2011/09/13

Estropadak

Mikel Taberna

Inaxiorenean juntatu ginen lehenbiziko, beti bezala, afal aitzinean motorrak pixka bat berotzen joateko, Lankratx, Zagit, Xuper eta laurok. Ardo beltza, espeziala, eta naturala, hotzak hondatzen baititu ardoa bera eta estomaka. Dozena erdi bat txikito edan genituen, olibaren bat tarteko, jatetxera joan baino lehen. Gero, Ameriketako bakeroak bezala ibili ginen Mukixuko zubitik abiaturik Altzateko karrika osoan barna, plazaraino. Jendea espaloietan baztertu egiten zen, eta etxeetako leihoak eta ateak ixten zituzten hurbiltzen ikusten gintuztelarik. Geure zaldiak hartu eta lauhazka abiatu ginen Mugako Bentara. Han geure zorroak hornituko genituelako esperantzan. Eta Bentako alaba ikustera.

Alaba, ordea, sheriffarekin joana zen, eta nagusi tripaundia etorri zitzaigun zerbitzari. Platerekoarekin engainatu behar izan genuen geure gosea. Haragi egosia kontsolamendu. Handik ateratzean, pistolak atera eta pixa egin genuen ilargiari begira, irrintzi zakarren artean.


Gurutze Santuaren eguna zen eta Illekueta auzora joan ginen, hango bestak baitziren. Il-leku-eta: izenak bertzela pentsarazten badu ere, auzoa hagitz bizirik dago. Sarreran berean gurutze handi bat daukate pareta batean, «kontrabandisten gurutzea» erraten diotena, bizkarrean eramateko pisuegia izaki, nonbait, eta hantxe utzi omen zutena.


Paketea hala uztea beratarrentzat lotsa zela eta, erabaki genuen geuk eramanen genuela behar zen tokiraino. Harekin egin genuen gurutze-bidea! Lezoraino joan ginen txalanta baten barrenean sarturik, korrontearen alde, geure osasunaren kontra. «Erreka hau rioja del 87 duk» erran zuen Zagitek haga luze baten puntan bandera beltza harrotuz. Ez ginen hantxe ito txiripaz. Alegia, bideko portu guzietan gelditu eta, barra(z)-barra, terrorearekin batera erridikulua partitu genuela. Beldurgarri eta irrigarri aldi berean (hiruretan hogeita zortzi txorakeria minutu bakoitzeko, banaz bertze).


Lezon santakrutzetan ziren eta, geure gurutzearekin ailegatzen ikusi gintuztelarik, «Berriz ere Viva-Cristo-Reyka heldu ote dira Nafarroatik? 1936ko errekete haiek bezala?», hasi ziren herriko zaharrenak, Patri Urkizuren Zoazte hemendik! nobelako protagonistak. Lasaitzeko erran nahi izan genien, oker zeudela, baina burua laino eta mingaina lodi genituen, eta ez ziguten esplikazioetarako astirik eman. Sokamuturreko xexena libratu eta guregana xaxatu zuten. Haiek komeriak!


Pasaiako badiara guk egin genuen salto, ez ordea adardunak. Hura hantxe gelditu zen bertso berriak paratzen. Gero ikasi genuen Xenpelar erraten ziotela heian.


Nola edo hala ailegatu ginen Donostiako Bulebarrera. Eguna argitu berri, terraza batean jarri ginen, soseguan, arroltze frixituak eta xingarra jatera. Kontxako bandera jokatzen zen goiz hartan, eta guk ere, geure modura, parte hartu nahi genuen. Kafe beltza ttantta bixigarriarekin zintzurretik beheiti sartu genuelarik (horra gure doping partikularraren misterioa agerian!), estropadan lehiatzeko prest sentitu genuen geure burua.


Zozketa egin genuen, zein kaletatik hasi erabakitzeko: Kanpandegi, Kale Nagusia, San Jeronimo, Narrika, San Joan edo Aldamar; denak egin genituen!, kexaka eta espantuka aritzen diren bertze arraunlari horiek ez bezala. Hori bai, piraten bandera beltza eramanagatik, hondarrean denek more akabatu genuen: Biba San Pedro!


Ziabogako maniobra egiten ari ginela, Trinitate plazan, lau neska panpox ikusi genituen bazter batetik guri begira. Lankratx hasi zen, haiek tentatu nahiz, Ziburutik Sarara lau neska faltatu kantari. Gure gixonkeriekin kikildu beharrean, hango frontoia seinalatu eta «Atrebitzen zarete gure kontra?», galdetu ziguten lotsagabe-lotsagabe. «Esku huska, jakina!». Jesukristoren pasada eman ziguten. Argitu behar da ez zirela ez Ziburutik ez Saratik heldu, Hondarribitik baizik, aitzineko astean herriko alardean fusila bizkarrean ibilita.


Zeruan trumoia lehertu eta euria jautsi ahalean hasi zuen orduan. Larre, Sagar, Mendi eta Lixarrekin, hala deitzen baitziren, lasterka joan ginen sasi-xoko batera, geure arteko bake ituna sinatzera. Ordukotz finitua zen itsasoko zirkua eta, Astillero (ero) garaipena ospatzen ari zen bitartean, jende multzo handi bat ikusi genuen urteroko manifestazioan, presoen alde.


Bakoitzak bere taldearen eta jendearen kamiseta, txapela edo zapia zeramala, baziren kolore aunitz (aitzineko urteetan baino gehiago, guk uste; ertzainen piloten arriskua izanagatik, bezperan ez baitzen atentaturik izan), baina ez denak ordea. Kolore guziak izatera, Erromako zubia eginen zen. Baina ezaguna dugu, zubiak eraikitzeko kontuan, mitologiak kontatzen diguna; alegia, batzuk hor aritzen direla gauaz, pasabidea harriz harri osatzen («To, Gillen! Harzak, Gillen! Emak, Gillen…»), eta azkenekoa paratu baino lehen beti agertzen dela oilarren bat kukurrukuka, lana geldiarazten duena. Zubiak beti harriren bat falta!


Atertu zuenean, zortziak bat (lau neskak eta lau mutilok), traineru bat ebatsi eta, arraunei gogotik emanez, itsasoan sartu ginen, ezkerrean Santa Klara eskuinean Urgull, neskek agindu zigutelako begien bistan agertu zitzaigun ortzadarra (hura bai, osorik) sortzen zen lekuraino ailegatuz gero, eltze eder bat izanen genuela sari, marmitakoz betea.


Hantxe gozatu genuen Kantabriako partian sekula ezagutu den galernarik gogorrena.

Nabarra aldizkariaren 43. zenbakian argitaratua, 2004ko urrian.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code