2011/11/09

Askatasuna deserosoa da

Giza Eskubideen Kartak hala dio. Munduan diren konstituzio guztiek baieztatzen dute. Guztiok berdinak omen gara. Ongi ba. Baina eskubideez ari zirela uste nuen. Mundua kontrolatzen duen mafiak, berriz, uniformizazioa berdintasuntzat saltzen digu. Garesti, gainera. Ez naiz globalizazioaz hitz egiten hasiko. Horretarako, apunteak errepasatu. Edo ondokoari oinarrizko bibliografia eskatu.

Jendeaz ari naiz. Pertsonez. Jendea multzoa da. Pertsonak, multzo hori osatzen dugun aleok. Atomoak. Atomoen artean haizerik edo hutsunerik ote dagoen filosofo grekoen kezka zen. Edo omen. Galdera zein zen ez dakit eta erantzuna zein den ez dut ezagutzen. Baina pertsonen artean gero eta haize gutxiago nabaritzen dut. Urrunago gaudela diote batzuek, eta nik, hara non, gero eta gertuago gaudela uste dut.


Galdetu edonori ea nolakoa den. Seguruenik bere lagunen laguna izango da. Lotsatia hasieran, baina, konfiantza hartuz gero, izugarri jatorra. Zinema, musika eta lagunekin ateratzea gustatuko zaio zalantza izpirik gabe… Ah, badakizu nortaz ari naizen. Banengoen ba…

Ofiziorik, suerte pixka batekin bai (kontratuarena ez aipatu, baezpare), baina afiziorik ba al du horrek? «Ez dizut esan ba? Zinema, musika…? Badakizu». Baina afizio ala denbora-pasa dira horiek? Agian kirola egiten duela esango dizu. Kirola. Agatak (azkarra bezain zorrotza da Agata) esan zidan behin kirola zaletasunik ez dutenen afizioa dela. Beren denborarekin zer egin jakin ez eta korrika hasten direla… Run, Forrest! Run!

Afizioa bide zaila eta aldapatsua da. Denbora eta dedikazioa eskatzen du. Gogoa behar da. Lana eta esfortzu minimo bat eskatzen ditu. Horregatik edozein zale hiruzpalau metroko distantziarekin pertsonalitate obsesibotzat hartzen da. Errazagoa da (baita erosoagoa ere) norberaren zaletasuna beste baten esku uztea. Telebistak, irratiak, prentsak eta haien atzeko publizistek esango digute zer den gustatu behar zaiguna. Zein den ezinbestean gustatu behar zaigun musika taldea. Ze liburu irakurri behar dugun lagunen aurrean kulturetak bezala agertzeko. Ze pelikula ikusi behar dugun faltarik gabe.

Agian geure kabuz ere egin genezakeen bide hori, beharbada puntu berera heltzeko, zergatik ez? Baina bitartean nahikotxo saltseatu behar da. Hura eta bestea aztertu, bazterrak arakatu, egile batetik bestera salto egin… Ufa!

Batzuetan, asko ibili ondoren, interesgarria den zerbait aurkituko dugu, eta hortik aurrera dena kateatua doa. Egile beraren lan gehiago bilatu ditzakegu, edota bere kolaboratzaile, maisu edota ikasleenak. Mauka da.

The treasure of the Sierra Madre (John Huston, 1948) ikusi duzuenok badakizue zer esan nahi dudan. Bilaketaren zirrara… Aztarnei jarraitu eta bat-batean, altxorrarekin topo egitea… Altxorrik preziatuena hauts bihur daitekeela ahaztu gabe. Obsesiorik gabe. Baina pasioz.



Stephen Frearsen High Fidelity (2000) horretan agerian eta pil-pilean dagoen pasioa. Sormenaren munduak eskaintzen dituen fruituak ikuspegi zabalez gozatzeko plazera. Aurreiritziak baztertuz. Iritzi propioa landuz. Uzta ugaria baldin bada, zergatik mugatu zaporeen aukera?



Tristea litzateke izaki programatuak izaten amaitzea, Anthony Burgessen The clockwork orange nobelan edota izen bereko Stanley Kubricken pelikulan (1971) bezala. Askatasunik gabeko objektuak (ez-subjektuak) izaten. Denbora kontua izan daiteke, baina erritmoa mantsotzen badugu, guztiontzat hobe. Berdinak izan gaitezke (hala bedi). Klonikoak, inoiz ez. A ze aspergarria!


Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code