2011/08/23

Letra baten garrantzia


Mikel Taberna

Euzkaditik Euskadira dagoen tartea, ezpainetik Espainiara dagoena dela pentsatuko zuen urliak, geroxeago hitzak H-z janztea euren biluztasun ederraz gozatu ezinik gelditzea uste zuen berberak. Eta hortik gerra. Aspaldi samarreko kontuak dira, baina oraindik ere, zenbat horrelako gure artean! Baikorrak pentsatuko du horiek denak bixigarriak direla, itzali hurran dagoen euskal sua hiltzera ez uzteko balio dutenak. Ezkorrak, berriz, eztabaida antzuak direla erranen du, eta batere sobran ez dugun indarra galdu bertzerik ez dela egiten horrela.

Bidasoaz mintzatu nintzen aitzineko artikuluan. Bidasotik atera eta Bidasora edo Bidasorat isurtzen direnez. Norbaitek edo zerbaitek aldatu zituen nire hitzak. A bat jarri zuen nik nahi ez nuen tokian. “Bidasoatik” eta “Bidasoara” agertu zen paperean. Letra bat gehiago. Azkeneko A hori berea omen du ur-masa berde horrek. Hala dio zuzentzaileak, mekanikoak edo bizidunak.


Nik diferente uste izaki, ordea, eta orrialde honetaz baliatu nahi izan nuen jakintsua tentatu, eztabaida sortu edo zalantza ereiteko. Nire iduriko traba egiten zuen letra hori ibaiaren uretara bota nuen harrika. Eta bueltan itzuli zidaten, beharturiko boomerang bat balitz bezala. Eta bekainean kanka! eman zidaten, ebaki egiten duten A letraren ertz zorrotzekin!


Bada, lehengoan disimuluan sartu nahi nuena horixe zen: Bidasoa, Bidasoak, Bidasoari, Bidasoaren eta Bidasoan bezala, Bidasoko, Bidasotik eta Bidasora behar lukeela. Ahoz erraten denari kasu eginez gero, behinik behin, hala. “Bidasotarra” ere hortxe da, duda argitzeko balio lezakeena. Eta nire iritziaren alde egiteko, horratx Orotariko Euskal Hiztegian heldu dena ere bai: «bidaso:... Le nom de la Bidassoa n'est pas un nom propre en basque, comme beaucoup l'ont cru; on s'aperçoit au langage des paysans qu'ils emploient en qualité de nom commun, par exemple quand ils disent: Bidaso hori».


Bertze behin ere sartu nintzen halako saltsa batean. Herriko mendi ezagunenaren izena zegoen tartean. Aitak ilunabar batean harrapatu ninduen sasi-xokotik (amak erditze-lanik ez) begiak goiti eginez gero bete-betean joko nukeen mendiaren izenaren gainean hasi ziren behin, Interneteko plaza horietako batean. “Larrun” behar zuela zioten, hala ageri delako Euskaltzaindiaren bedeinkapena bide duen tokiren batean. Ni, berriz, zuzentzaileek gorritzen didaten “Larun”en alde. Erre bat erre behar zela nioen nik, ustez herrikideen eta eskualde batekoen erabilera eta borondatea neure; jakinik, halere, desberdin diotela bertze batzuek eta, horregatik, su handiegirik bizteko asmorik gabe. Larrun behar badu, hala bedi, baina Larun ez denik ez erran niri.


Zuzentzaileak baditu milaka aurpegi (hau idazten ari denaren baitan ere biziko da bakarren bat segur aski). Lehengo batean, herrian suertatu nintzen, bertso saio bat aurkeztu behar nuela eta. Berezia zen, ETBko kamerak ere hantxe ari baitziren, euren leihotik emateko grabatzen. Saioaren hondar aldera, ikusleei erran behar nien azkeneko txanpako bertsoak aditu behar genituela. “Akautzeko” erratea pentsatu nuen, herrian hala egiten baitugu (ez bukatu, ez amaitu, ez akitu -akaso finitu bai zenbaitek-, “akautu” baizik; alegia, “akabatu” idatziko genukeena), baina, telebista bidez ikusiko baitzen, “akabatzeko” erran nuen, jende guziak hobeki entenditzeko. Niregandik bizpahiru metrora zegoen kamera-mutilari, grabatzen ari zen bitartean, “akabatzeko!, hori-re euskera izango-ek, ba!” atera zitzaion ahotik bor-bor, bere buruarekin edo lankideren batekin ari zela, jendeak ez baina nik aski garbi aditzeko moduan. Akaso euskaltzain mozorrotu bat izanen zen, zeren begira zer erraten duen Euskaltzaindiak bere Hiztegi Batuan: “Esaterako, akabatu-ri 'hil' adiera ezarri zaionean, uste dugu irakurle zuhurrak horrenbestez 'amaitu' adieran onartzen ez dela ulertuko duela”. Akabo, goazen hemendik!


Nolanahi dela ere, ez pentsa! Denetik behar baitu, aski sinpatikoak diren zuzentzaileak ere badira. Batzuetan, gorputza gaixtakeria egiteko gogoz sumatzen dudanean, euskaraz idatziriko testuari gaztelaniazkoa pasatzen diot gainetik. Letra gehienak gorriz markatzen dizkit, normala den bezala, eta gutti batzuk automatikoki zuzentzen. Horien artean, “bezala” hitza bésala bihurtzen du kolpean. Beti aurkitzen du bakarren bat (lerro hauetan, konparazio baterako, lau aldiz ageri da). Horrelakoetan, bertzeetan beti ez bésala, kasu egiten saiatzen naiz, xintxo-xintxo.

Nabarra aldizkariaren 40. zenbakian argitaratua, 2004ko uztailean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code