2011/08/31

Beste zinema europarra


2004ko udan Nafarroako Gobernuak antolatzen zituen Nafarroako Jaialdien barnean, Europari eskainiriko zine mintegi batean izan nintzen. Zinema europarraren ibilbidea ezagutaraztea zen mintegi haren asmoa eta horretarako zazpi zuzendari aukeratu zituzten: F.W. Murnau, Theodor Carl Dreyer, Roberto Rossellini, Luis Buñuel, Ingmar Bergman, Jean-Luc Godard eta Lars Von Trier. Beste behin ere izen potoloenak aukeratu zituzten sasi intelektual itxura eman nahian-edo. Hala, ba… txalo bero eta serioak.

Ez dut inoiz ukatuko egile horien ekarpenaren garrantzia, ukaezina delako, baina ‘bigarren mailako’ zinemagileen bazterketa horrek erdi minduta erdi haserre utzi ninduen. Cinéma d'auteur deitzen den horren aurrean generoko zinemak ez omen du errekonozimendurik merezi. Nahiz eta europar zinemaren ‘bigarren mailako’ izen horien artean Alfred Hitchcock, Stanley Kubrick*, Jacques Tati edota Sergio Leone aurkitu. Europak, ordea, beste ordezkaritza bat merezi omen du. Lehen maila intelektualekoa. Betidanik gure Europa zaharra munduko pentsamenduaren eta kulturaren sorleku izan denez, utz diezaiegun besteei umekeriak egiten eta egin ditzagun guk itzal luzeko eta pisu handiko maisulanak. Beste txalo bero eta ponposo batzuk.

Eta yankiek eta haien Hollywoodeko industriak urteak eta urteak entretenimendu eta generoko zinema egiten eman ondoren, hara non agertzen diren europar xume batzuk, izugarrizko belarrondokoa emanez, non eta ordura arte haiek menperatzen zituzten esparruetan. Zinema beltza berrasmatu zuen Hitchcockek, eta horrexegatik eraman zuten Hollywoodera. Baina han egin zuen lanak europarra izaten jarraitu zuen, AEBetan orduan egiten zenarekin zerikusirik izan gabe.

Jacques Tatirekin ere saiatu izan ziren Monsieur Hulot bere pertsonaia etorkin paperdun bihurtzen aukeren lurraldean. Tatik, ordea, industria erraldoian lan egiteak bere filosofiarekin bat egiten ez zuela pentsatu eta dirutzari mus egin zion. Hori duintasuna da. Txalo harroak.


Baina nire aburuz bereziki balioa duena Sergio Leone italiarra da. Estatubatuar peto-petoa zen generoan izugarrizko zaplaztekoa eman baitzien yankiei. Westerna hartu eta AEBetan generoa hilzorian zegoenean, egin beharreko dena eginda zegoelakoan, Almeriatik indar berria eman zion. Beste erritmo batez kontatuz, pertsonaiak borobilduz eta ideia eta kontzeptu berriak txertatuz. Baina, batez ere, narrazioari beste pultsu bat eta beste bide batzuk irekiz. Talentu eta trebeziaz betetzen zituen aurrekontuaren zuloak.

Italian sortu behar izan zen tipo bat amerikanoei beren eremu sakratuenean gauzak zuzendu eta argitzeko. Pistoladunen istorioetan oraindik dena esanda ez zegoela adierazteko, epikaren alde ilunenak argira ekartzeko eta batik bat ikuspegi europarra erakusteko, askotan iturri klasikoetatik (tradizio grekolatindarretik) edanez eta beste askotan Ekialde urrunetik zetorren eguzkiak argitu eta kiskalduta.


Egunen batean, justiziarik izatekotan behintzat, ez dira zerrenda horiek era berean beteko. Bitartean, Leonek ederki asko beteko dizkit hainbat igande ustel etxeko sofan. Txalo motel baina etengabeak.

*Kubrick europarra bezala hartzen dut, bai.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code