2011/09/14

Marmotaren eguna


Uste nuen atzera begiratzea ariketa hutsa zela. Batzuetan osasungarria, beste hainbestetan arima eta psikearen ahuleziaren sintoma. Tarte honetan sarritan egiten dudan gauza da, nolabaiteko apologiak eginez, oroimenaren zulo beltzean ahaztutako irudiak berreskuratu nahian.

Uste nuen déjà vu deitzen diogun sentsazio errepikakor hori Matrixen akatsen ondorio zela. Bizi dugun makinen aroan, aurretik atzera eta atzetik aurrera libreki salto egiteko modu kontrolaezina.


Uste nuen erlojuaren orratzek aurrera egiten zutela kolpe bakoitzean. Eta atzeratzen zirenean ere, ez zirela benetan atzeratzen, motelago aurreratzen baizik.

Uste nuen estreinaldiak aurretik ikusi ez ditugun pelikulen zerrenda zirela. Istorio berriak kontatuko zizkigutela, modu desberdinez, pertsonaia ezezagunekin.

Oker nengoen
nonbait.

Bill Murray-ren pertsonaia bezala, ohetik altxatu eta ezer berririk ez dagoela uste dut. Egunero duela hamar, hogei, berrogei urteko tituluak berriro ikusten ditut karteleran. Eta hasiera batean gozamenerako aukera izan zitekeena, mesfidantza eta nazka bihurtu da.

Oroimenaren perbertsioa eta nostalgiaren prostituzioaren aurrean, edozein prezio garestia iruditzen zait. Plastikozko imitazio merkeak ez dira inoiz benetako loreen pareko izango, eta disekaturiko izakien begiek ere ez dute bizi direnen zirrara bera edukiko.

Remake-aren politika hau ulertezina egiten zait, nahiz eta nire barnean arrazoiak ederki asko ulertu. Diru gehiago mugitzen du Steve Martin-en Clouseau inspektorearen desastre berri kaxkar batek, Peter Sellers-en ikertza zaharrak ezagutarazteak baino. Milioi gehiagotxo ekarriko ditu Dennis Quaid-en Phoenix hegazkin modernoak, James Stewart-en traste zaharkituak baino. Seguruenik, Jude Law Michael Caine baino guapoago izango da Alfierena egiten, baina ez du inoiz bere klasea ezagutuko. Merezi al du topiko kaxkarrez beteriko istorio bat egiteak Spencer Tracy, Katharine Hepburn eta Sidney Poitier hirukotearen topatzeari buelta patetiko bat emateko?



Irudimen eta sormen apustuentzat tokirik ez, bistan denez. Hobe seguru jokatzea eta gehiegi ez arriskatzea. Bitartean, negar egin dezatela nahi adina, zinema hiltzear dagoela esanez, beti ere Internet, kopiak, telebista eta bideokluben erruz.

Barkatuko didate produkzioetxe handiek (edo ez, niri bost), baina nire hautua gero eta argiago daukat. Hau baldin bada eskaintzen diguten zinema, niregatik goian bego. Edo zabortegian. Eta bestalde, nahiko lan daukat ni jaio baino lehenago egin ziren lan onak ezagutzen eta arakatzen.

Zirkuitu eta politika horietatik kanpo egiten den zinemak orain arte iraun badu, bere tartea izaten jarraituko du seguruenik. Beldur gutxi. Musikarekin gertatzen den bezala, gangster horiek negar gutxiago eta lan gehiago egingo balute, askoz hobe.

Errespetu pixka bat. Kobratzen dutena kontuan hartuta, ezin zaie gutxiago eskatu
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code