2011/10/11

De rerum natura, iure proprio

Komikizaleok sufritu behar dugun etiketaren zamak superheroien eta abiadura handiko pornografia eskasaren kontsumoarekin lotzen gaitu sarritan. Zorionez, geure burua zuritzeko aukerak agertzen zaizkigu noizean behin komikien eskaintza murritzean. Zeren eta frikien hutsune estetiko moralak betetzeko komikiez gain badira egarri eta gose desberdinak asetzeko gai diren lanak ere.

Eskuetan daukat De rerum natura tira bilduma. Ezin objektiboki ezer esan honi buruz, aspalditik Zaldi Eroa nire guru espirituala baita. Nire argia. Nire iparrorratza. Ezin distantziarik mantendu, barregarria, zorrotza eta guztiz erreala eta hurbila ez ezik hunkigarria iruditzen zaidalako haren lana. Ehunka tira irakurri ondoren, ziztada berezi bat sentitzen dut egunekoa irakurtzean. Jenialtasunaren aurrean sentitzen dena. Inspirazio zoriontsuak eragiten duen miresmena. Badakit, gainera, egileak, bere umiltasunean, ez duela holakorik onartuko. Berdin zait. Denborak eta egiak bakoitza bere tokian jarriko dute. Dudarik ez.

Behin eta berriz irakurri dut liburuxka, buelta bakoitzean ziztada berriak nabarituz. Eta sentimendu bat areagotzen zait barnean. Handitzean Zaldi Eroa izan nahi dut. Inbidia diot. Inbidia sanoa, inbidiak sanoa izaterik baldin badu behintzat.

Zaldi Eroa, Xabier Larraburu, Patxi Huarte. Hiru pertsona eta artista bakarra. Aldizkari honetan egiten duen ekarpenak hilabetean behar dudan zen momentua eskaintzen dit. Irribarre bare batez zinez eskertzen dudan parentesi goxoa. Poesia grafikoaren eta ezpala zorrotzaren neurrigabeko apologia eginez jarrai nezake, baina, nire hitzak hutsaren pare geratzeaz bestalde, konturatu naiz zinemarekin zerikusi gutxi duela gai honek.

Akrobazia semiotikoak eginez, komikia eta zinema lotzea ez litzateke zailegi izan beharko. Lengoaiak direla-eta antzeko potolokeriak erabiliz, esan nahi dut. Aupa Etxebeste!-ri esker euskal zinemaren (zinema euskaldunaren) berragerpenaz ari garen egun hauetan, tontakeria bat esan nezakeen De rerum natura honen zinemarako egokipenari buruz. Ez da halakorik inoiz gertatuko, film luzea ez baita formaturik egokiena dosi txikietan (antzeko dituen lurrina eta pozoinaren antzera) aurkezten den lan honetarako.



Hala ere, eta azken bolada honetan komikietatik pantailara jauzia egin duten tituluen artean pare bat aukeratzekotan (superheroien iturria bazterrean utzita), American Splendor (Shari Springer Berman eta Robert Pulcini, 2003) eta Sin City (Robert Rodríguez eta Frank Miller, 2005) aipatuko nituzke. Atzerago begira, Road to Perdition (Sam Mendes, 2002), From Hell (Albert eta Allen Hughes, 2001) eta Ghost world (Terry Zwigoff, 2000).


Eta adi egon datorren urteari, zeren eta, superheroien uzta oraindik amaitu ez bada ere, komikizaleok James McTeigue burutzen ari den V for Vendetta, Alan Mooren klasikoaren moldaketa, ikusteko irrikan gaude.


Bitartean, eta Gizon Jakintsuak hala gomendatu ez arren, zaindu zuek ere ergatiboa.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau,
De Rerum Natura bildumaren 1. liburua atera berri zenean.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code