2011/08/16

Matiasen izokina

Mikel Taberna
Izokinekin amets egiten du Matiasek. Ez dakigu bertze ametsik ez duen edo hori den kontatu nahi digun amets bakarra. Hirurak noiz joko, nerbioso aritzen da ordenagailuaren pantaila begien parean duela. Erloju motelari begira, lantokitik ateratzeko ordua noiz erakutsiko dion. Zeruari tarteka erreparatzen, zer amu klase komeniko ote zaion. Dena prest, ziztu bizian abiatzeko, Iruñetik Endarlatsaraino. Iluntzera arte han ariko da, azkeneko argi ttantta ere aprobetxatuko du, kanabera luzea eskuan, Bidasoako jauntxoa harrapatu nahian. Ibai kastigatu eta izorratuan, berez ezin eta Diputazioko langileek botariko hainbertzetako bat, urtean harrapatuko diren hogeita hamabortz-berrogei horietako bat bederen. Joan den urtean bezala. Iaz berak atera baitzuen piezarik handiena: iatsu bederatzi kilo pisuan! Nola nahi duzu ametsik ez egitea!

Matiasek berak ere izokintako du bere burua. «Matias Irazoki: ez amurri ta ez izoki!, erratten ziratek, biño ni ere erdi izokiya niok». Esplikazioa gero ematen dizu, bera ere Bidasoaldean jaioa izanagatik, munduko itsasoetan barna ibilaldi batzuk egin ondotik, sorterrira bueltatzen dela tarteka-tarteka. Izokinez betea baitugu Iruñea, hainbertze herri handiren gisara, herri ttikietan sortuak, ziutate koxkorretako ur hotzetan ez laketzen eta, ahal duten guzietan, arrotz sentiaraziko ez dituen jendarte beroagora frankotan itzultzen direnak.

Trenbide zaharrean uzten du autoa. Ez dago arriskurik, aspaldi gelditu baitzen Bidasoako trena, Irun-Elizondo bidea egiten zuena. Tren «txikito» erraten zioten. 1916an hasi zen martxan eta 1956an betikoz gelditu (gerra denboran ere ez baitzen ibili). Jende aunitzek gogotik lan egin behar izan zuen, harria gailen den Endarlatsako zintzurrean, konparazio baterako, «su-gurdi» beldurgarriari pasabidea egiteko. «Asturiastik ta, bederen urruttitikan etorrik baziren yendik lanera unat, pikotzakin ta palakin ta bagoi txar batzuk…». Haientzat denentzat jana bilatzea ere ez zen hain erraxa izanen. Kontatzen dute 1913an ikaragarrizko uholdearen ondotik landa guziak arrainez beteak agertu zirela eta, haietatik zenbait egunez segidan eman baitzieten, trenbideko langileak nardatu zirela eta protesta gogorra egin zutela, izokin gehiagorik ez emateko. Orduan sarez aritzen ziren arrantzan eta ehunka kontatzen ziren urtero harrapatzen ziren izokinak.

Leku horretan berean egin zuten batzarrea hagitzez aspaldiago Altzateko Jaunek eta bere lagunek, Irundik bueltan. Pio Barojak bere legenda-kondairan hala dio, behinik behin. Hortxe berean aditu zieten solasean ibaiari, lainoari, orbelei, ipurtargiari, apoari, lamiei… baita orduko arrantzaleari ere, zeinak kontatzen baitzien orduak eta orduak ematen zituela urari begira, esperoan, «El agua que pasa me cuenta mil historias vagas que se me olvidan al momento. Los remolinos del río me dicen sus múltiples y confusos secretos…».

Bidasoak badaki jende zakarrak eskopeta tiroz hilkatu duela izokina, mozkor-irri ergela tartean. Mikel Zabaltza orbaiztarra ere hortxe agertu zen. Izokin hilaren moduan. Hiltzaileen irri ustela orduan. Intxaurrondoko kuarteletik hegaka joan zela sinetsarazi nahi izan ziguten. Eta hilak berak kontatu egia, bere ahotik. Lehen eta orain, zenbat historia eta istorio, urak eramanagatik zolako uharrietan irakurtzen ahal direnak!

Gure oroitzapenen zakuan ere badira arrantza usaina duten batzuk. Geronek fabrikaturiko kanaberarekin (Marixkene ondoko kanaberadian baziren tamaina guzietakoak), putzura hurbildu ordukoz daldaraka hasten ziren ur azpiko guziak. Piper poto huts batekin egiten genuen txirrika, kategoriakoa! Arrantzale karreran, ordea, ez ginen izokinetaraino ailegatu. Pauso batzuk eman behar izaten ziren, adinaren arabera. Gaxteenek xarboak bakarrik. Gero, xarboez gainera, aingirak ere bai. Aingirei ausikien beldurrik gabe nabalarekin lepoa mozteko gauza baldin baginen, amuarrainekin hasten ginen. Izokinetara banaka batzuk bertzerik ez zen joaten. Hori arrantzaleen Unibertsitatea bezala zen. Krisostomo guardak osatzen du arrantza sasoiaz gordetzen dudan irudia. Hura zen gure antzerkiko otsoa. Hura etorriko zela eta, zenbat aldiz etxeraino lasterka, hatsankaturik!

Nolanahi dela, izokin kontuan, gure haur begiak gehiena zabaltzen zituena gizon xahar bat zen. Hark ere Matias zuen izena eta erraten zuten behin erori zela San Migel zubitik Bidasoara eta, handik atera zelarik, izokin bat ekarri zuela besapean!

Matias hura gizon xelebrea zen eta gure etxeko ostatuan aunitzetan kontarazten zioten izokina harrapatu zuelako hura. Bera kontent jartzen zen mundu guzia bere inguruan irrika ikusten zuenean. Orduan beti bakarren batek erraten zion, «Matias, egizu zaldaliarena!». Eta gizona jartzen zen lurrean, hankak goiti, animaliak iraulka bezala, eta haien gisara mugitzen zen erranez «Astuaren zaldalia, arre mando! Astuaren biolina, beti bero!». Eta jendea irri ajarika hasten zen. Gero baso bat ardo ematen zioten sari (astoari zaldalea, alegia) eta gu pentsakor gelditzen ginen, biolina jotzen zuen astoa imajinatu nahirik.

Matias xaharra aspaldi hil zen, baina gure bulegoko Matias izokinzale hau ikusten dudan aldiro pentsatzen jartzen naiz ez ote den hura bera, hil ondotik berriz ere biztua.

Nabarra aldizkariaren 39. zenbakian argitaratua, 2004ko ekainean.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code