2011/08/17

Tovarich amerikarra


Irakurri al zenituen azken Nabarran Pierre de Lancre eta sorgin ehizari buruzkoak? Ez dizut laburpenik egingo, alfer alaena! Segi eta begiratu. Bada, zinema munduan ere duela ez asko antzekoak gertatu ziren. Sorgin ehiza XX. mendeko AEBetan.

Yankien kontuak, bai… Badirudi gauzak horrela izan direla beti. Zezenak bezala, mugitzen den gorri koloreko edozein gauzaren kontra adarrak zuzendu dituztela beti. Komunista usaina darion edozein ideia, pertsona edo kontzepturen aurka jo dutela beti.


Beti? Ez al zen, ba, Maiatzaren Lehena 1886an Chicagon jaio? Nafarroan gertatzen zaigun bezalaxe, ez al du oraingo eguneroko zikinkeriak palakadaz duintasuna lurperatzen, guztia beti gaur ezagutzen dugun moduan izan dela irudikatuz? Ufa… Orwellen 1984 datorkit burura.

Baina koka gaitezen hobeki 1943. urtean. Oraindik ez dut oso ongi ulertzen nola garaiko munstro ekonomiko eta politiko batek, Metro Goldwyn Mayer estudioak, ekoitz zezakeen The North Star halako propaganda filma. Zeren hori besterik ez da The North Star. Propaganda film bezala planteatuta dagoen pelikula. Gerra garaiak ziren, eta neurri batean ez du inor harrituko planteamendu honek. Ehunka ziren funts horrekin egiten ziren tituluak. Baina guztiz normala egiten zaizu AEBetan stalinismoa goraipatzen duen film bat?

Zuzendariaren ibilbidea ez da beste munduko ezer izan inoiz. Lewis Milestoneren lanak, normalean, xuxenak izan dira, baina inoiz ez maisulanak (The strange love of Martha Ivers, 1946; Ocean’s Eleven, 1960; Mutiny on the Bounty, 1962, adibidez). Lan horretan ere ez dugu izugarrizko aurkikuntzarik topatuko. Bere balioa istorioan datza.

Jakina, sorgin batek egon behar zuen horren atzean. Lillian Hellman idazle, kazetari eta gidoilariak bota zuen Joseph McCarthy senatariaren belarriak urratu zituen irrintzia eta film hori aitzaki hartuta jaio zen Hollywoodeko sorgin ehiza. Hellmanen konpromiso politikoa agerikoa izan zen bere ibilbide osoan. Baina film horretan objektibotasunak baino gehiago idealismoak gidatu zuen bere luma.

Paradisu bukolikoa da protagonisten herrixka, naziak iritsi arte. Borroka bi sistemaren baloreen arteko lehia bihurtzen da. Naziak eta sobietarrak aurrez aurre, baina ez da kapitalismoa inondik inora agertzen. Oso istorio manikeoa eta inoxentea dela ezin da ukatu: sobietarrak zintzoak eta garbiak dira, batzuetan barregarria izan daitekeen puntu bateraino, eta naziak ilunak, gaiztoak eta karratuak.

Hala ere, dokumentu interesgarria izan daiteke gerra garaian AEBetan bultzatu zen stalinismoaren aldeko mugimendua ulertzeko. Azken finean, biak aliatuak ziren nazien aurka, baina horretaz baliatu izan ziren Hellman bezalako amerikar ezkertiarrak ere beren mezua zabaltzeko.

Datu bitxi bat. Pelikulak ez zuen Oskarrik jaso, jakina… baina 6 izendapen izan zituen: zuzendaritza artistikoaren, argazkiaren, efektuen, musikaren, soinuaren eta, harrigarria bada ere, jatorrizko gidoiaren sailetan. Hortik aurrera, McCarthysmoaren itzalak ez zuen errepikapenerako zirrikiturik utziko.

Iparraldean ez dakit, baina Hegoaldean The North Star ez zen zinemetan mustu, frankismoa zela eta. Orain erraz asko aurkitu daiteke DVD formatuan La Estrella del Norte izenburupean
. Hemen ere osorik duzue ikusgai, ingelesezko jatorrizko bertsioan

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code