Marrazki honetan* nirekin agertzen diren bi katuok Carmela (goikoa eta zuria) eta Pirata (behekoa eta begibakarra) dira. Nirekin bizi dira biak eta, pozik ez bada, behintzat gustura bizi direla esatea gustatuko litzaidake. Hala ere, ez dakit zer-nolako bultzadari jarraituz, etxeko atea irekitzen dudan bakoitzean, eskailerak behera joaten saiatzen dira. Abentura egarria, mundu zabala ezagutzeko irrika izatea, besterik ez, nahiko nuke; uste dut, ordea, etxeko pareten zama jasanezina egiten zaiela eta ihesaren bidea hartzen dutela, senari obedituz.
![]() |
* Marrazki hau agertzen zen zutabearen egilea nintzela adierazteko, sinadura moduan. |
Nik ere, askotan, bide hori hartzeko asmoz maleta prestatzeko tentazioa izan dut. Baina, destino erakargarri baten bila mapari begiratzean, bertan behera erortzen zaizkit asmoak, gogoak eta ametsak.
Ihes? Nora ihes?
Duela berrogeita hamar urte, ez nuen halako panorama murritza izanen. Nahiz eta mendira izan, bertan altxatutako zotola xixtrin batean estaltzeko aukerak egon bazeuden. Gaur egun, Gobiko desertua ere ez da gordeleku. Egitura politiko eta administratibo guztien begiak azken sasiperaino iristen dira; eta, hala ere, gizakiak ez du ihes egiteko sen hori ahaztu.
Askotan heldu izan dio zinemaren industriak azpigenero honi. Ihesaldien gaiak hainbat adibide inspiratu ditu eta harrigarria izan daiteke nolako sinpatiak pizten dizkiguten pertsonaia zehatz batzuek. Ihes egiten saiatzen diren presoek.
Erraza da identifikazioa lortzea, iheslaria errugabea bada (The shawshank redemption edo Cadena Perpetua, Frank Darabont, 1994) edota filmeko istorioa gerra garaian gertatzen bada (The great escape edo La gran evasión, John Sturges, 1963; Victory edo Evasión o victoria, John Huston, 1981). Azken finean agerian da zeintzuk diren onak eta zeintzuk gaiztoak.
Erruduna bada ere, badira hainbat kasu non pertsona atseginak eta jatorrak bezala agertzen diren (Papillon, Franklin J. Schaffner, 1973, adibidez). Beharraren edota baldintza konkretu batzuen ondoriotzat ezagutu dute beren kondena eta horrek ikuslearengan nolabaiteko sinpatia sortzen du.
Baina protagonistak ez du zergatik argi eta garbi “errudun” ala “errugabe” izan behar. Horrelakoetan, sortzen den enpatia guztiz naturala da. Berdin zaigu haren iragana eta guztiz identifikatzen gara bere ihes egiteko behar eta desioarekin. Horrexegatik maite dut bereziki Escape from Alcatraz (edo La fuga de Alcatraz, Don Siegel, 1979).
Alcatrazen ez dago inolako analisirik. Ez psikologikorik ez moralik. Siegelen kamerak ez du inoren alde egiten eta ahalik eta objektibotasun handienaz tratatzen ditu egoerak. Pertsonen aurrean gaude, giltzapean bizi diren pertsonaia batzuen aurrean. Berdin dio zer egin duten bertan egoteko, edota zer leporatu izan zaien irlara bidaltzeko. Ikuslearen enpatia hori naturala den ziztada batetik dator. Bihotzean bizi den askatasun azken hats horrek puzturiko indarrak gidatzen gaitu, pertsonaiak eta gu, helburua lortu arte. Irmotasunez eta pultsu onez gidatutako lan horrek ez die egoera bortitzei musik egiten, ezta espetxean bizi eta lan egiten dutenen arteko harremanei manikeismoan erortzen uzten.
Zertarako onen eta gaiztoen arteko lehiak bilatu? Askatasun egarri hutsa aitzakia nahikoa da istorio on bat kontatzeko. Filmaren garapen osoa zinema hutsa da. Siegelek, gainera, amaiera irekia uzten digu. San Franciscoko kostaldera iritsi ote ziren iheslariak? Epikotasun arrastorik ez, baina bai kondairari erreferentzia. Inork ez omen zuen bertatik ihes egitea lortu. Ala bai?
Horrelako filmetan normala da «utz nazazue hemen eta segi zuek» edo antzeko esaldiak entzutea, pertsonaiaren batek ihesaldiaren arrakasta kolokan jar dezakeenean. Ni, ordea, ez naiz heroia eta badaezpada, eta zortea ez tentatzeko, «ez nazazue hemen utzi, mesedez» esanen dizuet. Inoiz ihes egiteko tokirik bururatzen bazaizue, ez ahaztu nitaz.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina