Mikel Taberna
Goiz hartan, ernatu eta ohatzetik jaiki nintzenean, ohartu nintzen zerbait berezia gertatzen zela. Argia biztu eta leihoa goiti altxatuagatik, ez nuen tutik ere ikusten. Sara ere harritu zen, ni bezalaxe zegoela konturatu zenean. Bat-batean itsutu ez baginen, gure munduan zerbait arraroa pasatzen ari zen. Ez genuen deus ikusten eta bero kilikagarri bat sumatzen genuen gorputz osoan. Negu gorrian! Irratia martxan jarri genuen. Orduantxe justu-justuan ari ziren Euskadi Irratian (Donostiatik edo…) eguraldiari buruz: «Zeru urdin-urdinak Euskal Herri osoan». Iruñeko Euskalerria Irratira pasa ginen, ea zer ote zioen. Hartan bai, Irrintzi dorretik, berriemaile batek hatsanka eman zizkigun behar genituen argibideak: «…sekula ezagutu gabeko fenomenoa gertatzen ari da Iruñean; laino gris lodi-lodi bat, afrodisiakoa, zabaldu da hiri osoan…» Kazetariaren azken hitzak ez genituen aditu, ordurako Sararen eta bion gorputzak korapilaturik zeudelako, kontu ezineko goxaldi eroan.
Aritu ondoko nahitaezko soseguak ez zuen luzaro iraun gure baitan. Segituan genuen ezinegona berriz ere geure buruaren jabe. Kanpora atera ginen, bertze asebide batzuen bila, eta gainerako jendea nola ote zebilen jakin nahirik. Gure eskailburu bereko ondoko ateko etxekoandrea hurbildu zitzaigun istantean. Beti jenio txarrez egoten zen andaluziar bat, auzoko zaharren biltokiko presidentea. Usainagatik nabaritu genuen guregana heldu zela eta, ondo-ondoan jarri zitzaigunean, frogatu genuen (ukimena ez genuen galdua) gu bezalaxe hura ere larrugorritan zegoela. Ez ikustearekin, lotsaren trabarik ez zegoen! «Sentitzen dut, baina berandu zabiltzate, okupatua nago» erran zigun irriz, «hamargarren pisuko aitona etorri zait; nahi baduzue geroko txanda hartu…». Ezin genuen sinetsi. Eskailerak beheiti abiatu ginen. Etxeetako ate gehienak irekiak zeuden eta haietako batzuetatik oihu adierazgarriak aditzen ziren: laino epel haren azioa, dudarik ez zena.
Kanpora atera ginenean, nor bere alde joatea erabaki genuen. Bakoitxak ahal zuena egin zezala. Dena-libre iduri zuen egoera edo amets hura aprobetxatu behar genuen. Zernahi eginda ere, ez ginen haserretuko. Eta bereizi egin ginen.
Espaloietan, behin baino gehiagotan trabatu nintzen elkarren gainka pilatzen ziren gorputzekin, baina aitzinera segitu nuen, inori kasurik egin gabe, merkaturaino ailegatu arte. Astero joaten bainaiz erosketa egitera, ongi ezagutzen ditut hangoak, eta banekien han, metro karratu guttitan, aukera zabala izaten ahal nuela, haiek ere akort izanez gero, jakina. Halaxe izan zen.
Hasteko, barazki ekologikoen saltzaileen baso-besoetan galdu nintzen; gero, fruta-saltzaileen marrubitasun orokorra dastatu nuen; segidan, gasna-saltzaileen gurin-eskuen leuna sentitu nuen azalaren xoko guzietan; oraindik aski ez izaki, eta arrain-saltzaileen gordinkeria eszitagarriaren berri izan nuen; ondotik, haragi-saltzaileek ere harritu ninduten, hain zehatz baitzekiten kolpe bakoitxa non eta nola jo; hondarreko, gozotegiko madalena-saltzaile bekatariekin azukrezko lo kuluxka batean amaitu nuen.
Ez dut uste izaten ahal den inon plazeren azoka hura bezalako zerurik.
Iruñea osoa hala bide zegoen. Dendariak bezala, kale-garbitzaileak, bulegariak, poliziak, fabriketako langileak, eskaleak, neskameak, medikuak eta erizainak, apez eta mojak… Denak jo eta ke, larrua urratu arte.
Denak erran dut? Ez! Opus Deiren Unibertsitateko lurpeko bunker gorde batean jende multzo koxkor bat bildu zen. Hantxe zeuden gure «erresuma zahar» honetako agintari nagusiak (politikariak, militarrak, elizgizon-emakumeak…), ordenaren eta moralaren zaintzaileak, beren kofradietako militanterik fidelenekin, spray antiafrodisiako bana eskuan. Hagitz kezkaturik zeuden. Deskubritu behar zuten gertakari haren arrazoia, sprayak agortu baino lehen.
Harat eta hunat espioiak bidali ondotik, agudo iritsi zitzaien espero zuten berria: liburu sospetxagarri bat aurkitu zuten Gaztelu Plazaren erdian. «Liburu bat, berriz!» pentsatu zuen Barcina alkate andreak. «Liburu batzuk hagitz arriskutsuak dira!» erran zuen Sanz presidente jaunak. Denak oroitu ziren Udalak Pamiela argitaletxeari zentsuratu zion liburu erakusketako Joseba Sarrionandiaren argazkiaz (etakide bat irribarre xamurra ezpainetan!) eta Bonaparteren euskalkien mapaz (sekula existitu ez den Euskal Herria izeneko asmakeria hori, aizu!), bai eta Gerra Zibileko biktimen datuei buruz historia ofizialak isildutako eta Altaffaylla argitaletxeak argitaratutako liburuari (De la esperanza al terror, hilak lur azalera orain!) erakunde ofizialek berriki egindako boikotaz ere.
«Orain laino higuingarri honekin kaosa zabaldu nahi dute!» gehitu zuen corellar entendimentuz jantziak. «Bila eta suntsi ezazue!». Denek txalo jo zuten, gobernuburuaren sendotasunarekin liluraturik.
Halaxe bada, guk nahi baino lehen lortu zuten liburu lizuneraino ailegatzea. Huraxe zen inmoralitatea eta pozoia nafarren artean zabaltzen ari zena. Irekia zegoen eta laino ilun bat zerion etengabe. Boris Vian: L’amour est aveugle, jartzen zuen. «Gabatxo anarkista zerriren bat» bota zuen Del Burgok.
Liburu zitala amorru bizian erre eta lainoa desagertu zenean, hauteskunde kanpainako afixez egindako paperezko kartzela batean sartu gintuzten denak. Handik aditu behar izan genituen, preso, alderdi guzien mitinetako predikuak. Oso kondena latza!
Nabarra aldizkariaren 36. zenbakian argitaratua, 2004ko martxoan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina