Mikel Taberna
«Ale, segi! Serbittu hoiekeri! Aber ze nahi duten». Horrelako zerbait erran izanen zidan amak, segur aski, lehenbiziko aldiz etxeko ostatuko mostradore gibelera bidali ninduelarik. Zenbat urte ote nituen? Zenbat behar dira botilari bi eskuekin kontu eta edaria basoaren barrenera botatzeko, kanpora deus isuri gabe? Hamar? Hamaika?
Mostradorearen bertze aldean bazen aulki luze bat, eta han jartzen zen jendeak ardoa edaten zuen. Ardo korrientea, gorria edo beltza. Gizonen begietako xurian bezala, kristalezko ontziak marra gorri bat izaten zuen erdi aldean. Hura baino pixka bat gehixeago bota behar izaten zen «txikitoa» erraten zitzaiona egiteko. Orduan pezeta bat kobratzen zen tamaina hori. Bat-batean herriko ostatu guzietan bi pezeta kobratzea erabaki zen egunean, jendeak hagitz gaizki hartu zuen. Orain petrolio upela edo etxebizitzak garestitu direla aditzen dugunean baino hagitzez makurrago. Bolada luze samarra eman zuten bezeroek marmarka. Baina nagusiak gogor, pausorik atzera eman gabe.
Eta ardoarekin batera pastel batzuk ere nahi izaten zituen jendeak zenbaitetan, fabrikatik bueltan, batzuk bertzeekin solasean lasai ederrean hasten baziren. «Mielanjel, ekarri paxintxi batzuk!», oihu egiten zidaten, eta nik, metalezko kaxa irekita, ipotxen titiburuak iduri zuten haietako eskukada batzuk botatzen nituen Van Berkel paratzen zuen pisura.
Bakazio denboran ere, goizean goiz altxatu behar izaten genuen laguntzera, gehienbat ama gure logelara koleran sartu eta, leihoak zabal-zabal ireki bidenabar, oihuka hasten zelarik erraten zeinen lotsagarri zen gu oraindik ere ohatzean egotea, inguruko baserri guzietako gure adineko neska-mutikoak aspaldi jaikiak eta batera eta bertzera ari ziren tenorean. Orduan ikusten genituen Bezerroko meategira joaten ziren langileak, Marie Brizard anisa edaten zutenak lurraren barrenetara sartu aitzinetik. Haien ondotik, ogi eske eta bertzelako mandatuetara etortzen ziren emakumeetako batzuk Kina-San-Clemente xurrupa bat hartzen zuten. Haiek ere, dudarik gabe, euren etxeetako meazulo partikularrean hasi baino lehen.
Zigarro pakete batzuk ere saltzen genituen, Celtas edo Ducados; baina, egia erran, zerbitzari lana aisa xamar egiten genuen, buruhauste handirik gabe. Jendeak ere ez baitzigun konplikazio izugarririk eskatzen, eta poliki moldatzen ginen.
Frigorifikoak nahasi zituen bazterrak edari kontu hartan. Armairu hozgarri hura etortzearekin hasi ziren bezeroak «Ardo hau epela ziok!» eta halakoak erraten, eta bertze jenero batzuk galdetzen ere bai. Udako egun beroetan zerbeza bihurtu zen guzien errege. Igandeetan, berriz, bermuta edaten zuten elizatik bueltan etortzen zirenek, ttanttarekin, edo bitter Cinzano, bertzela, eta haiek hotz egon behar zuten.
Alpeetan eta, oihanean ibiliak zirenek Ricard edo Pernod edateko txirrinta izaten zuten egun berezietan, eguerdi partean; konparazio baterako Santiago egunean (batez ere sargori suertatzen bazen), auzoko besta egun horretan egiten baitzen, zikiro jatera egun hartako eguzkia bezain bero joateko ideiarekin. Eta hura edateko horma puskaren bat behar izaten zen nahitaez. Hotzarekin berotu nahi!
Horrela joan ginen geure ofizioaren karrera ikasten (deiturak eratxiki zigun izan beharrari halabeharrez amore ematen: izena eta izana!). Denbora hartako bi egun gelditu zaizkit gogoan, haietan ostatua jendez zanpeteraino bete baitzen, eta bietan telebista (orduantxe ekarri berria) tartean zela: Urtainen lehenbiziko konbatea eman zuten igande eguerdia eta Massielek Espainiaren izenean (eta katalanez kantatu nahi izateagatik zigortu zuten Serraten partez) Eurovision irabazi zuen larunbat arratsa. Bietan normalean baino musika dexente gehiago aditu zen diruaren kutxan.
Gero kanpina paratu zuten guretik hurbil, Landazelaietan, eta arto landak ziren lekuan oihalezko etxolen auzoa agertu zen, sorginen batek makila magikoa dantzatu balu bezala (Manuel Fraga Iribarneren bedeinkazioa tarteko, orduan Francoren Gobernuko ministro de Información y Turismo baitzen). Ostatuko ate xaharrak bertze esku batzuen ukitua sentitu zuen, eta gure etxeko biltoki hura aurpegi, izaera eta mintzaira berriz bete zen, han izaten ginenon begi-buruentzat bazka goxo: Franz eta Horst tripaundiekin nork-zurrut-gehiagoka aritzen zen Ingrid alemaniarra, oportotan ito ziren senar-emazte flandestarrak, igande pasa etortzen ziren donostiar tropa… edo Bordeleko Veronique (bero-nik) bere bikini gorriarekin.
Orduko bezero haiek bezalatsu ikusi zaituztet nik hemendik, gibeleko ate honetatik, aldizkari jori honetan zerbitzari izateko gonbita hartu nuenetik, «Hi, Mikel, jar hadi hortxe eta bota letra ausarki!». Hementxe izan nauzue, txikitoak ateratzen hasi zen hamar-hamaika urteko muttiko haren atrebentziarekin. Hasieran, Jon Alonsorekin batera, aisaxeago, baina gero, hark uztearekin, lan gehixeagorekin. Nolanahi dela ere, gustura beti. Azkeneko honetara arte. Hauxe duzue nire hondarreko tragoa. Hau etxearen kontura, ze arraio!
Nabarrak segituko du. Horretan ez egin dudarik. Istorio ederragoak eta kontu jakingarriak nork ekarri ez da faltako. Eta ni mostradorearen bertze aldera pasatuko naiz, zuek zaudeten horrako aulki luze horretan jartzera. Mila esker hor izateagatik, eta berriz ere elkar ikusi arte. Izan bizkor!
Nabarra aldizkariaren 44. zenbakian argitaratua, 2004ko azaroan.
Mikel Taberna testuaren egilearen baimenarekin berrargitaratua.
Eskerrik asko, Mikel!
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
Mila esker, zuri, Exprai!
ErantzunEzabatuLuxua izan zen nire testuentzat zure irudien eta irudimenaren konpainia. Artista haundia zara!
Besarkada bat!
Mikel
A zer sorpresa!
ErantzunEzabatuEskerrik asko beti zuri, Mikel! Ohorea izan da blog xume honentzako zu bezalako "kolaboratzaile" bat fitxatu izana. Horrela bai!
Besarkada bat bueltan eta ongi izan! hemendik ibiliko naiz…