2011/09/07

Domo-arigato, Kitano-san


Mundu globalizatu honetan… (zeinen gutxi gustatzen zaidan esaldi hau! Hala ere, halaxe hasi behar dut) Mundu globalizatu honetan, esan nahi nuen, tradizioak folkloreari uzten dio bere tokia, gero eta gehiago. Euskaldunok ba al dugu tradizio bizirik gaur egun ala festa eta data jakinetan esnatzen ditugun ohiturak besterik ez? Hau da, folklorea besterik ez? Gure egunerokotasunean gero eta mendebaldarragoak gara, hitzaren esanahi zabalenean, frantses edo espainol ez esateagatik.

Euskal zinemarik izango bagenu (ez dakit zehatz-mehatz badugun ala ez), horren isla zitekeen, seguruenik. Ezagutzen ahal dugun beste edozein pelikula bezala, agian euskaraz, ia-ia ziur erdaraz. Baina kode standard batzuk maneiatuko lituzke, inolako nortasun berezirik gabe.

Seguru asko, txapelak, baserriak, zatak eta abarkak, trikitixak edota txistuak agertzekotan, batek baino gehiagok muturra belztuko luke etnikoegia litzatekeelako irudi hori, betiko topikoetara jotzeagatik.

Entzun dugu sarritan indarkeria nagusi dela gure gizartean, euskaldunon gizartean. Baina Euskal Herrian egindako pelikuletan, edota Euskal Herriari buruzko erreferentziak dituzten pelikuletan, agertzen den biolentzia horrek ez du ezberdintasun handirik mendebaldeko edozein pelikuletan agertzen den bortizkeriarekin alderaturik, jatorri politikoa albo batera uzten badugu. Ez irudiari, lengoaia zinematografikoari eta narrazioari dagokienez behintzat.

Japonian, aldiz, ez da beti horrela gertatzen. Globalizazioaren aurrean bizirik irauten dute beste erritmo batzuek, beste kode batzuek. Istorio bat kontatzeko beste era batek.

Protagonistek kimonoa erabil dezakete, musika tresna tradizionalak edozein etxetan ager daitezke, kabuki ikuskizun batek bere tartea izan dezake filmaren akzioa antzinako garaietan oinarritu gabe.

Takeshi Kitanoren film bat ikusi dudan bakoitzean, harritu egin nau zeinen era erosoan sartzen dituen osagai tradizional horiek guztiak gaurkotasun izpirik galtzen ez duten lanetan.

Berdin dio zer-nolako gai edo jeneroari heldu. Berdin dio yakuza edo gangsterren istorioak (Hana-Bi, 1997; Brother, 2000), komedia (Kikujiro no natsu, 1999), drama (Dolls, 2002) ala kondaira epikoa izan (Zatoichi, 2003).


Zinema ulertzeko beste era bat da Kitanorena. Poesiaz janzten digu indarkeria, odolez eta garrasiez margotzeko sentimenduak. Berea ere zinema bortitza da. Indarkeriak benetako pisu samingarria dauka gehienetan (Kikujiron izan ezik), baina, aldi berean, poetikoa izan daitekeen muga bateraino eramateko gauza da. Horrenbeste indarkeria, horrenbeste odol, horrenbeste sentsibilitate, horrenbeste poesia… nola saldu daitezke pote berean?

Gupidagabeko yakuzak, ninja gorbatadunak, jaunik ez zuten roninak, heriotzatik ihes egin nahi duten samurai tristatuak, soka batez loturiko maitale isilak, ume bat oporretara eramaten duen hiltzailea… Pertsonaia mutuak, hitz gutxikoak. Zinemagile klasikoen modura, hitzak pisu txikia dauka bere lanetan. Irudiek azal dezaketena ez dezala hitzak zikindu. Oztoporik ez mezuarentzat begietatik, bihotzetik sar badaiteke.

Maitasuna eta heriotza, errua eta errukia, pistolak eta katanak, dantzak eta liskarrak, antzerkia eta bizitza… Guztiak zerbitzatzen dizkigu erretilu liluragarri berean. ¡Qué cabrón!

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code