2011/08/24

Amaia da hasiera

Nire tarte xixtrin hau gero eta maila jantziagoa hartzen ari da, e? Irakurle zorrotza berehala konturatuko zen Amaia edo euskaldunak VIII. mendean liburuari eginiko keinuaz… baina, zoritxarrez, suposaturiko maila kultureta hori komuneko zulotik desagertzen da, eutsi ezinean. Izan ere, maisulan foralaren komikirako bertsioa besterik ez baitut irakurri. Eta Kutxak oparitu zidalako, gainera…

Amaiera… Jende askok gorroto du pelikula baten bukaera ezagutzea, nonbait interesa galduko duelakoan. Biopic edo genero sasibiografikoan (inoiz fidagarria ez den generoa) badakigu protagonista hilko dela (baldin eta pelikula hilik zegoela egin bazen), baina salbuespena izan daiteke. Hala ere, pelikula batez ongi asko goza daiteke bukaera ezagututa ere, eta egileak puntu horretara heltzeko nola bideratzen duen guztia aztertuz.

Beste kasu batzuk ere izan dira, non hari narratibo klasiko hori hankaz gora jartzen den. Citizen Kane (Orson Welles, 1941) iraultza handia izan zen flash-backen erabilera finagatik, beste arrazoi batzuen artean. Gertuago dugu Pulp Fiction (Quentin Tarantino, 1994); narratiboki ezer berririk asmatu ez bazuen ere, publiko zabalari beste bide batzuk erakutsi zizkion.

Berriagoak dira Memento (Christopher Nolan, 2000) eta Irréversible (Gaspar Noé, 2002), bietan historia atzetik aurrera kontatzen zaigularik. Eta biak Sitgesen sarituak. Beraz, ez pentsa berdinak direnik.


Mementoren kasua beharbada korapilatsuagoa da, atzetik aurrera agertzen den kontakizuna bi zatitan erdibituta dagoelako, biak euren artean nahasiz. Ildo nagusi bat eta flash-back batzuk (horiek ere aldrebes kontatuta) tartekaturik. Jakina, horrek ateak irekita uzten ditu amarruak eta kolore guztietako trikimailuak erabiltzeko ikusleari etengabe ziria sartzeko. Efektista, hitz batean.

Irréversibleren adibidea, aldiz, guztiz lineala da. Ez dago oztoporik eta dena jarraian eta garbi gertatzen da, jarraian hitza erabili baldin bada, jakina. Niri gehiago gustatzen zait hau. Ez da yankia bestea bezala (yanki izateari darion kutsuarekin), frantziarra baizik. Alde guztietatik ikusita, europarra da. Benetakoagoa, eta gordinagoa ere bai. Eta gordina diodanean, oso gordina esan nahi dut. Polemikoa izan zen bere momentuan bereziki bi eszenagatik. Batetik, Monica Belluccik pairatzen duen bederatzi minutuko bortxaketagatik, eta bestetik, gertaera horrek pizten duen mendekuagatik.


Biak deitu izan dira kultuko filmak, baina denborak jarriko du bakoitza bere lekuan. Bigarren paseari ez diote berdin eusten: Yankiaren kasuan, ikusleari ezin zaio ziria bitan sartu. Frantziarraren irudien poderioak, berriz, ez du nekea ezagutzen, ez behintzat nik ikusi dudan aldietan.

Hori bai, izpiritu irekiaz ikusi beharrekoa da Irréversible, eta irudien gupidagabeko bonbardaketa krudelari aurre egiteko asmoz eta indarrez. Thriller arrunt bat baizik ez era berezi batean kontatuta ikusi nahi baduzu, hortxe duzu Memento.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code