Mikel Taberna
Aspaldi kanbiatu zen guretzat Aste Santua, eta haur denboran (tokitan dago!), behinik behin, entenditzen zaila zitzaigun garai ilun (more) eta triste (josteta guziak debeku) haren partez, zeinetan Elizak are gehiago estutzen zuela iduri baitzuen, orain udaberriko bakazio-aldia baitugu, guk ere geure automobil koxkorra hartu eta ttor-ttor-ttor abiatu ginen hegoaldera, hegaztiek iparrari begira hasiak izan behar duten sasoi honetan.
Ez ginen bakarrak izan, ez horixe. Errepideak ibai bihurtu ziren, sokan lotuak bezala mugitzen ziren auto-oldeei esker. Gasteiz, Burgos, Palentzia, Valladolid, Salamanca, Vilar Formoso, Guarda… Mendietan ebaki handiak egin behar izan dituzte gu denak sartzeko. Bidean gure denborarik ez galtzeko bertzeen denbora suntsitu. Gu ere, geure tamainan, nabala xorrotxa ginen. Zezen lasaiak bazterretan, hiltzera kondenatuari onartzen zaizkion txirrinta guziak asetzen. Abandonaturiko bordetan artalde zaintzaileen itzalak. Alberto Caeirok ez zuen ulertzen bere begien aitzinean ziztu bizian pasatzen ginenon ezinegona. Zertarako halako presa. «Nao tenho pressa. Pressa de quê?”. Gasolindegietan pausatu behar izan genuen pare bat aldiz. Sin plomo-sem chumbo. Berunik gabeko gasolinak ere petrolioa (Irakekoa ere bai) oinarri. Gazteluko plazako manifestazioa etorri zitzaigun gogora (gerrarik ez!): «menos petróleo, más bicis», CCCPko lagunaren oihua (Ciudadanos Ciclistas de la Comarca de Pamplona). Traba egiten dute bizikletek galipotak jantzitako kamioan. Guk ere heteronimoak bilatzen ditugu geure buruarentzat, bolantea gidatzen duena oinez dabilen pertsona bera ezin dela izan pentsatzen dugularik.
Castelo Branco, Santarém, Sintra, Cabo da Roca, Oceano Atlântico… Itsaso izugarria zabaldu zitzaigun begien parean. Han itotzen zen gauero eguzkia eta olatuak bidaltzen zituen lurraren kontra etengabe, kasu emateko adierazteko bezala, kontuz ibiltzeko eta ohartzeko bera bizirik zegoela eta, sobera zirikatzen bagenuen, akaso egunen batean gure gainera salto eginen zuela, 1755ean Lisboako beheitiko auzora sartu eta dena urratu zuenean bezala.
Malveira, Cascais, Estoril, Belém, Padrâo dos Descubrimentos… Ur masa erraldoiaren presentzia ikaragarriak pentsarazi zigun nolakoak ote ziren, orain dela bortz edo seiehun urte, nora joaki ziren jakin gabe, hari desafio egitera ausartu zirenak. Haiek ere ez ziren nornahi izanen. Sartu eta segi-segi-segi… norabait ailegatuko zirelakoan. Arraso eroak. Mundu berria deskubritzera, edo beren mundu ezagunetik iheska? Zenbat ote ziren bortxan eraman zituztenak? Non ote orain boca do inferno hark irentsi zituenak?
Lisboan, azkenean, Baixan barna paseatzen, turistek igeri egiten genuen karrika bizibide duten artista guzien artean. Praça do Comércion, afixa batek begiak bete zizkigun: lau gaizkile elkarrekin, zein baino zein arriskutsuagoa. Barroso, Portugalgo primeiro-ministro, Bush, Blair eta Aznarren ondoan, mundua partitzeko bilera ospetsua portugaldarraren etxean egin baitzuten. «Eles Mentem, Eles Perdem» zioen Bloco de Esquerdak sinatzen zuen irudi handiak. Espainiako presidente ohia xuri-beltxean, dagoeneko iragana baita (egiatan hala balitz!), gainerakoak oraindik koloretan. Haren ondoan, Eurocopa-2004 saltzen hasteko barraka. Hura zaintzen zuen gorila pareak ez zigun egun onik erran, eta iruditu zitzaigun ongi adierazten zuela zer izanen den uda honetan Portugal, Europa aberatseko futbolari eta jarraitzaileak juntatzen direnean: beldurra eta poliziak. Açores uharteetako bileraz oroitzen da jendea.
Rossioko plaza gibelean utzi eta Chiadon barna genbiltzala, Feira do livro manuseado etxolaren barrenean sartu ginen. Liburu azalei begira, ohartu ginen jakin nahi genukeen portugesak zerbait baduela gogor tiratzen gaituena. Akaso Laboa-Sarrionandiak noizbait ere sorgindu gintuztelakoz izanen da. «Nao es tu –faculdade de sentir– un espaço». Rua do Garretteko espaloian Pessoa brontzezko amua da A Brasileira kafetegiko nagusiak negozio ederra egin dezan, baina handik hurbil mutiko koxkor batek fado hunkigarri bat kantatu zigun, xakur ttikiak uluka laguntzen ziola, akordeoiaren teklei ematen zien bidenabar.
Alfaman goiti tranbiaz, Sao Jorgeko gazteluraino joan ginen, muinoaren kaxkotik ziutatearen puska handi bat ikusten baita. Han urrun, Tejo Atlânticoan galtzen den lekuan, airean zintzilik, Oliveira Salazar zubia zena, zeinari justu-justuan orain dela hogeita hamar urte aldatu baitzioten izena, urtetan pilatutako ezinegona erloju-bonba balitz bezala lehertu eta soldaduen fusilen muturretan julufraiak loratu zirelarik: ponte 25 de abril. Deus gutti genekien orduan guk Portugalez. Hamazazpi urte genituen (tokitan daude!) eta aditzen genuen portugesak galduak ibiltzen zirela noiznahi gure mendietan, Pablo Antoñanaren La Cuerda Rotan bezala, mugalari euskaldunek han abandonatzen zituztelakoz, mugako marra pasa gabe, engainaturik. La France ederrera ailegatu nahi zuten, paperik gabe, klandestino gisara, eta gurera bitartekoa kamioien atzealdeetan egiten zuten (bertze hainbertze orain dabiltzan bezala, alegia), azienden modura.
Aste Santua ilun eta tristea izaten zen orduan, bidaiari haiek ikusten zuten bideko paisaia bezalaxe.
Nabarra aldizkariaren 38. zenbakian argitaratua, 2004ko maiatzean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina