2011/09/28

Kupulak eta putasemeak


Kultura unibertsala izan behar omen da, batzuen ustez. Beste batzuk prezioa jartzearen alde ere agertzen dira. Eta beste batzuek ondare honen banaketa eta zabalkundea kudeatzeko aurkezten dute beren burua. Ni, presio eta prezioen gainetik kultura demokratizatzearen aldekoa eta elitizazioaren kontrakoa naiz. Prezio izan behar badu, adostuko dugu zein izan behar den, baina aukerek hor egon behar dute, guztion eskura.

Sortze lan baten garrantzia nork erabaki eta neurtzen duen oraindik misterio iluna da niretzat. Ulertzen dut irizpide komertzialak hortxe egotea kalera ateratzeko orduan. Baina kulturaren azokaren plazan alde batetik profetak eta bestetik gangster feniziarrak agertu eta aurrez aurre topo egin eta kultur jalea (zinefagoa, gure kasuan) erdian harrapatzen dutenean sortzen da arazoa.


Profetek egiaren berri ematen digute, irizpide bat edo besterekin. Merkatariek, aurrekoei kasu eginez edo egin gabe, beren postuak material zehatz batez betetzen dituzte. Betiere salmentei begira. Inoiz ez kulturaren gabeziei edo beharrei so.

Gerta daiteke, bestalde, profetak aldi berean feniziarrak izatea, edota gangsterrek beren burua kulturaren gurutzatuen gisa aurkeztea. Orduan, El Brujok El ingenioso caballero de la palabra bere ikuskizunean adierazi zuen bezalaxe, «kupula» osatzen duten putasemeen aurrean geundeke.

Eta horrek sutan jartzen nau.


Urteak daramatzat pelikula baten atzetik. Vida en sombras du izena eta garai batean telebistan ordu txikietan emanda grabatzea izan nuen. Ondoren, denok ezagutu dugun madarikazio kosmiko bati esker, lagun bati utzi eta arrastoa betirako galdu nion. Auskalo non dagoen orain. Nire ganoragabekeriaz galdu nuela onartzen dut, baina, munduan justiziarik izango balitz, beste bide batez aurkitzeko aukera izan beharko nuke.

Bost dauzkat (gutxienez) hura ez lortzeko arrazoiak eta bakarra inoiz eskuetan izatekoa.

Kontrakoak:
  1. Ez da pelikula komertziala. Komertziala, zentzurik zabalenean.
  2. Ez zen zirkuitu komertzialetan inoiz mustu.
  3. Zuzendaria (Lorenzo Llobet Gracia) ez da batere ezaguna (are gehiago, hau da egin zuen pelikula bakarra).
  4. 1948 edo 1952koa da (dataren kontua ez dago oso argi). Zinta zaharrak eskuratzeko oztopo gehiago izaten da beti.
  5. Zuri-beltzean egina da eta ez du inolako efektu berezirik.
Aldekoa:
  1. Eta bakarra. Estatu espainolean sekula egin den pelikularik hoberena da, askoren aburuz. Bere garaian besteen gainetik pasa zena.
Zinefilo apasionatu baten lan bakarra da, maitasunez, gogoz eta mimoz egindakoa. Llobetek bere bizitza, osasuna eta ongizatea hipotekatu zituen egitasmoa aurrera atera ahal izateko. Zinemagintzaren historia hurbilean ekoizpen independenterik izan bada, hau izan daiteke horren paradigma.


Nire haserrearen zergatia nahiko agerikoa dela uste dut. Horrelako maisulan bat zabor koloretsuaren artean galtzea lotsagarria iruditzen zait. Gehien sutzen nauena, ordea, zera da: pirateoari esker kopia bat lortuko banu, Interneten edo beste edozein tokitan, sasikultureta batzuk ni errudun sentiarazten saiatuko zirela ez dakit ze egile-eskubideren izenean.

Kulturaren izenean araudi berriak bultzatu dituzte, musika, literatura eta zinema babesteko, horiekiko inolako errespeturik ez dutenek. Tanga batzuen pare jarri dute sortze lana. Edozein detergenterekin alderatu daiteke ematen dioten balioa. Zergatik balio du gaur 6 euro duela lau hilabete 20 balio zuenak? Hori al da errespetua?

Beren helburu bakarra liburuak, diskoak eta pelikulak babarrunak bezala saltzea baldin bada, ez dezatela negarrik egin ahalik eta merkeen lortzen saiatzen bagara, haiek merkatu baino lehen. Beste era batera esanda, haien kontu liburuek bigarren txandan jarritako prezio merkea jasan badezakete, zergatik onartu behar dugu guk aurreneko prezio garestia?

Eta korapilo honetan berriro ere aurretik atzera eginez, kultura unibertsalaren izenean lan egiten badute, zergatik ez berreskuratu katalogoetatik erbesteratu dituzten izenak gutxieneko dibisakrifizio bat eginez, betiere azken estreinaldiekin euren ekonomia ustel hori orekatuko dutela jakinda? Azken finean, aurretik egindako lana da eskatzen diedana (eta pentsatu nahi dut ez naizela bakarra) eta material zaharraren kopiak egitea ez da berria sortzea eta kaleratzea bezain garestia.

Rewind botoia berriro sakatuko dut, ea oraingoan bilatzen dudan guztia aurkitzen dudan
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Bideoan pelikularen hasiera dago bakarrik.
Osorik eskuratzeko, hemen


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code