Mikel Taberna
Gimondiren bidez ezagutu nuen Imanol. Herriko besta batzuetan. Lepotik lotu eta, moxkor txispatuaren alegria eroarekin, Lau haizetara kantatu genuen, kale erdian paseatu genuen bertsoa. Oroitzen naiz biharamunean Leurtzako urtegietara joan ginela, buruak pixka bat freskatzera. Urroztik goiti doan malda zutean gure etxeko kuatroeleak ia pott egin zuen egun hartan. Putzuko ur hotzean larrugorritan sartu ginen, negelek inguruan kilika egiten zigutela. Gero, bago ikaragarri haien artean lasterka ibili ginen, katakurtxintxak pertsegitzen. Hondarreko, eztabaidan aritu ginen, autodeterminazioa ala independentzia nahi eta behar ote genuen, eta apustuan, nork ote zuen bere baitan bandera gorri handiagoa, nork ikurrina egiazkoagoa. Hagitz arrazoibide pisuak ibili genituen!
Gimondi erraten genion koadrilan, bizikleta gainean ibilia zelako. Karrerista-txirrindulari. Malda beheiti hausten omen zituen marka guziak. Ausardia agertu behar zen aldi guzietan, bera buru. Beldurraren frenoen trabarik gabe, «ala hil» garrasi egin eta gorputzari bere gisa joaten utzi. Bera aitzin, bidea urratzen, Belaguako elur-itsasoan «sartu hanka nere pauso-marketan» erran zigunean bezala. Bihotz huts. Errebuelta zital batean joan zitzaigun eta ezin izan genuen harrapatu.
Harez geroztik, orain arteko nire harat-hunat guzietan, beti eskura izan ditudan letra eta doinuen artean izan dira Imanolenak, bertze frankorenekin batera. Iruditzen zait nire adineko jendeak iratsiak daramatzagula bi belarrien arteko muin puskaren batean (edo tripan, edo gibelean, edo sexuan) orduko kanta aunitz. Eta kanta bakoitzari loturik bizi puska bat.
Konparazio baterako, Sara eta biok Iruñeko Dormitaleria kaleko etxe xaharrrean elkartzen ginenekoa. Leihorik gabeko gela ttiki hartan (Lekuona maisuaren Ilargiaren eskolan, alegia), izar gau paregabeak ezagutu genituen. Mixto kaxa bat zen, ttikitasunagatik eta bertan bizten zen suagatik. Xoko batean zegoen mahaitto batean, magnetofoi koxkor bat izaten genuen. Handik kantatzen zizkigun Imanolek orduan ere Mikel Arregiri («poeta kaxkar bat», aldizkari-telebistetako saltsetan sekula ikusi izanen ez duzuna) harturiko hitzak, Goizuetatik behera gindoazenerako…
Edo irakasle lanean ibili ginen denboretakoa. Koldo Izagirreren Ene haserrea paratzen genuen, pertsianak beheiti egin, eta argi-ilunetan katu bilakatzen ginen, deseatzen genituen begiekin topo egiteko esperantzarekin.
Bertzela, lagun arteko afari haietakoa. Txantreako baratzean egin genuen hura bezala. Zardina jatea prestatu genuen tomate, porru eta letxugen ondoan. Arabako Errioxako ardoak kulpa, dudarik ez dena, Es mayo kantatu genuen, zintzurrak urratzeraino; eta gero, lasaixeago, pikaro-pikaro, bertso zaharrak Santa sekulan ez det ikusi. Badakizue, «kanta lizunen alegrantzia». Besta ederra egin genuen, baina ez gaituzte berriz ere gonbidatu bertzela ere nahiko gatazka izaten duen auzo hartara.
Baina guk haren kantak gehixeago edo guttixeago aireratzen genituen bitartean, bertze gisa bateko goiti-beheiti eta komeriak izan zituen Imanolek, kantu kantari ibiltzeaz aparte. Txantreako afaria baino urte batzuk lehenago izana zen Imanol Martutenen, Sarrionandia eta Pikabearen ihesaldian. Eta handik urtebetera hil zuen ETAk Yoyes Ordizian. Bi lurrikara handi (ezagutu ditugun handienetakoak) eta diferente, daldara batean hainbertze urte zeraman eta daraman gure herri kaxkar honetan. Bietan bertan suertatu zen gure kantaria. Lehenak poz-kilika orokorra eragin zuen bezala, bigarrenak makina bat ideia-harri arraildu zuen jende aunitzen baitan. Hala uste dut nik, behinik behin.
Ordiziako plaza erdi huts erdi betean Imanolek eta parte hartu zuten gainerakoek kantatzen zuten bitartean, guk poema mutuak erditu genituen. Paretetan, kantariaren kontrako mezuen ondoan, galdera ikurrak pintatu genituen gauaz. Gu soraio gelditu ginen eta Imanolek mugitu behar zuela erabaki zuen. Urruntzen ikusi genuen, halako ziztuan non Gimondik berak ere ez baitzion segituko. Gitarra lepoan eta gabardina haizearen menera, maldan behera abiatu zela iruditu zitzaigun; datorrena datorrela, a tumba abierta, heriosuhar.
Jarrera hark zer ondorio ekarri zituen ikusirik, hobeki konprenitu genituen bertze kanta hartan eman zizkigun poetaren hitzak, «Bilbotik Baionara alua itsasoa, igeri ez dakiena hondoraino doa». Martutenetik Ordiziara.
Handik hunat erdi gordeka ibili gara haren boza noiz adituko. Bakarka dastatu ditugu makina bat poema eta melodia. Baina akaso egokiena Xabier Leteren Zure tristura nabari dut heldu zitzaion. Hurbileko berririk izan gabe, guk ikusitako hondarrenekoetan tristura zerion Imanol Larzabali.
Eta orain, ustekabean, azkeneko hatsa eman duelako berria etorri zaigu. Hori bera da denen istoria ederra kantatuagatik, ordea, herioak ez ditu arraso «berdintzen handi-ttipi» guziak, Imanolek bezala doinuak eta hitzak ereiten dituztenek bertzelako suertea izaten baitute, zure memoriaren elur-itsasoan arrastoa uzten joan zaizkizun adixkideek bezala: hilezkor bihurtu (hilezkorrago) eta, edozeinen gorputzean mozorroturik, berriz ere bizien artean aurkitzen dituzu nonahi.
Nor ziren bertzela, pasa diren sanferminetan Lesakan ikusi genituen bi ilekixkur haiek, gaupasa egin ondotik, Antoiuko ostatuan baratxuri zopa jan eta gero, lepotik lotuak Lau haizetara kantari ari zirenak?

Nabarra aldizkariaren 41. zenbakian argitaratua, 2004ko abuztuan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina