2011/08/10

Urrea dirudi, baina platanoa da


Aurten ere, jada ohitura den bezala, Emakumearen Eguna* dela eta, hainbat elkartek antolatutako hainbat jardunalditan ikusgai izango da Thelma & Louise (Ridley Scott, 1991) izeneko filma. Norbaitek erabaki zuen feminismoaren balizko bandera izan zitekeela. Ni, ordea, ez nintzateke horren ziur egongo.

Uste dut, bai, pisu handia izan zuela bere egunean bi emakume nazkatuen istorioa izateak. Baina horretaz aparte, ez dut uste pelikularen sentsibilitatea bereziki femeninoa denik. Eta ez dut esan nahi honekin ñoñokeriatan erori behar denik horretarako… Mesedez… Baina argi asko ikusten da gizon batek egindako filma dela, eta agertzen diren jokabideek eta egoerek ikuspegi maskulinoa (askotan alderik negatiboenetatik ikusita) dutela.

Azken finean, suertatzen zaizkien arazoak ostiaka edota pistolak erabiliz konpontzen dituzte edo konpontzen saiatzen dira ‘matxitoen’ jarrera itsusienak puntuz puntu kopiatuz eta bereganatuz jokatzen duten emakumeak. Gizonezkoen mundu batean mugitzen direlako…? Baliteke. Edota zuzendariak maneiatzen duen erregistroa hori delako. Ordura arte akziozko tituluez osaturik zegoen haren curriculuma.

Mauro Entrialgok esan zuen bezalaxe, emakume batek ez luke inoiz Geena Davis aparkalekuan bortxatzen duten eszena era berean filmatuko. Gizon baten esku egonda, ordea, errazago uler daiteke autoaren gainean etzanda dagoela Geenaren ipurdiaren plano hori.

Ez diot pelikulari meriturik kendu nahi, primeran pasa bainuen hura ikusten, eta oso ongi kontatua dagoela iruditzen zaidalako. Baina zera uste dut, istorioak funtzionatzen badu ez dela sasifeminista izateagatik. Pertsonaiak bere bizimoduaz nazkatutako gizonezkoak balira, berdin edo antzera funtziona zezakeen, seguruenik. Bi lagun, ihesean, bidaia iniziatiko bat eginez, euren burua aurkitzeko. Dozenaka road movie ikus ditzakegu antzeko bizkarrezurrarekin.



Amaierako planoa bai zoragarria!
Munduaren kontra egin ezinean, betirako ihesaldiari ekiten diote. Hura ikusi nuenean, berehala etorri zitzaidan burura Butch Cassidy & the Sundance Kid (Dos hombres y un destino, George Roy Hill, 1969) zoragarriaren bukaera. Horretan, Paul Newman eta Robert Redford herio-patuaren bila agertzen dira korrika eta tiro artean. Bietan, nolanahi ere, pertsonaiak zutik, irribarrez eta tinko bukatuz, munduaren aurrean makurtu baino lehen.

Guztiz desberdina den beste testuinguru batean kokatzen da The quiet man (El hombre tranquilo, John Ford, 1952). Irlandar maisuak, filmaren protagonistak egiten duen bezala, bere sustraien bila Innisfree izeneko herrira joateko gonbitea egiten digu. Herri txiki baten bizitza baketsua nahastuko du iritsi berriaren eta bertako neska baten arteko ezkontzak. Batez ere neskaren anaiak, lur batzuk tartean direla koinatu berriarekin haserreturik, neskaren dotea bahitzen duenean. Orduan, gizarte matxista eta kontserbadore baten erdian, hasiko da ezkonberriaren borroka bere eskubideak aldarrikatzeko. Izan ere, garai eta toki hartan, dotea da emakume batek duen ondasun, eskubide eta nortasun adierazgarri bakarra. Eta giroa hori delako, handiagoa da balore zaharrei ematen zaien astindua.



Jende dezenterentzat film matxista da The quiet man. Batez ere John Ford bera kontserbadorea eta katolikoa zelako. Nik, aldiz, pelikularen arazoa hori ez dela uste dut, kontatzen duen istorioaren testuinguruarena baizik. Bere duintasuna eta ohorea berreskuratzeko emaztearen saiakera hori aldarrikapen indartsua da (lortzen ez duen bitartean, senarrari bere ‘ezkondu eskubideak’ ukatuz), izpirituari eta ez formei erreparatzen badiogu.

Egia da indarkeria, basakeria, zakarkeria eta gaur egun eskubide naturaltzat jo ditzakegun horien zapalketa ageriak direla Innisfreen bizi diren baserritarren artean. Hala ere, emakume bakar baten borroka gainetik altxatzen da. Ridley Scotten feminismo txalotzen erraza eta komertzialaren aurrean, nahiago dut John Forden lirismoa
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
*Ikusten den bezala, Martxoak 8tik gertu atera zen.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code