2011/09/21

Marmotaren eguna


Uste nuen atzera begiratzea ariketa hutsa zela. Batzuetan osasungarria, beste hainbestetan arima eta psikearen ahuleziaren sintoma. Tarte honetan sarritan egiten dudan gauza da, nolabaiteko apologiak eginez, oroimenaren zulo beltzean ahaztutako irudiak berreskuratu nahian.

Uste nuen déjà vu deitzen diogun sentsazio errepikakor hori Matrixen akatsen ondorio zela. Bizi dugun makinen aroan, aurretik atzera eta atzetik aurrera libreki salto egiteko modu kontrolaezina. 

Uste nuen erlojuaren orratzek aurrera egiten zutela kolpe bakoitzean. Eta atzeratzen zirenean ere, ez zirela benetan atzeratzen, motelago aurreratzen baizik.

Uste nuen estreinaldiak aurretik ikusi ez ditugun pelikulen zerrenda zirela. Istorio berriak kontatuko zizkigutela, beste modu batean, pertsonaia ezezagunekin.

Oker nengoen nonbait.

I’ve got you babe… entzun eta sentsazioa borobilduko litzateke. Honaino iritsi baldin bazara, irakurle fidel hori, konturatuko zinen hau ez dela duela hilabete irakurri zenuen artikulu bera.

Niretzat ez zen dei baten bitartez (kasualitatea, patua edo planeten konjuntzioa?), Juan Kruz Lakastak jakinarazi dit marmotaren egunaren kontzeptua gai errepikaria izan dela azken asteotan hainbat idazki analogiko zein digitaletan. Eta hari horri tiraka, hementxe dago berriz ere txoko hau betetzen, gaurkoan ideia beraren erroetara jotzeko asmoz.

Beste komedia askorekin gertatzen den bezalaxe, Groundhog day (Harold Ramis, 1993) ez zen behar bezala baloratu bere egunean, komedia xume bat izateagatik. Pena da, bestalde, Bill Murray komediako aktoreak drama egin behar izatea (Lost in traslation –Sofia Coppola, 2003–, adibidez) errespetu pixka bat lortzeko, baina hori beste kontu bat da.

Groundhog day (edo Atrapado en el tiempo, Hegoaldean) originaltzat jo zuten askok bere momentuan (publikoaz ari naiz, zeren kritikak ez zion kasu handiegirik egin), baina berez istorioa ez da berria. Sarritan mito klasikoek elikatzen dituzte gidoiak, eta film horretakoak Prometeoren zigorra zuen oinarri. Prometeok jainkoen sua lapurtu eta gizakiei zetorren dilubioaren berri eman ondoren jaso zuen zigorra zera zen: harri bati lotuta, arrano batek gibela jaten zion egunero, gibela gauez birsortzen zen bitartean. Sisiforen harria ere izan daiteke iturria. Berdin dio. Eternaleko tortura da muina.


Prometeoren kasuan injustiziak zigorra eragiten badu, Ramisen filmean justiziak Phil Connorsen erredentzioa bideratzeko ezartzen duen neurria da. Salbazioa ez da, ordea, erraza izanen eskrupulorik gabeko egolatra batentzat, egoera berria bere probetxurako baliatzen duen neurrian. «Jainko bat naiz. Ez Jaungoikoa… Tira, ez dut uste» esango du momentu batean bere «botereaz» jabetzen denean.

Gidoi borobileko pelikula, barrea bilatzean ikuslea pertsona normaltzat eta ez inozotzat hartzen duena. Klasiko moderno bat. Eta badirudi denborak gauzak bere tokian jartzen dituela, noizean behin. Eta beste dohain batzuen artean, hilabete honetan lan herena erraztu didan komedia ahaztezina.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code