Benetan erakarri eta zinera 6 euro gastatzera gonbidatzen nauen aukera gutxi agertzen zait azken honetan. Eta bakarrik joatea gustuko dut, ez pentsa… Konpainiaz baino gehiago tituluez ari naiz oraingoan.
Itxaropen handiz joan nintzen Good night, and good luck (George Clooney, 2005) ikustera. Itxaropena dezepzio bihurtu zen, ordea. Inuxenteegia egin zitzaidan bere planteamenduetan. Ez aspergarria, baina bai erdipurdikoa eta bigunegia. Kazetaritzaren mixeriak agertu nahi, baina benetako zaplaztekoa emateko ezin indarrik egin. Lana borobiltzeko nahikotxo falta zaio Clooneyri.
Ez dakit zerk bultzatu zuen Clooney pelikula zuzentzera. Ez dakit umiltasunez edo harrokeriaz egin zuen ere. Beharbada, istorioaren gaia nahikoa zela eta salaketa-lan erakargarria egingo zuela pentsatu zuen. Asmo potoloegia, agian. Edo gainditu beharreko konplexu gehiegi. Momentu honetan, niri, ez zait batere axola.
Konplexurik ez duena, ordea, Lars Von Trier da. Ez ditut tronpetak jotzera deituko, zeren ezingo nuke bere filmografia osoa indar berdinarekin defendatu. Baina onartu behar dut bere pelikulei asmo bat igartzen zaiela, gainontzekoen gainetik nabarmentzen dituen zerbait. Azken finean, egolatra hutsa izanik eta bere burua jeniotzat hartuta, daniarra ez da edozein emaitzarekin konforme geratuko. Sikiera hori gutxieneko bermea da niretzat, eta jakin-mina pizteko nahikoa.
Europa (1991) ikusi nuenean, txundituta utzi ninduen. Hipnotikoa egin zitzaidan. Orain, denborarekin, beste modu batez ikusten dut, egia da. Hala ere, egilearen ausardia ukaezina da. Bai teknikoki, baina baita narratiboki ere. Kasualitatez egin nuen topo telebistan, ordu txikietan, Forbrydelsens element (El elemento del crimen, 1984) bere opera primarekin. Hainbat gauzatan traketsa, baina bere itzalean ezkutatzen zen zerbait gehiago iragartzeko gai.
Ondoren etorriko ziren Breaking the waves (Rompiendo las olas, ederra eta lazgarria, barkamenik ez duen amaiera batekin, 1996), Idioterne (Los idiotas, Dogme 95 manifestuaren agindua zela-eta sinatu gabekoa, 1998) Dancer in the dark (edo nola indar geldiezin batek harresi txikitu ezineko batekin talka egiten duenean ez duen zertan hondamenik eragin, 2000), Dogville (ikusten ez diren mugen arriskua agertzen duena, 2003) eta Manderlay (ikusi gabe dudana, 2005). Bakoitzean buelta bat gehiago. Bere obra unibertsitateetan ikasgai bihurtzeko, berak nahi duen bezala, zarata egin behar du. Horretarako, efektu kolpeak bisionario iraultzaile baten inspirazioaren fruitutzat aurkeztu izan ditu, Dogme 95 manifestuaren kasuan bezala. Batzuentzat zinezko deklarazio bat, beste batzuentzat txantxa hutsa, edota boutade galanta.
Edozein kasutan, eskertu egiten dut noizean behin norbaitek horrelako gogoak jartzea pelikula bat egiteko orduan. Larderia, harrokeria edo pretentsioagatik bada ere ez du behintzat nolanahi egingo. Manderlay bere azken lana (Dogvilleren ondoren AEB, aukeren lurraldea trilogiaren bigarren atala dena) nire itxaropenak asetzeko gauza izango dela pentsatzen dut.
Hori dela eta, gau kaxkar bateko suerte txarra ahazteko, erreferentzia zuzenik gabe, ezer jakin gabe, Manderlay ikustera joango naiz.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina