperoan daude, haren gibelean. Oroitzen zara, erran dio batek bertzeari, auzora etorri ginelarik, jende zaharrik ez zegoela? Zeinen gazteak ginen? Zenbat haur orduan! Oroitzen hemen parean ez zegoela etxerik, dena baratzeak zirela? Eta fruta arbolak! Gereziondo eder haiek! Bizitza joan zaigu!, segitu dio bertzeak. Eskaileraren hondarreko mailan gaudezi oraintxe! Irri goxo bat ageri, amore emanda bezala ateratzen zaizkie hitzak. Harrigarria, nola ez diren koleratzen eta nola ez diren maldizioka hasten gorputzetik ixilka-ixilka gaztetasuna zurrupatu dien etsai ikusezinaren kontra.

Koleran egin zuen oihu Zoki lesakarrak bere poeman, ordea, «ez dinat entenitzen nola ez duten para debekurik 25 urtetan hiltzeko». Gure Luzia ere gazteegia zen begiak betikoz josteko. Aitzineko astean egin nion bisita. Banekien ez zuela luzaro iraunen. Minbizia. Berak ere bazekien. Baina nik erratea nahi zuen. Eta nik ezin egiarik aitortu. Sendatzen zarelarik, sekulako afaria egin behar dugu sagardotegi batean. Eta berak irri nekatua begietan. Hontz ttiki bat eramaten nion erregalo joaten nintzen aldiro. Iruditzen zitzaidan hurrengora bitarte luzatzen niola bizia horrela. Ohatzearen ondoan paratzen joan zen denak. Gustatzen zitzaizkion. Azkena ezin izan nion eman. Hortxe dut leiho ondoan niri begira, burua alde batera egitea bertzerik ez dut bera ikusteko: hontxa, Luzia.

Hileta-funtzioa herrian zen, eta gu ere hurbildu ginen. Bidasoaldea zoragarri zegoen. Negu gogorraren ondotik udaberria sasoi betean. Sahats-txarikak loretan, sanjose loreak bazterretan! «Sinesten dut hartuko nauen lur hortatik landare berriak sortuko direla, zuhaitzak, loreak…» Xabier Leteren boza irrati kasetean. Hura jendeketa! Ikaragarrizko jendea heldu da!, erran zuen herriko emakumeak leihotik. Hilkutxa auto handi batean ekarri zuten elizako ateraino. Beltz eta distira, txapari lustre eman berria bezala.

Oroitzen zara denbora batean nola egiten zen bide guzia oinez? Baita baserri urrunenetik ere! Kutxa bizkarka lau gizonek. Gure etxeko atean gelditzen ziren eta almazeneko mahai gorrizta ateratzen genuen bidera, han pausa zezaten karga, gero berriz ere segitzeko. Hilaren inguruko etxeetako haurrei kandela bana ematen ziguten, hura biztu eta lerroan joan gintezen, kutxaren aitzinetik eta apezaren ondotik. Zu ere ibilia zara horrela, zeure nerabe begi izituekin denari erreparatzen: negar isila, besarkadak, kolore ilunak. Heriotzaren misterioa.

Aspaldi honetan hiletetan bakarrik bisitatzen ditut elizak. Hotzak harrapatzen ditut, hala harriak nola paretetako irudiak. Eta nahiko jasangaitzak aldareko hizlari batzuen predikuak. Lehengoan, joan zitzaigun lagunaz eta hainbertze jende bildu izanaren pozgarriaz aritu beharrean, apezak probetxatu zuen ni bezalako aunitz juntatu ginela, sekulakoa botatzeko. Fededunaren bentajak kantatu zituen. Eta zalantzaren jabe garenontzat mehatxu. Neurri luzean, baina sobera arriskatu gabe aritu zen bat-batean, elkartzen garen aldiro bertso berberak izaten baititu. Kontrariorik gabe, bera txapeldun.

Frankotan pentsatu dugu bertzelako lekuak eta manerak asmatu beharko ditugula maite ditugunak despeditzeko. Galeren eta galderen pisua arinduko diguten hitzak erraten ikasi beharko dugula.

Bonbak eskatu dizkio saltzaileari mostradorera justu-justuan ailegatzen den bezero gaxte batek. Bada haurrik oraindik ere auzoan! Ez dira Madrilgo tren geltokietan lehengo egunean paratu zituztenak bezalakoak!, broma bortxan isuri du dendariak. Hauek, lehertzen direnean, krema gozoa zabaltzen dute gorputzean barna.

Telebistan ikusi ditugu gorputz hautsiak. Madrilen, Iruñean eta Hernanin. Ez dira irudi arrotzak, egunero horien gisakoak ikusten aspertuak baikaude (aspertuak!?) nahitaez irakatsi zaizkigun geografia batzuetan (Afganistan, Irak, Palestina…). Orain odolaren usaina hurbilago sumatu dugu, eta imajinatu ditugu telebistari begira bertze begi batzuk harako lurralde haietan. Lehendik ere paraje hauetan ederki genekiena, berriz ere, heriotza ez dela bakarrik ohatzean ondora ixilka sartzen zaigun hori, alegia.

Bezeroen artean aipatu dugu nolako atsedena hartu genuen argitu zenean nor zen lehergailuak paratu zituena. Emakume xaharrenak ustekabea eman digu, berak Puiko Ama Birjinari segituan otoitz egin eta eskatu omen zion ETA ez zedin atentatuen egilea izan, eta promes egin omen zion bere eskaria entzun eta betetzen bazuen Lizarrara joan eta oinez iganen zela muino batean dagoen basilikaraino, eta hantxe kandela bat biztuko ziola, eginiko mesedearen truke.

Atentatuen ondotik, Hegoalde honetan hauteskundeak, eta hauteskundeen emaitzekin, espero ez zen egoera. Etorkizuna beti galdera ikur bat da, batez ere norberaren esku ez baldin badago, baina martxoaren hamalauak lurrikara ttiki bat eragin du, dudarik gabe. Beharbada mugimendu horrek ez du deus aldatzeko balioko, baina agian ere zerbait hobea etor liteke. Agintari berrien promesak, su-etenaren zurrumurrua…

Kandelaren bat erosi beharko dut.

Nabarra aldizkariaren 37. zenbakian argitaratua, 2004ko apirilean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code