2011/10/05

Telefono dei bat


Aspaldian ez bezala, gaur bertan norbaitek zer moduz nagoen galdetuz gero, ‘pozik’ erantzungo nuke zalantza izpirik gabe, inguru hurbileneko azken gertakariek horixe sinestarazten didatelako, nahiz eta berme ahuleko baieztapena den jakin. Zoriontasuna existitzen ez delakoan nago, une eta bolada zoriontsuen maiztasunak eragindako ilusioa besterik ez dela.

Horietako une zoriontsu baten erdian berreskuratu nuen lehengo egunean 1980ko film bat. Fernando Truebaren Ópera prima (Iparraldean, Cousine, je t’aime izenekoa). Erabat inoiz ahaztu ez dudan pelikula eta nire memoria pertsonalaren ezinbesteko osagarria izan dena. Noizean behin horri beste bueltaxka bat ematea gustatzen zait, beharbada denak bere tokian jarraitzen duela ziurtatzeko, fikziozko errealitatea eta egiazko alegiak elkartzen diren bidegurutzean.


Lagunartean iritzi kontrajarriak agertu izan zaizkigu Ópera primari buruz aritu garenean. Batzuek txorakeria hutsa dela eta zaharkitua dagoela uste dute. Ez dut ezetz esango. Besteok eternaleko gaiak agertzen dituela eta oso komedia entretenigarria dela defendatzen dugu. Hori ere ez dut ukatuko. Nire aburuz, lotura afektiboa da objektiboa baino gehiago, baina ez dut uste hori inolako bekatua denik. Azken finean, ez al dugu, ba, nolabaiteko identifikazioa bilatzen pantailaz bestalde? Ba, ni Matíasekin eta bere gorabeherekin identifikatzen naiz. Zergatik, ez nuke esaten asmatuko, baina oso jatorra iruditzen zait, etengabeko hitz jario horrekin.

Ópera prima Truebaren lehen lan luzea da, baina baita Matíasen (Oscar Ladoire) eta Madrilgo Operaren plazan bizi den bere lehengusina Violetaren (Paula Molina) maitasun istorioa ere. Gaztelerazko hitz joko horren atzean, artifizio gutxi eta pirotekniarik ez. Woody Allenekin betirako zorra duten elkarrizketak eta Billy Wilder eta Ernst Lubitsch gogora ekartzen dituzten hainbat pasarte baizik. Ez da asko behar asko eskaintzeko. Frustrazioa, jelosia, obsesioak, noragabekeria… baina baita bizi-poza, pasioa eta maitasuna ere, ironia, sarkasmo eta ozpin tanta batzuek lagunduta. «Maite zaitut» inoiz esaten ez den amodiozko pelikula hau hizketaldietan eta argitu gabeko sentimenduetan oinarritutako pertsonaia istorioa da.



Barazkijaleak eta haragijaleak, inoiz borobildu ez zen iraultza baten nostalgikoak eta Machu Picchuko Eguzkiaren Festara doazen neo-hippiak, literatura eta best-sellerrak, dibortziatu berriak eta hedonista praktikoak, Sartre, Henry Miller, Ingmar Bergman, intzestua, Eraztunen Jauna, ardoa eta esnea, inpotentzia eta pornografia… Denek bat egiten dute unibertso txiki horretan, non bakoitzak bere zorion propioa bilatzen duen: bidaietan, musikan, sexuan, arrakastan edota errutina goxoan.

Matíasen telefono dei batek laburbildu eta azaltzen du plano estatiko, goxo eta bakar batean zoriona izan daitekeenaren susmo hutsa. Pelikula batean inoiz ikusi dudan telefono deirik politena da. Horregatik bakarrik merezi du. Eta halako dei bat egiteak, are gehiago. Egizu proba
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code