Saddamen armada gatibu eta desarmatuta, mundua libreago omen da, Bush txikiaren esanetan*. Eta mingainean ez bazuen, buruan zuen ideia hori. Nabarraren irakurle finarentzat ez da erraz sal daitekeen txekorra aurreko planteamendua. Askatasunaren kontzeptua eta hura bera ulertzeko era aldatu dira, eta horrekin batera bere gabeziaren aurrean erantzuteko moduak. Askatasun ezaren marmarra aho-belarri doa, belarriak erretzen dituen zurrumurru deserosoaren gisan. Gure begien aurretik kutsadura bezala pasatzen da, ikusi gabe, baina arnasbideak ito eta begiak gorrituz. Min egiten digu, baina ohitu gara. Zentsura formalaren balizko gabeziak, gainera, guraizerik zorrotzena dakar: autozentsurarena. Statu quo deseroso honetan postura hartu dugu eta gauza gara fakirren eran kristalen gainean lo lasai asko egiteko. Irudimenak maletak egin eta nora esan gabe alde egin du.
Itxuraz, nahi duguna egiteko aske gara, eta eskerrak eman behar dizkiogu ez dakit nori. Ezin dugu, ordea, nahi duguna lasai esan. Garai batean, horren libreak ez ginenean, ez zegoen edozein gauza egiterik, baina zirrikituak irekitzen zituzten batzuek nahi zutena ahal zen moduan esateko. Irudimenak zentzu bat, funtzio bat, zuen. Helburu bat.
Ikuskizun saileko pelikulek indarra galdu dute, kasu gehienetan, indarra izateko asmorik inoiz izan bazuten. Alferrik da mezu iraultzailerik bilatzea haiengan. Asmoa probokazio hutsa dutenek ere nekez lortzen dute helburua. Gure gizartearen gabeziak agerian uzteko haien lelo zuhurrena (ikus South Park, edo Torrenteren trilogia**, adibidez) caca-culo-pedo-pis bada, jai dugu.
Zentsuraren itzala luzea eta batez ere pisuduna zenean, Hays kodearen garaietan Hollywooden eta frankismo gordinaren gau ilunetan Espainia aldean, irudimena zen sortzaileen armarik preziatuena, eraginkorrena. Eta egun ere, kritika zorrotzenak –kualitatiboki sistemari emandako zaplaztekorik gogorrenak– aurkitzeko, garai haietako filmetara jo behar dugu. Eta orduko egileetara. Batzuk boteprontoan aipatzekotan:
Billy Wilder. Gizartearen baloreak eta konbentzioak zorroztasunez, maltzurkeriaz eta ozpinez hankaz gora jartzen paregabea. Maltzurrenak: Ace in the hole/The big carnival (1951), The seven year itch (1955), The apartment (1960), One, two, three (1961), Irma la Douce (1963), Kiss me, stupid (1964), The fortune cookie (1966), Avanti! (1972), The front page (1974).
Marco Ferreri. Honako bi hauek gaur eginak direla dirudite. Imajina itzazue beste arropa, orrazkera eta hizkera batzuekin: El pisito (1959), El cochecito (1960).
Luis García Berlanga. Gaiztoa, maltzurra eta, era berean, sentibera eta etsitua. Rafael Azcona gidoilariarekin bat egiten zuenean, bikote pozoitsua osatzen zuten. Espainiar gizartearen hipokrisiaren eta miserien erradiografia iluna, gordina eta gupidagabekoa egin zuena. Bienvenido Mister Marshall (1953), Esa pareja feliz (1953), Novio a la vista (1954), Calabuch (1956), Los jueves, milagro (1957), Plácido (1961), El verdugo (1963), Tamaño natural (1974).
Eta zer esan Lubitsch, Welles, Kubrick, Buñuel, Chaplin, Hitchcock bera, Tati eta beste askori buruz? Hortxe daude, zuen eskura, panfletoan erori gabe gauza asko gogor esan daitezkeela erakutsiz. Gizartea aldatu denez, ezin dugu kritika duela 50 urte zuen maila berean mantendu. Pittin bat haratago joan beharko litzateke, ezta? Baina, horretarako, irudimena, gogoa eta zorioneko pozoi tanta batzuk ezinbestekoak dira.
Ah, barkatu, soluzioren bat eman behar al nuen? Tarterik gabe geratu naiz.
*Kontutan izan testu hau 2006ko urtarrilean argitaratu zela.
**Bai, orain lau dira.
**Bai, orain lau dira.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina