2011/10/26

Pelikula ‘hasi aurretik’


Agatak (eta harez gain beste hainbat jendek) esan izan dit behin baino gehiagotan badirudiela pelikula guztiak gustatzen zaizkidala. Seguru aski pelikula gehienetan aurkitzen dudalako gustuko zerbait, naiz eta berez zinta ustela izan bere osotasunean. Egia da orain arte gutxitan damutu naizela sarrera ordaindu eta gero. Batetik, aldez aurretik jakin edo nolabait suposatzen nuelako zer aurkituko nuen argiak itzaltzean, eta bestetik, seguruenik suerte izan dudalako (kristoren suertea daukat). Intuizioaren arabera jokatzeak, bestalde, aukera dezente galarazi izan dizkit, ziur nago. Baina horretarako daude lagunak eta haien aholkuak, despistean galdutakoak begien aurrean jartzeko.

Haserretu izan naiz batzuetan, ez pentsa. Gogoratzen dut, adibidez, Funerària independent (2002) izeneko pelikula. Mallorcako lagun talde batek egina, oso diru gutxirekin. Hari buruz inori ezer entzun ez eta kartelaren diseinu ederrak erakarrita (horretarako baitira kartelak) sartu nintzen.
Engainatu ninduen, kartelak
Kredituekin batera agortu zen pelikularena (kreditua, esan nahi dut). Inpresio ezin hobea sortu zidaten tituluak pasa eta hortik aurrera dena maldan behera joan zen, ni aretotik joan arte. Bizitza osoan zinetik atera naizen aldi bakarra izan zen hura. Itsusi mortala benetan. Baina tituluak, hasierako lauzpabost minutu haiek, zoragarriak izan ziren. Zoragarriak maisu baten lana omentzen zutelako, konplexurik gabe. Kartelean eta kreditu tituluetan. Haren izena, Saul Bass.

Batzuek ezagutuko duzue Saul Bass (eta ez zarete gutxi izango). Gehienok, beharbada ez, nahiz eta bere lanak sarritan txundituta geratu pelikula hasi aurretik. Jende askoren iritziz, tituluak agertzen diren denbora tarte hori ez da pelikularena. Bassek, ordea, harrituta ikusten zuen nola metrajearen lehenengo hiruzpalau minutu haiek alferrik galtzen ziren, istorioaren sintesi bat, sarrera bat edo metafora bat aurkezteko aukera paregabea zegoelarik.

Bauhaus eta errusiar konstruktibismoaren eskolen itzalean, Saul (Elaine bere emaztearen laguntzarekin) diseinugile aritu zen eta zinema kartelaren kontzeptua irauli zuen. Izarren derrigorrezko argazkiak desagertzen ahal zirela erakutsi zuen eta alternatiba ausartak eskaini zituen. Eta, hortaz, 1954an Otto Premingerren Carmen Jones musikalaren kartela egin zuenean, hain pozik geratu zen zuzendaria, ezen kredituen diseinua ere proposatu ziola.

Hortik aurrera, etengabeko esperimentua izan zen bere jardunbidea. Puntako zuzendariek bere kolaborazioa eskatzen zuten, pelikulari beste balio bat gehitzen ziola jakinki. Bere bezeroen artean, aipatutako Otto Preminger, Alfred Hitchcock, William Wyler, Stanley Kubrick, Stanley Kramer, Robert Wise, John Frankenheimer, Robert Aldrich, Billy Wilder, Ridley Scott, Martin Scorsese… Zein pelikulatan? The seven year itch (1955), The Man with the golden arm (1955) –betirako ospea emango ziona–, Around the world in 80 days (1956), Vertigo (1958), Anatomy of a murder (1959), North by northwest (1959), Psycho (1960) –honetan story board-a egin zuen, eta badirudi dutxaren eszena harenagoa dela Hitchkokena baino–, Ocean’s eleven (1960), Spartacus (1960), Exodus (1960), West Side story (1961), It's a mad, mad, mad, mad, world (1963), Alien (1979), Broadcast News (1987), The war of the Roses (1989), Goodfellas (1990), Cape Fear (1991), The Age of Innocence (1993), Casino (1995)… pare bat aipatzearren. 1996an hil zen eta oraindik, hainbat kasutan, bere lanak ondoren zetorren filmak baino pisu handiagoa du ikusleen memorian.




Hain da luzea bere itzala, bere lana etengabe kopiatua eta omendua den: La Comunidad (2000), Monsters, Inc. (2001), Catch me if you can (2002)…



Behin irakurrita, atal honen ekarpen xumea denboran galtzen da gehienetan, baina oraingoan helbide bat emango dizuet Basstarren arteaz gozatzeko puntu honetara iritsi eta gero.

Ez horregatik.


Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code